Bi talde prest daude hilaren 20an arratsaldez irteteko

Urola Kostako Hitza 2006ko urt. 13a, 15:01

San Sebastian egunean, arratsaldez, nahi duten taldeak danborra jotzen irtetea proposatu du Festa Batzordeak (Urola Kostako Hitza)

Sanjuandegi eta Barratsu dira talde horiek

Helduen danborradako Sanjuandegi eta Barratsu taldeak San Sebastian egunean arratsaldean danborra jotzen irteteko prest azaldu dira. Danborradako elkarteekin egindako batzarretan Udal Festa Batzordeak taldeei proposamena egin zien, eta asteazkenean bi taldeak prest zeudela adierazi zioten Udalari; garai horretan Nahidekeena txaranga eta sokamuturra ere ibiliko dira.

Beraz, San Sebastian egunean, danbor hotsak egun osoan entzungo dira herrian. Goizean, urtero bezala, Ardozaleak eta Gure Ametsa aterako dira; eguerdian haurren danborrada izango da; arratsaldean Sanjuandegi eta Barratsu ibiliko dira eta gauerdian bandera jaisteko danborradan Itsasik, Harkaitzak, Amnistiak eta Arrantzaleak parte hartuko dute.

Bestetik, Udaleko Festa Batzordetik jakinarazi dutenez, Enparan kalean "besteetan bezalaxe" ibiliko da sokamuturra sansebastianetan. "Asteazkenean izan ginen kale horretako urbanizazio lanak nola dauden ikusten, eta ez da arazorik izango sokamuturrerako", esan dio 'Hitza'ri Mikel Ibartzabal Festa batzordeburuak.