Sokamuturraz oharra atera du Udalak

Urola Kostako Hitza 2006ko urt. 17a, 14:01

Zezena ibiliko den kaleetan ez aparkatzeko eta merkatariek neurriak hartzeko eskatu du (Urola Kostako Hitza)

Sansebastianetan, bi egunetan, sokamuturra antolatu du Udalak: San Sebastian egunean (ostiralean) eta igandean. Sokamuturrak "ahalik eta kalte txikienak" egiteko bi eskaera eginez ohar bat atera du Udaleko Festa Batzordeak: "Batetik, sokamuturra ibiliko den kaleetan autorik ez aparkatzeko eskatzen dugu, eta bestetik, denda eta tabernak babesteko behar diren neurriak hartzeko. Ohar hauek kontuan ez hartzearen ondorioz gerta litezkeen kalteez Udalak ez du erantzukizunik izango".

Sokamuturra honako egun eta ordutegian izango da: Sansebastian egunean, eguerdian 12:00etan eta arratsaldean 16:30etik 20:00ak ingurura arte, eta igandean 16:30etik 20:00ak arte. Zezena pasatuko den kaleak, berriz, honako hauek izango direla jakinarazi du Udalak: Perez Arregi plaza, Erdi Kalea, Enparantza Nagusia, Goiko kalea, Olazko Amaren plaza, Bustinzuriko Errebala, Hartzubia, Iturri Txiki kalea, Santiago kalea, Eliz ataria, Eliz kalea, Plaza Txikia eta Enparan kalea.

Pilota partidak, 22:00etan

Sansebastian egunean Izarraitz pilotalekuan jokatuko diren profesionalen arteko pilota partidak 22:00etan izango direla esan du Udalak; eta ez aurrez esan eta sansebastianetako egitarauan azaldu bezala, 17:30ean. Jokatuko diren pilota partidak honako hauek dira: Unanue-Begino Leiza-Peñagarikano eta Koka-Beloki Martinez de Irujo-Eulate.