Euskal Eskola Nazionalaren Eguna ospatzeko ekitaldiak

Urola Kostako Hitza 2005ko aza. 16a, 13:11

Aurten Euskal Curriculuma ardatz hartuta ospatuko da

Aurrez hiru hitzaldi izango dira; aurrena bihar, azaroaren 17an, izango da

Euskal Eskola Nazionalaren Eguna abenduaren 3an, Ikastolaren Egunean antolatu du aurten Ikasberri Azpeitiko Ikastolak. Euskal curriculuma hartu dute ardatz VI. aldiz ospatuko duten Euskal Eskola Nazionalaren Egun honetan. "Aurreko ikasturtean ez genuen antolatu Euskal Eskola Nazionalaren Eguna, garaiz aldatzea pentsatu genuelako. Aurretik apirila inguruan egin izan dugu eta abenduaren 3ra aldatzea erabaki genuen. Aurrekoetan igandean ospatu dugu Eguna, eta aurten larunbata da. Bestetik, lekua ere aldatu egingo dugu. Lehen herriko plazan egin ditugu ekitaldiak, eta aurten garaiagatik-eta Ikastolan bertan izango dira", diote Ikasberri Azpeitiko Ikastolakoek.

Euskal Eskola Nazionalaren Eguna abenduaren 3an ospatuko dute, baina aurrez eta Egunarekin berarekin lotuta hiru hitzaldi antolatu dituzte horietako bi afari-tertuliak izango dira. Aurreneko hitzaldia, bihar, azaroaren 17an, izango da 20:30ean, Ikasberri Azpeitiko Ikastolako biltokian. Xabier Garagorri jardungo da hizlari, honek Euskal curriculuma izango du hizketarako gaia. Garagorri, Ikastolen Elkarteak bultzatuta martxan jarri eta gaur egun hezkuntzako beste hainbat erakunderekin elkarlanean aritzen den Euskal Curriculum proiektuaren zuzendaritza taldeko kidea da. Ikastolen III. Batzarrean (1996ko urrian) Pedagogia Plan Nazionala onartu zuten eta bertan, besteak beste, etorkizuneko Ikastolen IV. Batzarrean ikastolen Euskal Curriculum propioa aurkezteko konpromisoa hartu zuten. Euskal Curriculumaren proiektuan Garagorri da Euskal Herriko Ikastolaren Konfederazioaren ordezkaria eta arduraduna. "Zer jakin behar dute haur euskaldunek Euskal Herriaz eta munduaz? Ikasgelan landu beharreko euskal curriculuma zehaztu du Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak. Beste hitz batzuekin esanda: Unibertsitate aurreko hezkuntza formalean neska-mutil euskaldunek Euskal Herriaz eta munduaz ezagutu beharreko gertaera eta kontzeptuak zehazteko ahalegina egin da", dio Garagorrik. Bihar, haren hitzak eta azalpenak zabalago entzuteko aukera egongo da Ikasberrin.

Euskal Eskola Nazionalaren Eguna laugarren aldiz antolatuko du aurten Ikasberri Azpeitiko Ikastolak, aurten ere egunerokotasunean hausnarketarako geldialdi bat egitea erabaki dute antolatzaileek. "Askotan egunerokotasunak jan egiten gaitu eta ez dugu astirik hartzen hausnarketarako. Euskal Eskola Nazionalaren Egunean hausnarketarako denbora hartuko dugu, edozeinentzat da baliagarria eta ez dauka garrantziarik nork antolatzen duen. Kontua antolatzea eta egitea baita", diote antolatzaileek.

Aurten ere Euskal Herriko beste ikastoletakoak gonbidatuko dituzte Eskola Nazionalaren Egunean parte hartzera. "Gure ikastolako ikasleek egun hori antolatzen egiten duten lana ere aipagarria da, urtero beste ikastola batzuetako ikasleekin harremanetan jartzen baitira eta hona etortzeko gonbidapena luzatzen die haiei", diote.

Egitaraua

Azaroak 17, osteguna
20:30. Xabier Garagorri Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko kide izango da hizlaria. Gaia: Euskal curriculuma. Ikasberri Azpeitiko Ikastolako biltokian.

Azaroak 25, ostirala
20:30. Tomas Urzainki historialaria eta Nabarraldeko kidea izango da hizlaria. Honek Soberania o subordinacion bere azken liburuan hezkuntzari buruz egiten duen planteamenduaren inguruan hitz egingo du. Ikasberri Azpeitiko Ikastolako biltokian. Afari-tertulia izango da.

Abenduak 2, ostirala
20:30. Victor Alexande kazetari kataluniarrak nortasuna edo identitatearn eraikuntza gaiari buruz hitz egingo du. Ikasberri Azpeitiko Ikastolako biltokian. Afari-tertulia izango da.

Abenduak 3, larunbata
Egun osoan. Euskal Eskola Nazionalaren Eguna. Hausnarketa, herri bazkaria, haurrentzako jolasak... Ikasberri Azpeitiko Ikastolan.