KomikiBloga: Andoni Salegiren txoko berria

Uztarria.eus 2006ko urt. 9a, 19:01
Andoni Salegiren lehen binetaren zati bat.

Uztarria.com-eko blog komunitatean beste blog bat izango da hemendik aurrera: Andoni Salegi marrazkilariak egindakoa

Uztarriak dakiela, euskaraz egingo den lehen komiki-bloga izango da

Komiki-bloga

Komiki-bloga

Andoni Salegi marrazkilaria da. Denbora asko darama Uztarria herri-aldizkarian kolaboratzen, hilero binetak eginez (sei urtean eten txiki bat baino ez du izan). Orain, aldizkariko binetez aparte, bloga edukiko du uztarria.com-en: KomikiBloga

Salegik, propio blogerako egingo ditu binetak eta marrazkiak. Batzutan, 'Otsobeltz'-enak, bere pertsonaiarik maiteenarenak (aurrenekoa halaxe egin du).

Argazkiekin-eta esperimentatzeko gogoa adierazi dio Uztarriari. "Gauza berriak probatu eta jendeak nola erreakzionatzen duen ikusi nahi dut, batez ere", esan du.

Duela gutxi, liburua argitaratu du Uztarria Kultur Koordinakundearekin: Otsobeltz. Liburu bera ere blogean sartzen joango da poliki-poliki. Liburu osoa sarean jartzeko modua horixe izango da. Uztarria aldizkarian sartzen dituenak ere gehituko ditu blogean.

Euskarazko lehen komiki-bloga

Uztarriak dakiela, euskaraz sortuko den lehen komiki-bloga izango da (3arrano.com webgunean Bilo eta Nano tira teknologiko famatua euskaraz ematen dute, itzulita).

Erdaretan zabalduago daude era horretako blogak. www.gapingvoid.com, www.deadguylives.blogspot.com, ipsofactocomic.blogspot.com, eta www.dilbert.com dira adibide batzuk.

Nerea Arangurenek, adio

Nerea Arangurenek utzi egingo dio bloga idazteari, azkenaldian eginbehar asko batu zaizkiola-eta halaxe erabaki baitu.

Uztarriak eskerrak eman nahi dizkio Nereari, egindako guztiagatik.