Denok maindire ilerara!

Aitor Zinkunegi (Euskal Presoak Euskal Herrira Azpeitiko Topaguneko kidea) 2005ko aza. 25a, 11:11

Hileko azken ostiralero bezala, gaur, azaroaren 25ean, maindire ilara izango da saihesbidean 19:00etan

Gaur, ostirala, azaroaren 25ean, hileko azken ostiralero bezala, Etxerat-ek deialdia luzatu die herritarrei, bakoitzak bere herrian antolaturiko ekintzetan parte hartzera. Azpeitiarrok, bariantean dugu zita 19:00etan, hilero egin ohi dugun moduan. Maindire ileran parte hartuz, errepresaliatuen eskubide zibil eta politikoak errespetatzea exigitzen dugu, hasi tratu duin batetik eta kolektibo moduan euren jarduera trabarik gabe burutzeko eskubideraino.

Egun, inork ez du zalantzan jartzen Euskal Presoen izaera politikoa. Bi estatuek ere ez, horren ondorio baitira presoek pairatzen dituzten tratu txarrak, gehiegikeria, isolamendu egoera, dispertsioa… Kartzela politika hau, oso landuta dute eta helburu bakarra, presoen damua, suntsiketa fisikoa eta psikologikoa lortzea dira. Egoera latz honek beste biktima bat utzi berri digu eta hori ez da kasualitatea, gerra estrategia baten ondorio zuzena baizik.

Bitartean, demokrata deitzen diren zenbaitek, bestaldera begiratu nahi dute, baina ez diegu utziko, gaur ere errepide ertzetan izango garelako eskubideak aldarrikatuz. Modu honetan lortu dugu dispertsioaren bultzatzaileek ere, politika honi bizkar eman eta Presoen Euskal Herriratzearen aldeko posiziora pasatzea. Azpeitiko Topaguneak, bere babesa eman nahi dio Etxerat-en deialdi honi. Azpeitiarroi berriz, bertaratzeko eskaera luzatzen dizuegu, eguneko 24 ordutan eskubideak urratuak dituztenek, hilean 30 minutu eskatzen dizkigute errepresaliatu eta senideen eskubideen defentsan. Guztion artean lortuko dugu!