Kadeteak omenduko dituzte larunbatean

Urola Kostako Hitza 2006ko urt. 27a, 10:01
Kadeteen mailako Caldereria Zaher taldea Gipuzkoako txapelduna da. Larunbatean Iraurgiren partidan omenaldia jasoko dute.

Lan Mobel Iraurgik Coruñaren aurka jokatuko du kiroldegian, 18:30ean

Partidaren atsedenaldian, Iraurgi Saskibaloi klubak kadeteen mailako Caldereria Zaher taldeari omenaldia egingo dio (Urola Kostako Hitza)

Larunbat arratsaldean, berriro ere, kiroldegia saskibaloi zaleekin beteko da. EBA Ligako Lan Mobel Iraurgi taldeak Basquet Coruñaren aurka jokatuko du, 18:30ean. Saskibaloiko partidaren atsedenean, Iraurgi Saskibaloi klubak kadeteen mailako Caldereria Zaher taldeari omenaldia egingo dio. Hilaren 14an Gipuzkoako txapeldun gelditu ziren mutilek, egindako lanaren goraipamena jasoko dute saskibaloiko zaleen aldetik.

Hamabost urte eta gero, kadeteen mailako txapela berriro ere Azpeitira ekartzea lortu dute Jose Miguel Etxanizek zuzentzen dituen Caldereria Zaherreko mutilek; hilaren 14an 53-60 irabazi zioten Cafes Aitonari.

1990-91 denboraldian ere Iraurgiko kadeteen mailako taldeak irabazi zuen Gipuzkoako txapela. Iraurgi Saskibaloi Elkartea 25. urteurrena liburuan jasota dago 1990-91ko garaipena, eta honela azaltzen da: "1990-91 denboraldian, kadeteak Gipuzkoako txapeldun geratu ziren, eta Euskal Herri mailan, TAUkoei eta Caja Bilbaokoei irabazi ondoren, Iruñekoen kontra galdu zuten azken partida. Xubi eta Aitor Goenaga Ormaetxe aritu ziren entrenatzaile. Aitorrek partidak ileko kiribil guztiak leunduta amaitu ohi zituen, berak beti esan duen legez, beldurtzeko buruko minarekin. Eliteko taldeen kadeteak menpean hartzeko gai izan zen talde hura, eta bistan zen hango partaideek etorkizun ona zutela; lana gogotik eginez edozein helburu erdiets zitekeela zirudien".

Mailari heltzeko helburua

EBA Ligako Lan Mobel Iraurgi bi partida kanpoan jokatu ondoren etxera itzuliko da. Larunbatekoa, aurtengo denboraldiko bigarren itzulian Azpeitian jokatuko duen lehen partida izango du; hamalau partida gelditzen zaizkio denboraldia bukatzeko. Sailkapeneko seigarren postuan dago (orain arte hamar partida irabazi eta sei galdu ditu). "Hiru edo lau partida irabaziz gero, maila berean mantenduko da Lan Mobel Iraurgi. Gure aurrenengo helburua maila mantentzea da, eta horren bila joango gara. Baina beste erronka batzuei ere ez diegu uko egingo, eta partidaz partida, denboraldia bukatu arte, ahal dugun gehiena egiten saiatu behar dugu, geure mailan ahalik eta posturik onenean gelditzeko", dio Xubi lehendakariak.