Gotzon Garate: "Atsotitzak oso onak dira gure hizkuntza eta kultura ezagutzeko"

Uztarria 2005ko aza. 24a, 10:11

Iragarri bezala, Gotzon Garatek hitzaldia eman zuen atzo, asteazkena, Sindikatu Zaharrean Uztarria Kultur Koordinadorak gonbidatuta. Aretoa bete egin zen, eta ordubete pasatxoko hitzaldi polita eman zuen Garatek

Josu Uranga uztarriako kideak egin zuen aurkezpena. Gotzon Garate aurkeztu zuen, bere biografia eta bibliografiako zenbait lan nabarmenduz. Eta Gotzon Garateri utzi zion hitza.

Atzoko hitzaldian aipatu zen Gotzon Garateren atsotitzen liburua, oso-osorik kontsultagai dago sarean, www.ametza.com helbidean.

Sarrera

"Azpeitiara oso-oso pozik nator. Niretzat Azpeitia herri oso inportantea da. 12 urte nituela ikastera Durangora joan nintzenean, bi azpeitiarri esker egin nintzen euskaltzale. Ordura arte, euskaldun nintzen, bai; baina ez euskaltzale. Eta badago diferentzia. Hain zuzen, hori da oraingo problemarik haundienetakoa, euskaldun asko ditugula, baina euskaltzaleak ez horrenbeste.

Gero, Loiolan 6 urte egin nituen, zeruan bezala, euskara bizirik topatu nuelako. Gauetan irakasle ere izan nintzen eta, adibidez, ikasle izan nuen gero alkate izango zenuten Jose Maria Bastida.

Zazpi probintzietako baserri askotan ibili naiz ni, eta Azpeitian ere bai. Odriozolatxo eta Enparan Gain baserrietan. Eragin haundia izan du nigan Azpeitiak."

Atsotitzak

"Gu euskaldunok geu izan nahi dugu. Gauza sinplea da, baina egiazkoa. Nortasunari eutsi nahi diogu.

Baina, zer da nortasun hori? Eztabaida handia egon liteke hor, baina edozein aditu ados jartzen da minimo honetan: batez ere, hizkuntza eta kultura dela nortasuna. Hori behintzat, bai.

Eta hizkuntza eta kultura hori ezagutzeko, oso onak dira atsotitzak. Atsoen hitzak. Aintzinako hitzak.

Mundu ikuskera bat erakusten dute. Euskarak berak ere bai, adibidez, gauzak handitik txikira ordenatzen dituenean, erdara gehienetan txikitik handira ordenatzen baldin badira ere (Donostiko etxeko gelako arkakusoa, euskaraz; *la pulga de la habitaciĆ³n de la casa de Donostia, gaztelaniaz. Edo, mendian eta en el monte*)."

Atsotitzen bi alderdiak

"Atsotitz guztietan bi alderdi bereizi behar dira:

.1.- Denotatiboa. Hitzek huts-hutsean esaten dutena.

.2.- Konnotatiboa. Esanahi bikoitza, alderdi denotatiboa baino harantzago doana.

Bi alderdi hoiek garbi ikusten dira, adibidez, ezagunenetakoa izango den atsotitz honetan: zozoak beleari ipurbeltz. Alderdi denotatiboan, bi txori elkarri ezaugarri bat nabarmenduz; alderdi konnotatiboan, edonor berak duen hutsune edo akats bat besteari aurpegiratuz.

Alderdi konnotatibo hori ulertzea, askotan, zaila gertatzen da. Baina ez pentsa denotatiboa ulertzea beti erraza denik! Adibidez, umeak aragoan (aruntzago) bere ume. Aragoan horrek, "toki guztietan" esan nahi du, baina Azcue bera ere (euskararen alde lanik gehien egin duen gizona, nire ustez) nahastu egin zen, aragoan Aragoian ulertu zuenean. Edo Mitxelena bera ere nahastu zen antzeko beste esaera batekin.

Alderdi konnotatiboak sikologia handia du. Herriaren antzinateko uste, jokamolde eta tradizioak gordetzen dituzte atzean. Eta adibide batzuk xehetuko ditugu hemen."

Adibideak

  • Andre finak gizonaren gainetik egunean bi aldiz pasa(t)u behar du.
  • Zorra paga(t)u edo palaga(t)u.
  • Alferraren kolpea, zuzena.
  • Kaltea dagianak, bizarra lepoan.
  • Gizona gizon, otarrapian ere.
  • Kontuz gero! Andreak bederatziurrenik ez dik izaten!
  • Puzkerra dena irria, putza dena aharra.
  • Azeriak puztena luze, berak ala duenak bertzeak ala uste.
  • Errotan beta eta bidean prisa.
  • Ezkondu adi alperrarekin eta izango ditun aste(a)n bi ostiral eta la(r)unbatik ez.

"Bukatzeko, badut esaera bat oraindik ondo interpretatu ez dudana. Ea laguntzen didazuen. Toki askotan erabiltzen da. Urtebete betetzera doan umeari esaten zaio, gaur otarrapian lo egin behar duela. Baina ez dut urtebetetzea eta otarrapean lo egitea ondo lotzen asmatzen."

Argizaiola saria

Atzo aipatu ez bazen ere, aurtengo Durangoko Azokak Gotzon Garate omenduko du. Azoka antolatzen duen Gerediaga elkartea 1992.urtean hasi zen Durangoko argizaiola omen-saria banatzen, zenbait pertsona eta erakundeek euskara eta euskal kulturaren alde egindako lana goraipatzeko. Aurtengoa, Gotzon Garatek jasoko du.