Eusko Jaurlaritzak, erdia baino gutxiago euskarazko prentsari

Uztarria 2006ko urt. 4a, 15:01

Sektoreak 2006ko aurrekontuetan milioi bateko igoera eskatu zuen eta hazkundea 450.000ekoa da

Eskaera egin zutenen artean zeuden Uztarria eta Urola Kostako Hitza

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak ez du beteko euskarazko prentsaren sektorearen eskaera: 2006an prentsako hedabideen aurrekontuetan milioi bateko igoera izatea. Izan ere, Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak esan duenez, aurten igoera, eskatutakoaren erdia baino gutxiago izango da: 450.000 eurokoa, komunikabide guztientzat banatzeko.

Euskarazko prentsaren sektoreak urrian eman zuen bere eskaeraren berri (sinatzaileen artean ziren Uztarria eta Urola Kostako Hitza). Izan ere, hazten ari den arloa da aipatutakoa, azkeneko urteetan proiektu berriak gauzatu direlako, baina Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailean ez zen errealitate berrira begira pausorik eman, aurrekontuetan ez zelako 2000tik 2005a arte igoerarik izan. Harrezkero sektoreko ordezkariek bilera batzuk izan dituzte Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin, baina honek ez du eskaera bete; erdia ere ez.

Baztarrikak esan du Eusko Jaurlaritzak 2006an, denera, 4.750.000 euro jarriko dituela komunikabideetan euskararen erabilera sendotzeko (iaz 3.800.000 euro jarri zituen), eta horietatik 500.000 telebista digitalentzat izango direla.

Ordainketa modua, bera

Sektoreak beste eskaera bat ere egina zuen: Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzen zenbatekoa urteko lehen sei hilabetekoan jakin eta ordaintzeko modua egitea, urtero oso berandu banatzen baita dirua. Eskaera hori kontuan hartuko duela esan du Baztarrikak, baina aurten "zaila" izango dela. "Sektorearen inguruko gogoeta egin nahi dugu, diru laguntzen eboluzioa ikusteko eta lehentasunak non jarri behar diren jakiteko. Agian, aldaketak egingo ditugu". Hausnarketa hori sektoreko eragileekin egin nahi duela gaineratu du sailburuordeak eta horrek denbora eskatzen duela. "Dena dela, hitz ematen dugu 2007an diru laguntzen ebazpenak lehen sei hilabeteetan jakinaraziko ditugula".