Helduen danborradan aldaketak

Urola Kostako Hitza 2005ko abe. 16a, 14:12

Taldeek lau entsegu egingo dituzte, Izarraitz frontoian; ezingo da erre ( Urola Kostako Hitza)

Datorren urterako danborrada antolatu eta kontuak zehazteko, taldeetako ordezkariek eta Udaleko Festa Batzordeak aurten bi bilera egin dituzte. Bigarrena herenegun gauean egin zuten eta dagoeneko zenbait aldaketa iragarri dituzte 2006ko sansebastianetarako. Honakoak dira hartutako erabakiak:

Danborrada

Entseguak. Aurreko urteetan helduen danborradarako bi entsegu egiten zituzten. Datorren urtean lau egingo dituzte: urtarrilaren 11n, 12an, 16an eta 17an. Entseguen lekua ere aldatu egingo da: Azoka plazan egin beharrean Izarraitz pilotalekuan izango dira. Baldintza bat jarri dute: kantxan ezingo da erre. "Batez ere, erreleboan lan egiten dutenekin pentsatuta erabaki da lau entsegu egitea", adierazi du Mikel Ibartzabal Festa batzordeburuak.

CD berria. Danborradako doinuekin CDa grabatu du Udal Musika Bandak. Elkarteek hamar eurotan erosi ahal izango dute eta gainontzekoek 15 eurotan. Danborradako taldeek urtarrilaren 5ean jaso eta orduan esan beharko dute zenbat ale behar dituzten; nahi adina eros ditzakete eta ez gutxieneko bat. Diskoa urtarrilaren 7an aurkeztuko dute; Bandak kontzertua emango du, danborjoleek lagunduta.

Danborrada arratsaldean? San Sebastian egunean, arratsaldez, danborjoleen pare bat talde kalean ibiltzeko aukera ere aipatu zuten batzarrean. Baina erabaki zehatzik ez dute hartu. Gabon ondoren talderen bat prest agertzen bada, egingo dute. "Bandera jaistean parte hartzen duten taldeak arratsaldez irtetea ere aipatu zen bileran, baina ez da erabakirik hartu", dio Ibartzabalek.

Erregeen kabalgata

Elkarteak kabalgatan. Berriro elkarteek kabalgatan parte hartzea erabaki zuten herenegungo batzarrean. 2006an Mendizaleak, Ardozaleak eta Zezenzaleak taldeek irtengo dute. "Gaiak eztabaida sortu du baina egutegia osatu da".

Zezena 22an ere izatea eskatu dute

Ostirala izango da 2006an San Sebastian eguna, eta egun horretan, ohi bezala, sokamuturra izango da Azpeitian; eguerdian ordu erdia eta arratsaldean hiru ordu eta erdi. Baina 2006an festak asteburuarekin bat egingo duela baliatuz, sokamutilek Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeari eskatu diote sokamuturra igandez ere antola dezala, urtarrilaren 22an, Urola Kostako Hitzak jakin duenez. Sokamutilak prest daude egun horretan ere irteteko, herritarrek eskertuko dutelakoan beste egun batez zezena izatea. Udalarentzat oso kostu txikia du sokamuturrak, baina, oraingoz, sokamutilei erantzun die ez duela asmorik zezena 2006ko sansebastianetan igandez ere jartzeko.