Danborrada antolatzeko batzarra da gaur

Urola Kostako Hitza 2005ko aza. 23a, 11:11

Udal Musika Bandak grabatu eta Udalak argitaratutako CDa banatuko da bileran

2006ko sansebastianetako txostena ere aztertuko dute (Urola Kostako Hitza)

Udal Festa batzordeak deituta, 2006ko sansebastianetako danborrada antolatzeko bilera izango da gaur, asteazkena, 20:00etan, udaletxeko areto nagusian. Bertan talde eta elkarteetako ordezkariak eta Udaleko Festa batzordeko kideak bilduko dira.

Bi hilabete falta dira sansebastianetarako, baina dagoeneko antolaketa lanak hasi ditu Udalak. Gaurko batzarrean, azken bilerako akta onartuko dute lehenik. Gero, 2006ko sansebastianetako txosten osoa aztertuko dute. Gainera, Azpeitiko Udal Musika Bandak San Sebastian jaiei buruzko doinuak grabatu eta Udalak argitaratu duen CD berria, elkarte eta taldeei banatuko zaie batzarrean bertan.

Bestetik, datorren San Sebastian jaietan danborradako garaian euria egingo balu zer-nolako zirak banatuko diren erabakiko dute gaur. Urtarrilaren 26an, San Sebastian bezperako danborradako taldeetako zuzendariek eta Udaleko Festa batzordeak egindako batzarrean euria eginez gero ere danborrada irten egingo zela erabaki zuten. Aurtengo San Sebastian jaietan helduen eta haurren danborradako garaian euria egin zuen. Hori dela-eta hainbat nahasmen eta gaizkiulertu sortu ziren taldeetako ordezkarien artean, baina ondoren egindako bileran euria eginez gero ere irtetea erabaki zuten.