Bihar, abenduak 17, EHNA tramitazio eguna

Uztarria 2005ko abe. 16a, 19:12

Udaletxean atera ahal izango da; hiru argazki, 15 euro eta errolda agiria behar dira EHNA tramitatzeko

Tramitazioa 09:00etatik 13:00etara egin ahal izango da

Bai Euskal Herriari ekimenak Euskal Herriko Naziotasun Aitormena bideratzeko deia egin du biharko, abenduaren 17rako. Tramitazio Egun Nazionala ospatuko da Euskal Herriko hainbat herritan, horien artean Azpeitian.

Azpeitiko Udalak 2002ko maiatzean tramitazioa onartu zuenetik, 790 bat lagunek atera dute EHNA Azpeitian. Bihar tramitazio eguna dela aprobetxatuz, Azpeitiko Bai Euskal Herriari taldeak gainontzeko herritarrei gonbitea helarazi nahi die, udaletxera gerturatu eta tramitazioa egin dezaten.

Tramitazioa egiteko ordua 09:00etatik 13:0etara izango da. Hiru argazki, errolda agiria eta 15 euro behar dira. Errolda agiria udaletxean tramitazio aurretik eskuratu daiteke. EHNA tramitatzeaz gain, ONUra bidaltzeko eskakizun ofiziala ere izenpetu ahal izango da bertan.Hala ere, Bai Euskal Herriari taldeak ONUra bidaltzeko eskakizun hori izenpetzeko aukera aurrerago ere emango die herritarrei.

Bestalde, Bai Euskal Herriari ekimenak EHNA erabili ekimena antolatu du abenduaren 23rako. Era berean, EHNA onartzen duten komentzioen gida argitaratu du Bai Euskal herriari ekimenak. EHNA zein lekutan onartzen duten erakusten dute gida hauek. Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako gida jadanik aterata dago.