Uztarriak bazkideen batzarra egingo du larunbatean

Uztarria 2005ko abe. 15a, 13:12

Uztarriako zuzendaritzak 2005 urteko kontuak eta datorren urtera begira dituen helburuak azalduko ditu

Aitonena I-eko aretoan izango da; lehenengo deialdia 11:45ean eta bigarrena 12:00etan

Uztarria Kultur Koordinadorak 2004ko batzarretik (2003-12-15) hona egindakoa azalduko die bazkideei larunbatean (abenduaren 17an), urteroko batzarrean. Aitonena I-eko aretoan izango da, 12:00etan (lehen deialdia 11:45ean).

Uztarrian komunikazioa, euskara eta kultura ardatzetan hartu diren erabakien eta egin diren ekimenen berri emango du.

Komunikazio arloan, Urola-Kostako Hitza-z, Uztarria herri aldizkariaz, uztarria.com webguneaz, Literatuzta-z eta argitaratu dituen liburuez hitz egingo du Uztarriako zuzendaritzak.

Euskara arloari dagokionez, Bai Euskarari Ziurtagiriaz, EBPNz, Udalarekin zuen hitzarmenaz (urte hasieran eten egin zen Udalak eta Uztarriak zuten hitzarmena), ohorezko bazkideez, hizkuntza eskubideez eta urtean zehar antolatu diren hitzaldien inguruan ere hitz egingo da batzarrean.

Eta kulturan, Soreasuko kultur gunea osatzeko Uztarriak egin duen proposamena (Kafe Antzokia sortzea), IV. Kulturaldia, kartelera eta herriko taldeen koordinazioa izango dira mintzagai, besteak beste.

Horiez gain, Uztarriak sortutako Hitzeko Komunikazio eta Euskara Zerbitzuak enpresako 2005eko balorazioa eta balantze ekonomikoa egingo da eta 2006ko asmoen azalpena emango da.

Aurten egindako lanen azalpenez gain, Uztarriak 2006rako arlo horietan dituen asmoak aurkeztuko ditu batzarrean.