Denis Uzin hil da Baqueiran snow egiten ari zela

Uztarria 2005ko abe. 19a, 17:12
Denis Uzin

Uzinek 27 urte zituen eta Baqueiran monitore lanetan zebilen

Istripuaren unean, lagun batekin bere kasa zebilen

Azken albistea (16:35): Gorpua Azpeitirako bidean da, 20:00ak aldera iritsiko omen da

Denis Uzin, 27 urteko azpeitiarra (Ondarre baserrikoa) hil zen atzo (igandea) Baquerira-Bereteko (Katalunia) eski pistetan. Uzin, Baqueirako estazioan monitore egiten zuen lan, baina istripuaren unean lagun batekin zebilen, bere kasa.

Gazte azpeitiarra zapaldu gabeko elurretan, pistaz kanpo, zebilen istripua gertatu zen unean. Kataluniako Polizia Autonomoak jakitera eman duenez, malda batetik jaisteko pistatik irten zenean erori zen amildegitik behera; 200 metroko altuerarik erori zen. Ezbeharra eguerdiko ordubatak inguruan gertatu zen, aipatu iturriek adierazi dutenez.

Gorputza erreskatatu ondoren, Vielhako Ospitalera eraman zuten. Haren familiakoak ezbeharraren berri jakin bezain pronto Vielhara joan ziren autopsia egin ondoren gorpua Azpeitira ekartzeko.

Azken albistea (16:35): Uztarriak jakin ahal izan duenez, Denis Uzinen gorpua Azpeitirako bidean da, eta gaur 20:00ak aldera iritsiko da herrira. Hileta elizkizuna, berriz, bihar 19:30ean parrokian izango dira.