Pasaiako segada ikertzen

Axun Erzibengoa ('Oarsoaldeko Hitza'-ren 'ON' hilabetekaria, 2005eko abenduko zenbakia) 2006ko urt. 16a, 17:01
Rosa Jimeno eta Joseba Merino lekukoak, Pasaian, segada izan zen tokian. Argazkia: Lander Garro ('ON')

1984an Pasaiako Badian gertatutako hilketen auzia ikertzen jarraitzeko agindua eman du Gipuzkoako Auzitegiak

KAAko lau kide hil zituzten; haien artean, bi azpeitiar (Kurro eta Pelitxo)

Ia 22 urte pasa badira ere gutxi aurreratu da epaitegietan Pasaiako Badian gertatu zenari buruz. Instrukzio epaileak auzia artxibatzeko erabakia hartu zuen iazko ekainean, baina aurtengo apirilean Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak agindu du ikerketarekin jarraitzeko “hilketa zantzuak” daudelakoan. Azken hilabeteotan zenbait eginbide judizial egin dituzte segadan parte hartu zuten poliziak identifikatze aldera. Rafael Delas, Jose Maria Izura, Pedro Mari Isart eta Dioni Aizpuru Komando Autonomo Antikapitalistetako (KAA) kideak hil ziren Poliziaren segadan. Guztira 113 balazulo zituzten lau gorpuek autopsietan ageri denez, eta horietako batzuk oso distantzia laburrera egindako tiroak direla ere baieztatzen dute forentseen txostenek. Bertsio ofizialaren arabera, KAAko kideek tiro egin ondoren erantzun zuten poliziek tiroka, baina komandoko kideen tiro bakar bat ere ez da agertu inoiz. Autopsia eta forentseen txostenez gain, bertsio ofiziala hankaz gora jartzen duen beste osagai garrantzitsu bat dago: lekuko zuzenak. Segada hartatik bizirik atera zen KAAko kide bakarra, Joseba Merino donostiarra, eta gertaeren lekura amu gisa eraman zuten atxilotu bat, Rosa Jimeno oriotarra.

Gertakariaren lekuan

ONek Merinorekin eta Jimenorekin gertakariak izandako lekura txangoa egin du. Orain, ikerketak jarraituko duela jakinik, beste modu batez begiratzen dute lau kideen omenez jarritako oroitarria. Auziaren artxibatzea atzera bota eta ikerketak aurrera egiteak itxaropenerako atea zabaldu die berriz ere. Rosa Jimenok ilusioz hartu du, nahiz eta argi izan ez dela inor zigortzera iritsiko. “Gutxienez herriak jakin dezala beste bertsioa hor dagoela”. Joseba Merino ere antzera mintzatu da: “Ez dut uste inor epaituko dutenik, are gutxiago zigortuko dutenik, baina aukera guztiak baliatu behar ditugu han gertatu zena kontatzeko”.

Egile materialak poliziak izan arren, erantzukizunak haratago doazela argi du Merinok, eta erantzule politikoak aipatzen ditu. “Poliziak izan ziren segada eta fusilamenduak egin zituztenak, baina erantzule nagusia Felipe Gonzalez zela argi dut, Espainiako Gobernuko garaiko presidentea, eta gero, hortik behera. Poliziek aginduak jarraituz hil zituzten gure kideak, bizirik harrapatzeko agindu baliete hala egingo zuketen”.

Epaitegietan gauzak asko luzatzen direla ere salatu dute. Edozein eginbide judizial egiteko hilabeteak behar izaten dira. Eta horri Poliziaren arduradunen jarrera ere erantsi behar zaio. Akusazio partikularraren eskariz, Donostiako 2. instrukzio epaitegiak behin baino gehiagotan eskatu dio Espainiako Poliziako arduradunei Pasaiako segadan parte hartu zuten poliziak identifikatzeko. Orain arte lauren identifikazio zenbakiak besterik ez dituzte eman, artxiboetan besterik ez dela agertzen argudiatuta. Polizia horiek 2002ko ekainean deklaratu zutenean, esan zuten operazioaren atzeko lerroan egon zirela, San Pedro aldean, eta ez zutela tiroketan parte hartu. “Epaileei barre egiten diete Polizia arduradunek, baina epaileek ez dute ezer egiten. Segada gertatu zen tokian bertan baziren gutxinez 20 polizia. Gero San Pedro aldean gehiago zeuden, baita guardia zibilak ere”.

Gertaerak gogoan

Urteak joan dira, baina martxoaren 22ko gau hartan gertatutakoa oso ondo gogoratzen dute Rosa Jimenok eta Joseba Merinok. Hamaika aldiz kontatu dute, bai epaitegietan, baita eskatu dieten gainontzeko tokietan ere. Jimenoren kontakizuna segada baino lau egun lehenago abiatzen da, Donostian atxilotu zuten egunean. Atxilotu eta Espainiako Poliziaren Donostiako polizia-etxera eraman zuten. Iritsi orduko kolpeak eta mehatxuak hasi zirela dio. Inork ez zekien atxilotuta zegoenik. “Garai hartan Orioko udaletxean egiten nuen lan. Lantokira eta etxera deitzera behartu ninduten eta ondokoa kontatu nien: Donostian, lagun baten etxean nengoela, haurdun zegoela eta hari laguntzen geratuko nintzela egun batzuetan. Hori guztia pistola buruan jarrita nuela. Esan behar ez nuen zerbait esanez gero, oraindik okerrago pasako nuela mehatxu egin zidaten”. Modu berean egin zuen hitzordua KAAko komandoarekin. Beraietako batekin hitz egin zuen telefonoz eta hitzordua eta seinalea baieztatu zituen. Ordurako hiru egun zeramatzan Poliziaren esku. “Denetik egin zidaten, egunero kolpeak, bainera, elektrodoak, poltsa eta mehatxuak… Tortura psikologikoa izugarria izan zen, iloba txikiarekin egiten zidaten xantaia, akaso auto batek harrapatuko zuela ikastolara bidean… Txori txiki bat bezala nengoen, lur jota, beraiek nahi zutena egin zuten nirekin”.

Pasaiara abiatu zirenerako Jimenok bazekien zerbait oso gogorra gertatuko zela. “Nik janzten ikusten nituen, txalekoekin, arma pila bat eta abar. Atxilotzeko hainbestekorik ez zela behar esan nien, eta beraiek erantzun zidaten badaezpadako neurriak zirela, lasai egoteko. Hitzordua egin genuen tokian jarri ninduten hanketatik lotuta. Seinalea egin ondoren tira egingo zidatela esan zidaten”.

Txalupa hurbiltzen ikusi zuenean hitzartu bezala linternarekin aldezaurretik hitzartutako seinaleak egin zizkien Jimenok, eta KAAko kideak ur ertzera, arroketara, hurbildu ziren. Lehenengo Kurro eta Pelitxo jaitsi ziren, Merinok dioenez. “Ondoren nik jaitsi behar nuen. Zakurra hartzera makurtu nintzen, nirekin ekarri bainuen. Makurtuta nengoela entzun nuen, “Geldi Polizia!” oihukatzen. Eta jarraian tiroka hasi ziren. Oihua egin eta tiroka hastea dena bat izan zen, eta ondoren fokoekin argitu zuten guztia”. Ezustekoa erabatekoa izan zela dio. Uretara salto egin zuen, baina berehala atera zituzten poliziek, Merino bera, Rafael Delas eta Dioni Aizpuru.

Armarik gabe

Ordurako lehenengo tiroketan hilak ziren, Jose Maria Izura eta Pedro Mari Isart. “Txapas, Kurro eta hirurok elkarren ondoan jarri gintuzten, eskuak buruan. Ez genuen armarik, uretarako jantzi bereziak genituen eta armak poltsetan zeuden. Horrela geundela identifikatzeko eskatu ziguten. Ni izan nintzen lehenengoa eta nor nintzen esatean aparte jarri ninduten. Koronela nintzela esan zidaten, eta nik ezetz, Josua nintzela. Hiru bat metrora jarri ninduten”.

Ondoren, Delas eta Aizpuru identifikatu zituzten. “Haiengana hurbildu, hiltzera zihoazela esan zieten, eta fusilatu egin zituzten. Hiru polizia izan ziren egileak. Ondoren gora igo ninduten, harkaitzetatik bidera”. Zenbait polizia ezagutuko lituzkeela dio Merinok, hurrengo egunetan polizia-etxean galdekatu zuten berak izan baitziren segadan. Rosa Jimeno tiroak hasi orduko igo zuten bidera, eta lurrean jarri buruz behera. “Ikusi ez nuen egiten, baina tiro pila entzuten nituen”, dio Jimenok. “Altoa eman orduko hasi ziren tiroak”. Hori bera baieztatu dute beste lekuko batzuk ere.

Testuingurua

Pasaian gertatutakoa hilabete lehenagoko gertaera batekin, Enrique Casas PSOEko diputatu eta Antolakuntza idazkariaren hilketarekin, lotuta dago Merinoren iritziz. Otsailaren 23an KAAk Casas hil zuten Donostian, eta Merino atentatu horretan identifikatu egin zuen Poliziak. “Gertaera hura lurrikara baten gisakoa izan zen. Horregatik interesa zuten ni bizirik harrapatzeko, interes politikoa eta mediatikoa egileetako bat harrapatu zutela esateko. Bestetik, talde legalei buruz nik informazioa izan nezakeela ere pentsatzen zuten. Horregatik bizirik behar ninduten”. Bestetik, gainontzeko kideak hilda KAAk zigortu egin nahi izan zituztela uste du, eta baita beldurtu ere.

Segadaren ondotik atxiloketa eta inkomunikazioa etorri ziren Merinorentzat, eta ondoren kartzela. 17 urte eta erdi egin zituen preso, 2001eko irailera arte, Enrique Casasen hilketagatik. Rosa Jimenok, berriz, beste sei egun pasa zituen komisarian inkomunikatuta. Bere lagunengatik galdetu zuenean, guztiak onik zeudela esan zioten poliziek. Ondoren lau urte eta erdi pasa zituen kartzelan.

-----

Ikerketa berantiarra

Ikerketa gorabeheratsua ari da izaten. Artxibatu ere, behin baino gehiagotan egin dute kasua, baina pasa den apirilean Gipuzkoako Auzitegiak artxibatzea atzera bota eta ikerketak aurrera jarrai dezan agindu zuen. Ordutik zenbait eginbide judizial egin dira, batez ere, gau hartako polizi operazioaren arduradunaren bila. Orain arte ez du inoiz deklaratu auzian, hildakoen familien izenean akusazio partikularra daraman abokatuak, Santi Gonzalezek, behin baino gehiagotan eskatu duen arren. Hura bezala, garaiko Donostiako komisario burua ere epailearen aurrean agertzea nahi du akusazio partikularrak.

Azken hilabeteotako eginbide judizialak bi polizia horiek gaur egun non dauden jakitera bideratu dituzte batik bat. Azaroan lortu zuten informazio hori eta orain deklaratzera deitzea espero du abokatuak. Operazioaren arduradunaren identifikazio zenbakia, Rosa Jimenoren aurkako eginbide judizialetan ere ageri da. Eginbide horien arabera, polizia horrek erabaki zuen Pasaiako Badian “polizia zerbitzua” ezartzea. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak ikerketari eusteko kaleratu zuen autoan ere deklarazio hartze horren egokiera aipatzen du, dispositiboari buruz eta bertan parte hartu zutenei buruzko argibideak eman ditzakeelako.

Gertaerak 1984koak izanik ere, benetako ikerketa duela bost urte hasi zela esan daiteke. 1987an bertsio ofiziala ontzat eman eta kasua artxibatu egin zuen epaileak.

Santi Gonzalez 2000ko maiatzean hasi zen auzia aztertzen. Paperak errepasatzean konturatu zen Joseba Merinok bere garaian egindako deklarazioa falta zela eginbideetan, eta horri esker ireki zuten ikerketa berriro. Ondorengo urteetan zenbait eginbide judizial egin ziren baina iazko ekainean auzia artxibatzea erabaki zuen epaileak, “egile ezagunik” gabe preskripzio epea agortu zela argudiatuta. Ia urtebete beranduago iritsi da abokatuek jarritako errekurtsoaren erantzuna, Gipuzkoako Auzitegiaren erabakia. Preskripziorik ez dagoela erabaki du, eta operazioan parte hartu zuten poliziek hilketa delitua egin zuten zantzuak daudela baieztatu du, lekukoen testigantzetan eta autopsien emaitzetan oinarrituta. Besteak beste gogoratzen du gorpu bakoitzak 21etik 36ra arteko bala edo posta zauri zituela, horietako asko buruan, garondoan eta bularraldean.

-----

Lau hildako

Pasaiako segadan Komando Autonomo Antikapitalistetako lau lagun hil ziren:
- Dioni Aizpuru Kurro. Azpeitiarra zen, 1963an jaioa. 21 urte zituen hiltzean.
- Pedro Mari Isart Pelitxo. Azpeitiarra hori ere, 1961ean jaioa.
- Jose Maria Izura Pelu. Iruñekoa, 1958an jaioa. 26 urterekin hil zen.
- Rafael Delas Txapas. Iruñekoa, 1957an jaioa. 27 urterekin hil zen.

----

Informazio gehiago, uztarria.com-en:

Joseba Merinoren elkarrizketa

Hogei urte ahanzturaren aurka borrokan (kronika, Pako Aristik)