Gaur irekiko dute 'Ikastopa' jostailu denda

Urola Kostako Hitza 2005ko abe. 2a, 14:12

Ehun jolas egongo dira salgai Ikasberri Azpeitiko Ikastolaren eta Ikastolen Elkartearen dendan (Urola Kostako Hitza)

Gabonak gainean daude dagoneko, eta opariak egiten hasteko garaia heldu denez, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean Ikastopa denda irekiko dute gaur, ostirala, abenduaren 2an.

Gaurtik urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik denda, Harzubia kaleko 1 zenbakian. Astelehenetik larunbatera, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara eta larunbatetan goizez ere zabalik egongo da, 10:00etatik 13:00etara.

Ikastopa dendan, heziketa eta kulturaren arlotik landutako eskaintza zabala egongo da. Ia 100 jolas eta joko didaktikoak egongo dira salgai.

Urtero sortzen da gogoeta berdina Gabon garaia iristen denean: opari eta jostailuek zenbait ezaugarri izan beharko lituzketela: ez sexistak izatea, euskara eta hizkuntza trataera zaintzea, ez belikoak... Ikastolatik, honetarako "aukera zabala eta aberatsa" eskaini nahi izan dute, haur eta gaztetxoek jolas eginez gaitasun eta balore egokiak landu ditzaten.

Dendan, ipuinak, jolasak, puzzleak, pilotak, DVDak... erosteko aukera egongo da.

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak hainbat proiektu ditu abian: euskal curriculumaren garapena, euskal soin jarduerak, ikasmaterialgintza...

Azken hau zehazki ikasmaterial eta joko didaktikoen sorkuntza da. Orain arte orotariko material ugari sortu dute, eta guztietan balio eta gaitasun hauek lantzen dira: euskara eta Euskal Herriko kultur erreferentziak, sexu berdintasuna, eleaniztasuna, osasun hezkuntza... Metodologia aldetik "ikuspegi eraikitzailea" jarraitzen dute.

Material hauetako askok erakundeen sariak ere jaso izan dituzte.