Loiolan obrak egiteko 822.613 euro jarriko ditu Aldundiak

Urola Kostako Hitza 2005ko abe. 15a, 11:12
Loiolatxo bota eta autoentzako aparkalekuak egingo dituzte.

Aldundia, Azpeitiko Udala eta Jesusen Lagundiaren artean hitzarmena sinatuko dute Loiola ingurua eraberritzeko (Urola Kostako Hitza)

Gipuzkoako Foru Aldundiak Loiolako santutegiaren ingurua eraberritzeko 822.613,46 euro jarriko ditu. Herenegun (abenduak 13), Diputatuen Kontseiluak Loiolako ingurunea birgaitzeko Jesusen Lagundiarekin eta Azpeitiko Udalarekin lankidetza hitzarmena egitea erabaki zuen; laster sinatuko dute hitzarmena.

Lankidetza hitzarmenaren bidez eraberritzeko obrak kudeatu, finantzatu eta egin egingo dituzte. "Datorren urtean Loiolako San Inazioren heriotzaren 450. urteurrena dela-eta, beharrezkoa da Loiolako kanpoaldea eraberritzea, historia eta sinbolismo handiak dituen Gipuzkoako arkitektura aipagarrienetako baten gertuko ingurua izanik, nabarmen hobetuko delako", azaldu du Koldo Azkoitia foru diputatuak.

Loiolako inguruaren eraberritze lanetan autoentzako eta autobusentzako bi aparkaleku egingo dituzte: bata gaur egun Loiolatxo elkartea dagoen tokian, eta bestea tren geltokia zen eraikinaren ondoko lur eremuan.

Obra horiek egiteko Loiolatxo elkartea bota eta berria egingo dute geltokiaren ondoan. Elkartearen eraikin berriaren ondoan oinezkoentzako pasabidea egingo dute, santutegiaren aurretik geltokira oinez joateko era hobetzeko asmoarekin.

Lorategien zati batean ere obrak egingo dituzte, berdegunearen traza aldatuz.

Loiolako ingurua eraberritzeko lanak

Obrak

Loiolatxo bota. Gaur egun Loiolatxo elkartea dagoen eraikina bota, eta autoentzako aparkaleku publikoa egingo dute. Aldundiak hartuko du obra horiek kontratatu, finantzatu eta egiteko konpromisoa. Sei hilabeteko epean egingo dituzte obrak.

Loilatxoren egoitza berria. Urolako Trenaren Loiolako geltokia zenaren ondoan Loiolatxo elkartearentzako egoitza izango den eraikin berria egiten ari dira. Azpeitiko Udala ari da egiten eraikin berria.

Beste aparkaleku bat. Trenaren geltokia zen eraikinaren ondoko Udalaren lurretan autoentzako eta autobusentzako aparkalekua egingo da.

Oinezkoentzako bidea. Autobusen aparkalekura joateko oinezkoentzako bidea egingo dute "errekaren gainean egingo duten pasabidearen bidez".

Lorategien traza aldatuko da. Loiolako belardien eta lorategien zati batean traza aldatu egingo da.

Aurrekontuak

Aldundiak jarriko duena. Lanen aurrekontua 775.881,46 euro da: 652.000 euro 2004/2007 aldiko Inbertsioen Aparteko Planekoak dira, eta 123.881,46 euro Aldundiko Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako sailak jarriko ditu. Segurtasun eta osasun zuzendaritzarako izango diren 46.732 euro ere jarriko ditu.

Udalak. Elkarte berria egiteko lurrak erosteko 114.000 euro jarriko ditu, eta 11.963 euro proiektua eta laguntza teknikoa ordaintzeko.

Jesusen Lagundiak. Lurrak jarriko ditu eta elkarte berria egiteko 60.000 euro.