Otsailaren erdialdera hasiko dira Soreasu botatzen; horrela aurreikusi dute Azpeitiko udal arduradunek

Urola Kostako Hitza 2006ko urt. 7a, 12:01

Hil honetan Soreasun zine emanaldiekin jarraitu ala ez aztertzen ari da orain Udala (Urola Kostako Hitza)

Udalak egindako aurreikuspenen arabera, otsailaren erdialdera hasiko dira Soreasu antzoki zaharraren eraikina botatzen. "Aurrez hor dauden erreka batzuk desbideratu behar dira eta lan horiek egingo dituen enpresa aukeratu behar da, lehiaketa bidez. Gero, lur azpiko aparkalekuak egiteko lanak egiten hasi beharko da", esan dio Hitzari Julian Eizmendi alkateak.

Soreasuko inguru horretatik pasatzen diren Abitain eta Txaribar errekak ubideratzeko proiektuak jasotako lanak kontratatzeko erabakia dekretuz hartu zuen Azpeitiko alkateak, abenduaren 15ean. Lanak nork egin erabakitzeko lehiaketaren berri abenduaren 22ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara. Errekak ubideratzeko 224.253,45 euroko aurrekontua dago.

Soreasuko eraikin zaharra botatzen hasi aurretik eman beharreko pausoak atzeratu egin dira. Udalak hil honen hasieran espero zuen Soreasu botatzen hastea, eta horregatik han antolatutako ekitaldiak abenduaren bukaeran amaitu ziren; azkena Azpeitiko Zine Klub Taldeak antolatutako Gabonetako Zine Zikloa izan da. Baina hil honetan oraindik ere zutik egongo da Soreasu antzokia. Orain, Udaleko Kultura batzordea hil honetan zine emanaldiak jarri ala ez aztertzen ari da. "Filmen banatzaileekin ez dugu oraindik hitz egin, baina Soreasu hilabete honetan tente egongo denez pare bat film eman edo ez aztertzen ari gara", esan dio Hitzari Aitor Gorrotxategi Udaleko Kultura batzordeburuak.

Udalaren asmoa, oraingoz, Betharramdarretan filmak emateko areto txiki bat prestatzea da. "Soreasu antzokirik ez dagoenerako Betharramdarretako lokal batean areto txiki bat prestatu nahi dugu. Areto txikia izango da eta beste formato bateko filmak botatzeko modukoa: DVDak eta horrelakoak", esan du