Xabier Euzkitze: "Nire bertso errotak bizi-bizirik jarraitzen du"

Ezpala (Aldaketa 16) 2005ko aza. 17a, 12:11

Aldaketa 16 aldizkarian elkarrizketa egin diote

Pare bat aldiz Bertsolari Txapelketako txapela laztandu zuen. Egun oholtzetatik urrundu arren bertsoa ez du arrotz, gertuko bizikide baizik.

Bertsotan aritzea gozatzen segitzeko jardun naturaltzat dauka. Oraindik ere, bere harridurarako, "Xabier, bota ezak bertsoa" esaten dio bat baino gehiagok. Jendeak ahaztu ez duenaren seinale.

"Pilotalekua da eskulturarik hoberena" (Jorge Oteiza). Eta zer da bertsolaritza Xabierrentzat?

Naturalki etorri zaidan zerbait da. Lauzpabost urte izango nituen nire lehen saioa entzun nuenean: Lasarte eta Agirre aritu ziren bertsotan eta Azkoitiko Urrategi auzoko festetako saio hark misterioz jositako aparteko lilura sortu zidan. Bi bertsolarien arteko ika-mika eta solasaldiak, jendearekin lortzen zuten komunikazioa; algara eta negarra lortzeko dohainak. Gero eskolan bertsolaritza hurbildu zigutenean bertsotan egiteko gainontzeko lagunak baino erraztasun gehiago nuela ohartu nintzen: naturalki sortutako prozesua izan dut bertsolaritza eta neure dohainak eta zaletasuna uztartzeko bidea eman dit. Txikitan entzun nituen bi bertsolari haiek ere ezagutzeko beta izan dut. Joxe Agirrerekin, lotura afektibo estua dut eta Manuel Lasarteren bere bertsokera, berriz, bitxi eta oso jario naturalekoa, asko miresten dut.

Nestor Basterretxeak jeinu bakar bat ezagutu duela aitortu berri du, Oteiza. Eta Euzkitzek bertsotan nor du jeinutzat?

Urte gutxigatik Xalbador; bizirik, ihes egin zidan, halere gerora harrapatu dut; baita besarkatu, gozatu eta ikaragarri maitatu ere. Jeinu handienetarikotzat dut. Ezagutu ditudanen artean, Manuel Lasarte eta Joxe Agirre asko estimatzen ditut; Egañaren maisutasunez gozatzeko aukera izan dut. Sebastian Lizasorekin plaza asko egiteko suertea, eta bera da ezagutu dudan bertsolaririk bertsolariena. Askorekin ikasteko suertea izan dut, baina jeinutan jeinuena, Lazkao Txiki izan da. Ez zuen egonkortasun emozionalik ezta askotan bertsotan ere, baina jendea barre-arazteko eta hunkitzeko erraztasun handia zuen; baita saio bat gaizki hasi eta ondo bukatzeko ere.

Pilotari izan nahi eta esatari amaitu duzu. Eta bertsolaritza non laga duzu?

Zaletasun ikaragarri baina dohain gutxiko pilotaria nintzen eta lanbideari esker, biak sentitzen ditut oso nire: pilota eta komunikazioa. Esatari lanetan oso gustura aritzen naiz, pilotaz maitemindua bainago. Bertsolaritzak nigan jarraitzen du oholtza gainean ibili ez arren. Seguru nago, gaur egun plazetan dabiltzan bertsolari gehienek baino bertso gehiago kantatzen dudala egunaren buruan. Ziur. Bertso saioetatik urrundu nintzen baina barruak bertsoa eskatzen dit. Nahigabe hasten naiz bertsotan: haurrei ere zerbait esan behar diedanean askotan bertsotan jakinarazten diet. Bertso asko kantatzen dut egunaren buruan: autoan, paseatzen baita palaz jokatzen ari naizenean ere. Ametsetan ere bai! Nire bertso errotak bizi-bizirik jarraitzen du.

Pilotariei jakinarazten diezun legez, zein duzu bertsotan egiteko lekurik kutunena.

Zumaiako Artadiko San Migel auzoan urteak daramatzat gustura bertsoak kantatzen; bertako pilotalekua begiko dut, oroitzapen asko gogorarazten baitizkit. Oso neurea dut. Txikitan gurasoekin, udan, igandero joaten ginen bazkaltzera eta berton, duela urte asko bertsotan aritzen naiz. Lazkao Txiki hantxe ikusi nuen bizirik azken aldiz eta azkenaldian Joxe Agirrerekin aritzen naiz bertsotan. Erretiratu ostean pare bat huts egin arren, egun, urtero joaten naiz.

Zure momentuzko bertso agurra Soraluzen izan zen.

1998an herriko antzokian hain zuzen ere. Aspalditik hausnartutako urratsa izan zen ikuste bainuen bazetorrela nire aroaren amaiera. Bertsotan ez baita lan baten moduan egin behar, barruak eskatu eta saiora joaterakoan poza hartzen delako egin behar da. Garai hartan, azkenerako, saio baten atarian nolabaiteko tristura sumatzen nuen: eta bertsoetara ezin da horrela joan. Soraluzen sentsazio hori indartsu etorri zitzaidanez, "hau da nire azken saioa" deliberatu nuen: azken agurrean jakinarazi nuen nire erabakia.

Lasaitu handia hartu al zenuen?

Gogoan dut oholtzatik jaisten ari ginela, Egañak, "hau tenporala duk" esan zidala. Eta nik, "Bai, ekaitza" erantzun nion. Sekulan ez dut esan bueltatuko ez naizenik baina banekien ez zela bi hilabeteko zoroaldia. Sentsazio zoragarrienak sortu izan dizkidan munduari, aktiboki, agur esateak tristura eragin zidan, bertso-lagunekiko lortura pixka bat eten egin baita, baina beste aldetik lasaitu handia hartu nuen. Ondo baino hobeto dakit, nire bizitzan hartu dudan erabaki zuzenetarikoa izan dela. Egun, bertsoarekin harreman naturala dut: nahi dudanean soilik kantatzen dut.

Bertsotan non aritzen zara gustuen; sakea (lehen bertsoa), peloteoan (ofizioetan)...

Gai librean egin dudan saiorik onenetako bat Jon Lopategirekin egin nuen Donostiako Konstituzio plazako Ilazki euskaltegiko balkoitik. Oso eroso ibili nintzen erritmoa ipintzen. Azpillaga eta Sebastianekin, berriz, eurak izan ditut aurrelari edo zirikatzaile eta ni errestoan, erantzuten, alegia ondo moldatu naiz.

Pilota eta herri kirolen inguruan gehien idatzi duen pertsona Baserri izan da. Zuk Txapelketan (1993) bota duzun azken bertsoa, berari eskaini zenion.

Baserriren bertso idatziak gustura irakurri izan ditut baina nolabaiteko lotura sentitzen nuen berarekiko, nik bizi izan ditudan zenbait une eta sentsazio berak ere aurretik biziak baitzituen: nolabaiteko elkartasun keinua izan zen. Txapela eskaini nahi nion baina txapeldun ordetza luzatu nion.

Txapelketa gaztea dugu aurtengoa. Hurbildu al zara?

Joango nintzateke saioren batera, baita finalera ere, baina ez dit irrika berezirik eragiten. Txapelketa, ez da naturala, ezta txapelketan jartzen diren zenbait lan ere: adibidez, "doinu jakin batean, bota hiru bertso". Teknikaren apologia egiten da. Txikitatik txapelketa kume izan arren, egun, bertsolaritza beste era batean ulertzen dut. Oraingo gazteen artean badira bertsokeraz, izaeraz eta aldartez asko gustatzen zaizkidan bertsolariak. Lanarengatik ez dut bertso saioetara joateko aukera askorik eta irratiz oso gustura jarraitzen dut bertsoa. Gero eta gehiago gozatzen dut mahai-inguruan lagunartean bertsotan egitea.

**Urtetan ez zen inor Atano III.a menpean hartzeko gai izan. Andoni Egañak bide bera al darama?**

Andonik esan izan du txapela oholtza gainean galtzea ez litzaiokeela axola, baina ez dut imajinatzen, adibidez, zortzi urte barru oraindik ere txapelagatik borrokan.

Atano III.ak azken txapela 42 urterekin lortu zuen. Oraindik ere txapela lortzeko garaiz zabiltza.

Baina hark ez zuen etenaldirik izan eta pilotari izaten jarraitu zuen baita 65 urterekin ere: herriz herri izugarrizko erakustaldiak eskainiz gainera. Ez zion jendaurreko lanari utzi; nik, bai. Berriz parte hartzea erabakiko banu, motibazio edo premia bat ikusten dudalako izango litzateke.

Bertsotan oraindik ere hizketan ariko bazina bezala egiten al duzu?

Lehen bezain erraz egiten dut eta ez litzaidake gustatuko entzuleak ezinean sumatuko banindu. Bertsoak ere ez dit bizkarrik eman.

Euzkitze sustraitu ondoren; Xabierrek bere iparra berreskuratu al du?

Badakit bakoitzak bere arloa daukala baina pertsona publikoa naizenez badakit eremu publiko eta pribatua bereizten. Xabier eta Euzkitze, bi aurpegi horien arteko borroka eramanezinik ez dut, elkar jasaten dute.

Duela urte batzuk Jon Sarasuak egin zizun elkarrizketa batean "bertsolaritza ez da libratzen herri honetan dagoen beldurretik" esan zenuen.

Badakigu gizarte honetan zer bizitzea tokatu izan zaigun. 1992an orain baino zailagoa zen bertsotan aritzea, batez ere mezu ofizialetatik pixka bat baztertuz gero. Asko sufritzen ari nintzen momentu batean egin nuen adierazpen hori. Jendaurrean lanean aritzen denak hurbiltasuna behar du eta bertsolariak jasan ditzake zenbait unetan entzulearen hoztasuna, baita askok bizkarra ematea ere, baina sorkuntza lana mugatzen badu oso zaila da aurrera egitea. Goxotasun falta sumatu nuen zenbait momentutan. Ez daukat damurik bortxakeriak ez daukala inolako zilegitasunik adierazi izanagatik, eta ezta hartutako bideagatik ere.