Aitor Aranari Donostia Hiria literatur saria, antzerki sailean

Uztarria 2006ko urt. 28a, 16:01
Aitor Arana.

Gaur (larunbata) jakinarazi dituzte 2006ko sariak; epaimahaian, Imanol Elias

Editorea lanak, idazle eta editorearen arteko harremana du hizpide

Sari garrantzitsua irabazi du gaur Aitor Aranak: Donostiako Hiria literatur saria, antzerki sailean. Hain zuzen, gaur jakinarazi dituzte 2006ko irabazleak, eta ipuinen atalean Xabier Etxaniz Rojo izan da garailea.

Arana (1963) legazpiarra da eta Urrestillan bizi da aspalditik. Editorea izenburuko antzerkiak idazle eta editorearen arteko harremana du hizpide. Antzerkiko atalean euskarazko zazpi idazlan aritu dira lehian. Antzerki ataleko epaimahaian, azpeitiar bat: Imanol Elias. Besteak, Aurelia Arkotxa, Daniel Landart, Ana Toledo eta Patri Urkizu. Aranak 14.000 euroko saria eskuratu du. Kutxak antolatzen du Donostia Hiria.

Donostia Hiriko gaztelaniazko sariei dagokienez, Fernando Ruiz PaƱos kataluniarrak irabazi du ipuin ataleko saria, El cafe de los portugueses idazlanarekin. Antzerkiaren saria, berriz, Arturo Pinedo de Miguel madrildarrak eskuratu du, Gris lanarekin.

Berria-n elkarrizketa

Saria dela, 'Berria'-n elkarrizketa egin diote Aranari.

Idazle batek editorearekin dituen tirabirak kontatzen ei ditu zure obrak. Nolakoa da?

Urteak daramatzat idazten, eta hainbat editore ezagutzeko aukera izan dut. Eta botere gehiegikeria gauzatzen duen editoreren bat edo beste ezagutu dut, eta lekukotza eta salaketa bat egin nahi nuen. Oso gauza desegokiak egiten dizkiete editore batzuek idazle kontsagratuei, errespetu falta ikaragarria azaldu dute. Hori erakutsi nahi nuen, nire lekukotza utzi.

Euskal argitaldaritzaren errealitatean oinarritzen zarela esan nahi duzu?

Bai, hala da. Errealitatea bezain gordina da egiten dudan kritika. Ez da editore baten kontrako mendeku bat; nik hau idatzi nuenean, bi editore neuzkan buruan. Euskal editore gehienak oso txintxoak eta jatorrak dira, ez dugu kontrakoa pentsatu behar, baina badaude pertsona desegokiak. Beste lanpostu batean baleude, ez zen gertatuko gertatu dena. Ez dut edonola idatzi, dokumentazio lan handia egin dut eta jende askorekin hitz egin dut, gauzak kontrastatzeko. Arrazoia inoiz ez dago leku batean bakarrik, eta kontsulta asko egin nituen, baita interesatuak zirenei ere, eta nire esperientziak eta beste idazle eta editore batzuenak kontrastatu ditut.

Nolako egitura du obrak?

Kazetari batek idazle saritu berri bat elkarrizketatzen du. Honetaz eta hartaz hizketan hasten dira, lehiaketez... Euskal Herrian lehiaketa ustelak izan dira, aldez aurretik erabakitakoak. Mila eta bat historia egon dira. Galderei jarraiki, idazle sarituak izan duen esperientziaren berri ematen du. Idazleak esaten duen guztia nire ahotan jarri behar da, nire bizipenak dira.