Eli Aginagalde: "Urtetik urtera gero eta jende gehiago etortzen da dendara"

Urola Kotsako Hitza 2005ko abe. 19a, 10:12
Eli Aginagalde Mixio taldeko kidea.

Mixio taldeak bidezko merkataritza bultzatzeko denda jarriko du; urtarrilaren 5a arte egongo da irekita (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Mixio taldeak Santiago kalean (lehen Caritasek tonbola jartzen zuen lokalean) bidezko merkataritzako denda jarri du, eta urtarrilaren 5a arte irekita egongo da. Eli Aginagalde Mixio taldeko kidea da.

Nondik sortu zen denda jartzeko ideia?

Mixio Ordezkaritzatik bultzatu gintuzten bidezko merkataritza bultzatuko duen denda bat jartzera. Etxebizitzen azpiko lokaletan ibili ginen hasieran, Elizak lokal hau (Santiago kalekoa) utzi zigun arte.

Zeintzuk dira bidezko merkataritzaren ezaugarriak?

Filosofia nagusia produktua ekoizten duenari dagokion ordaina ematea da, eta lan baldintza duinak bermatzen laguntzea. Bitartekari eta enpresa handiek hori guztia errespetatu gabe merkeago saltzea lortzen dute.

Dendak zer moduzko harrera izan du aurreko urteetan Azpeitian?

Urtetik urtera jende gehiago etortzen da dendara, eta jende gaztearen artean asko ari da zabaltzen. Gu oso pozik gaude orain arte izan dugun harrerarekin.