Jokin Uranga: "Jendearen aldetik oso baloratua sentitu naiz txapelketa honetan eta horrekin oso pozik nago"

Gaztesarea 2006ko urt. 31a, 16:01

Gaztesarea.net , 2006ko Sareko Argia Saria jaso berri duen webgunean Jokin Uranga bertsolari azpeitiarra elkarrizketatu dute

Jokin Uranga Txapelketa Nagusiko finaletik puntu bakarrera geratu zen. Hala ere, gustura da txapelketan jaso duen babesagatik. Bertsoa, bertsozaleak eta bertsolariak aztertu ditugu berarekin.

Noiz hasi zinen bertsotan? Zergatik edo nolatan?

Ba familian aspaldian egon zen batenbat bertsotan egiten zuena baina, niri ederra iruditu zait beti eta aditzea gustatzen zitzaidan. Ni 14 urterekin hasi nintzen bertso eskolan eta gero handik eskolarteko txapelketatan eta horrelaxe! Orain dela 11 urte! Ostia uste nuen gutxiago zela!

Gaur egun zein da zure lotura bertsolaritzarekin?

Bertso eskolan umeei klaseak ematen nago orain. Gipuzkoako bertsozale elkartetik ari naiz lanean hainbat ikastetxetan; hasi Aizarnazabaldik eta Zumarragaraino. Hemengo ikastetxe denetan ematen ditut bertso eskolak, bai goizetan hezkuntzari lotuta eta gero eskolaz kanpo ere bai. Batetik bestera, toki dezentetan, eta gero bertso saioak direla eta... Egia esan nahiko lotuta.

Paya, Silveira eta zuk egiten duzue Zaharrak berri show delakoa. Zertan datza?

Guk ikusi genuen orain dela 3 urte edo bertsotan egiten, ba areto batean sartu eta areto batera jende asko ez zela joaten. Zenbait jende zegoela bertsotara ez zena joaten baina gero beraiengana eraman ezkero bertsoarekin ondo pasatzen zuena. Orduan taberna batera eramanda bertso saioa jendea ondo pasatzen ikusten genuen, orain dela urte mordo baten egiten zen bezala... Gu hasi ginen horrekin eta ia ze ateratzen den! Baina ez dauka zerikusirik bertso zaharrak kantatzeakin, plazan moduan jarduten gara tabernetan baina gai jartzailerik gabe. Hirurak hasten gera bertako egoerari buruz jardunez eta batzuk luzatzen dira gehiago eta besteak gutxiago, giroaren arabera.

Aspaldian aldatzen ari da bertsolariaren papera; lehen bertso saioetara mugatzen zen eta orain batzuk idatzi besteak musika taldeetan abestu...

Bai eta idatzi prentsan, eta pilo bat gauza egiten da, ia personaje publikoa da gehiago bertsolaria. Nik uste igual saturatu egiten dela zenbait lekutan bertsolarien irudia, eta nik ez dakit zenbateraino den hori komenigarria.

Izan daiteke era bat bertsolaria bertsotik bizitzeko?

Izan leike baina, ez dakit eh! Adibidez bertsolari bat prentsan idaztetik ezin leike bizi, gero badakit batzuk musika taldeentzako letrak idazten diru pixkat lortzen dutela. Baina nik ezdakit, azkenean ni ez naiz gehiegi mundu horretan sartu, nik bertsoak kantatzen ditut, eta hemen herrian aldizkari baten zer edo zer idazten dut. Atzorako idatzi behar nuen bat eta gaur oraindik idatzi gabe daukat eta horrela ibiltzen naiz...

Zu non egoten zara gustoren bertsotan; adibidez afaritan, gaztetxeetan, plazatan, txapelketan...?

Niri txapelketako tentsio horrek, urduri jartzen nau baina egia esan gustatzen zait, jende dena entregatuta egoten baita. Bestela, igual gehiena gustatzen zaidana da 50 lagun, elkarte baten afaldu eta gero inolako presarik gabe, hantxe bertsotan. Gehiena hori gustatzen zait. Gutxiena gustatzen zaizkit Santo Tomasetan eta egiten diren hoiek, plaza handi batean inor ez dagona zuri entzuten eta zuk irudia dela eta, ba jardun egin behar duzu.

Zer eskertzen da gehien ikuslearen aldetik?

Txalo bidezko erantzuna edo irriparreak sortzen duen konplizitatea, azkenean bertsolariak gertu somatzen duena. Plaza handitan berriz bata txorizua eta taloa jaten, beste bat ez dakit zerri begira, gero pasatzen zaizkizu zintxurruek, boon boon booon eta zu ari zera hori ikusten, eta egie esan hori ez da bertsotarako une aproposa. Bestela, bertso afaritan sortzen den konplizitatea, ba aurrekoakin sartzen zera, gero afaltzen ba entzuten dituzu mila istori eta girotu egiten zara, eta sortzen den konplizitate horrekin jokatzea daukazu.

Bueno eta egun txarrak ere izango dira, halakoetan nondik ataratzen duzu indarra zutaz barre egiteko aurrekoaz barre egiteko...?

Ze aldartetan zauden asko antzematen da, ba ez dakit, hamabi ordu lo eginda jaikita, edo aurreko egunean parranda egin eta goizeko hamaiketan berriz ez dakik non zauden! Baina ez da bertsolaria izatea bakarrik; plazandrea edo plazagizona ere izan behar zara eta, jakin behar duzu jendeak ez antzematen zuri zein egoeratan zauden. Azken finen zu hara zoaz jende horren nahia kunplitzera eta ezin duzu ibili zure penak kontatzen!

Txapelketa gustuko duzula esan duzu, baina ze suposatzen du zuretzat edo zenbaterainoko garrantzia ematen diozu?

Ba lau urterik behin jokatzen da eta nik uste garrantzia denok ematen diogula, ze gero askotan horrek definitzen du plazan zenbat ibili behar zeran. Zu txapelketan bastante ondo bazaude, plazatan ere dezente ibiliko zara. Nik serio hartzen dut txapelketa eta gustatu egiten zait. Azterketa baten modukoa da, eta azterketa denek duten arriskua dauka, azkenean egun baten jokatzen duzu dana; eta egun kaskarra badaukazu ba kriston putada, baina bestela edarra!

Txapela irabazteak ze suposatzen du?

Ba ez takit,...jeje. Euskal Herriko txapela irabaztea da konpromisoa, baina kristona! Gaiñera txapela irabazteakin ez da bukatzen lana, hor hasi egiten da! Txapeldun baten bertsotako ibilera ez da bukatzen txapela irabaztean, orduan egiten da hasi, orduan erantzun behar du eta orduan frogatu behar du zergatik irabazi duen.

Zu puntu batera geratzeak sortu du polemika! Azpeitialdean TONGOa dela diote...

Keba! nik ez dut uste tongoa egon denik. Txapelketak horrelaxe dira eta orain dela lau urte Amets geratu zen puntu batera, aurretik Jokin Sorosabal gelditu zelako. Aurtengo finalera begiratuz gero ere, ba bi enpate egon dira! Biak egon gera puntu bat gora behera eta azkenean Sustraiena izan da puntu hori, baina badakit tongorik ez dela egon!

Bestalde, Paya , Silveira eta zu txapelketako punkiak omen zarete, eta azkenean ez bata, ez bestea ...bat bera ere ez zarete finalera pasatu. Hau ere ez al da kospirazioa izan?

Ba ez dakit zergatik deitu zaigun punki... nik uste hasi ginen momentutik hiruron artean Silveira ikusten nun finalera ailegatzeko aukera gehienekin, baina lehen komentatu dugun azterketa moduko horretan egun bateko gorabeherak edozer egin ahal duela, eta azkenean kalean gelditu dala! Pena da, baina Silveirak bertsotan egingo du, Silveira bertsolari oso ona da!

**Aurten fenomeno berri bat sortu da antza! Fans-ak edo bakoitzaren peñen animazioa: turutak, kamisetak, pankartak, olatua,... honek sortu du polemika.**

Nik pentsatzen dut horrelako gauzak egon direla, baina bertan jendeak isilik egon behar zunean isilik egon dela ta ondo porta direla! Animatu behar zenean animatu dala, eta isilik egon behar zenean ixilik egon dala. Nik pentsatzen dut gainera, hau bertsolaritzaren onerako izan dela, ze giro bero horrek azkenean hor sortzen du jendearen berotasuna, jendea gertutik ikustea. Gainera nik entzuten ditut orain dela hogei urteko txapelketak kasetetan, eta bertso bat bukautakoan lokura bat izaten zen! Beraz nik uste dut hau betidanik egon dela, igual azkeneko urteetan pixkat bat jaitsita zegoela? Ba ez dakit. Igual betiko bertsolariak zabiltzalako horren bueltan, ba Unai Iturriaga,... Baina aurten ikusi dira aurpegi berri batzuk, horrek inguruan ilusioa piztu du, eta jendeak babesa eman dio inguruko bertsolariari edo herriko bertsolariari.

Gainera aurten bertsolari gazteak baino orain arte azaldu ez direnak izan dira, aurpegi berriak, ze adibidez Unai Iturriagak orain dela 4 urte 28 urte zeuzkan, eta bertsolaritzako gaztea zen, orain berriz azaldu dira 8-10 bat arpegi berri berriak, eta jendeak flipau egin du.

Txapelketa inflexio puntua izan dela ere badio zenbaitek, 13.000 ikusle, komunikabideetatik egindako jarraipena, giroa bera... Zuk zer uste duzu?

Bertsolaritzan inflexio puntu bat 93ko txapelketaren inguruan egon zen, orduan tope betetzen ziren leku denak... eta gero pixkat jaitsita egon da eta orain badator berriz edo badirudi gora datorrela. Zergatik izan den? Ez dakit, bertsozale elkarteko komunikazio taldetik egin den lanagatik, eta azkenean hau dana ez da kasualitatea, azkenean egiten duzun lanaren arabera jasotzen duzu. Bertsozale elkarteak asmatu egin du hemen, eta azkenean horren ondorioz sortu da hau dena. Orain honi erantzuten asmatu behar da!

Zelakoak izan dira aurtengo gaiak?

Gaiak izan dira zabalak. Gai zabalak jartzen dira eta gero zuk horren arabera erabakitzen duzu posizionatzea ala ez posizionatzea. Batzuk hartzen dute gaia era batera, beste batzuk beste era batera eta batzuk ez dira posizionatzen. Azkenean aukera ematen da eta bakoitzak erabakitzen du. Adibidez guri jarri ziguten baten: Itsasoari begira zaude eskerreko eskuan harriak hartuta. Zuk esatea daukazu pateran etorri zarela, edo hildako gudariei omenaldia egiten diezula,... edozer.

Puntuazioan berriz zer baloratzen da gehiago: bertsoa ausarta izatea, esanahi sakona izatea, bertsoa formatan polita izatea...?

Egia esan epaileek ez dakit ze baloratzen duten, ze guri bidaltzen digute epaileen gida bat zer baloratzen den eta jakiteko, eta nik inoiz ez dut irakurtzen. Bestela arriskua dago horrekin itsutzeko eta azkenean gauza horretan fijatuz gero, beste batzutan huts egiten duzu. Ni egia esan jendearen aldetik nahiko baloratua sentitu naiz txapelketa honetan eta horrekin oso pozik nago. Txapelketetan, nik uste baten bat ausartu dela sekulan egiten ez duen moduan bertsotan egitera, beste era baten egiten, eta nik uste ez dela lekua txapelketa esperimentuak egiteko. Gero doinu berriak ateratzeak baita badu bere arriskua, ze inork ez daki ze doinu den, ezta epaileak ere zenbat errima dauzkan,...nahiko arriskutsua da.

Bukaeran, zazpi lurraldeetako bertso eskoletakoak igo ziren aholtzara. Zelan ikusten duzu bertsolaritzaren geroa?

Hori izan zen gehienbat, bertso eskolak egiten ari diren lanari omenaldi txiki bat. Azkenean bertsolaritza ez dela bakarrik BECen kantatu zuten 8 bertsolarien eredua, baizik eta badaudela hor bertso eskolak, ume pilo bat Euskal Herriko lurralde guztietan, pixkat jendeari hori erakusteko. Eta egon ziren txaloekin, nik uste jendeak badakiela hor zerbait badagola egosten!

Hitz bana bertsolari hauek definitzeko:
Igor: zuzena
Andoni: txapelduna
Amets: oso ona
Maialen: ikuspegi zabala
Mendiluze: makina bat bertsoak egiten
Unai: berezia
Maia: goxoa
Sustrai: etorkizuna

Elkarrizketa bukatzeko bertso hau oparitu dio Jokinek Gaztesareari!

Gaurkoan oso gustora egon
naiz elkarrizketa baten
Bi kazetari galdezka eta
ni nahi nuena esaten
Gazte sareko hauei eskatu
nahi diet segi dezaten
Euskal Herriko gazteriaren
erreferente izaten