Nagore Aranburu: "Gustatuko litzaidake zineman lan egiten jarraitzeko aukera edukitzea"

Urola Kostako Hitza 2006ko urt. 25a, 13:01

Zeru horiek filma larunbatean estreinatuko da Miarritzen, FIPA jaialdian, Nagore Aranburu azpeitarra da protagonistaren rola jokatzen duen aktorea eta hori dela-eta Urola Kostako Hitza egunkariak elkarrizketa egin dio

Bernardo Atxagak idatzitako Zeru horiek liburuan oinarritutako filma zuzendu du Aitzpea Goenagak, eta larunbatean estreinatuko da, Miarritzen, nazioarteko FIPA jaialdian, 09:30ean, Atalaia aretoan. Protagonista nagusiaren rola Nagore Aranburu aktore eta gidoilari azpeitiarrak jokatu du.

Larunbatean estreinatuko duzue filma FIPAn. Zeu zara protagonista. Urduri?

Oraindik ez nago urduri. Inoiz ez naiz horrelako toki batera joan eta horrelako paper bat ez dut egin. Ez dakit oso ondo zer pasatzen den toki horietan, ez nago urduri. Kuriositate pixkat daukat.

Hau izan da film luze batean protagonista papera jokatu duzun aurreneko aldia. Zer izan da zuretzat lan hau?

Aukera bat beste gauza batzuk egiteko, orain arte probatu ez nuen erregistro bat egiteko eta zinema zer den ezagutzeko aukera izan da. Oso lengoaia diferentea da eta beste era batera lan egiten da. Aitzpea Goenagak egin didan opari handi bat izan da, eta esperientzia aldetik oso ederra.

Aurretik ere zineman paper batzuk jokatu izan dituzu?

Bai, baina paper txikiak izan dira orain arte. Benetan lanean gozatzeko aukerarik ez dute ematen paper txikiek, urduri egoten zarelako. Zeru horiek filmatzen egon ginen aurreneko hiru egunak urduri pasatu nituen, baina behin hori pasatuta, begiratzen, ikasten eta gozatzen hasi nintzen, benetan lanean eta zukua ateratzen. Horretarako aukera eman dit lan honek.

Udan filmatu zenuten. Lan gogorra izan al zen?

Talde oso ona izan genuen, katalanak oso langileak ziren eta antolakuntza ona zeukaten, era honetako lanak egiten ohitutako jendea zen, horrek lasaitasuna ematen du. Gogorra, bai. 18 egunetan filmatu genue,n eta horrelako proiektu bat 18 egunetan aurrera ateratzeko, egunero 12-13-14 ordu sartu behar izan genituen; gelditu ere egin gabe. Lo eta lan, ez genuen besterik egiten. Berez, lanerako erritmoa oso gogorra izan zen, iruditzen zait horrelako lan bat egiteko denbora gehiago behar dela.

Zeuk filma ikusi al duzu? Zein da lehen inpresioa?

Neuk neure burua hor ikustea oso gogorra egin zitzaidan. Sentsazio arraroa eduki nuen, neure burua hainbeste denboran pantailan ikustea arraroa egin zitzaidan. Nik dena arraroa ikusi nuen, ezin duzu objektiboa izan. Joan zen jendeari gustatu zitzaion, eta zorionak eman zizkiguten.

Iban Garate azkoitiarrak ere Zeru horiek filmean lan egin du. Aurretik elkarrekin lanik egin al duzue?

Ez. Uste dut aurreneko aldiz egin dugula lan elkarrekin. Bestela ezagutzen ginen, lantokitik, eta bera azkoitiarra delako.

Telebistan ere lan egiten duzu. Zineman lanean jardutea oso desberdina izan al da?

Telebistako lanaren antza badauka, zatika egiten delako lan eta grabatutako gauza bat delako. Baina bestela desberdina da. Guk azkar egin dugu, baina berez denbora gehiago behar da. Telebistan ere azkar egiten da lan, eta hau telebistarako film bat da. Lan egiteko orduan zinema desberdina da, eta baita pertsonaia lantzeko garaian ere. Orokorrean, telebistaren aldean, lan egiteko beste modu bat da zinemakoa.

Antzerkia, telebista edo zinema. Hiruretatik bat aukeratzeko emanda, zein hautatuko zenuke?

Ez dakit, bada, lanaren arabera... Oso zaila da bat hautatzea. Zineman ez dut asko jardun, baina esperientzia asko gustatu zait. Oraindik ikasteko asko falta zaidala iruditzen zait, eta gustatuko litzaidake zineman lan egiten jarraitzeko aukera edukitzea.

Beti esan izan duzu idaztea eta antzeztea biak dituzula gogoko. Orain telebistako Wazemank saioan biak egiten ari zara? Gustura?

Wazemanken idazten gehiago ari naiz, antzezten baino. Gustura, gustura nabil.

Antzerkirako asmorik bai?

Wazemanken nabil orain buru belarri, ez dakit ikusten den baina ordu pilo bat sartzea eskatzen du lan horrek. Astean bost egunetan, egunero 8-9 ordu sartu behar izaten ditut, iaz antzerkirako bi aukera eskaini zizkidaten baina azkenean ezetz esan nuen.

Aranbururen zerua

Uztarria aldizkariak Nagore Aranburu aktore azpeitiarrak Zeru horiek filma grabatu zuenean ateratako argazkiak argitaratu zituen urtarrileko zenbakian. Igeldo produktorak utzitako argazkiak uztarria.com-en ere ikusgai daude.