Asteazkenean danborradako taldeen batzarra izango da

Uztarria 2006ko urt. 31a, 18:01

Besteak beste, aurtengo sansebastienen inguruko balorazioa egingo dute

Danborradan parte hartu nahi duten talde berrientzako izen-ematea ere zabalduko da

Bilera, 20:00etan udaletxeko areto nagusian izango da

Udal Festa batzordeak deituta asteazkenean, otsailaren 1ean, danborradako taldeen batzarra izango da. Aurtengo Sansebastian jaien inguruko balorazioa egingo dute bertan. Batzarra, udaletxeko areto nagusian 20:00etan izango da.

Mikel Ibarzabal, Udaleko Festa Batzorde Buruak adierazi dionez Uztarriari bilerako egitaraua honakoa da: "aurten egin diren entseguen inguruan danborrada taldeek duten iritzi jasoko dugu. Izan ere, aurten entseguak ohi baino gehiago izatea ondo edo gaizki etorri den eta taldeak zer moduz sentitu diren toki berrian, Izarraitz pilotalekuan jakin nahi dugu".

Bestetik, San Sebastian bezperan bi talde hitzordua baino beranduago iritsi ziren danborradari hasiera ematen zaion lekura. Honek azken orduko presak sortu zituen eta horren inguruan ere mintzatuko dira asteazkeneko bileran. San Sebastian egunez, aurten estreinekoz bi talde ibili dira herriko kaleetan daborra jotzen. "Jendearen aldetik oso harrera ona izan zuen San Sebastian eguneko arratsaldeko danborradak; auzoetako bizilagunek eskertu zuten. Datorren urtera begira taldeak arratsaldez irteteko prest dauden ere hitz egin beharko dugu", dio Ibartzabalek.

Talde berrientzako aukera

Aurten, otsailetik abendura bitartean, danborradan parte hartu nahi duten talde berrientzat izen-ematea irekiko da. Momentuz, talde bakarrak egin du eskaria; Izarraitz-Txoko errebaleko elkarteak. "Zenbat talde gehiagok emango duen izena ez dakigu. Duela urte batzuk beste elkarte batek ere eman zuen izena, epez kanpo ordea. Eta aurrera begira talde berri gehiago sortzeak ekarriko duen plazako leku faltaz eta abarretaz hitz egin beharko da bileran" dio Ibartzabalek.

Talde berri hauek 2002an jarritako arauak betetzen badituzte, datorren urteko, 2007ko Sansebatianetako danborradan atera ahal izango dira.