Segurola presoaren lagun eta senideek auto istripua izan dute

Uztarria 2005ko aza. 12a, 13:11

Larunbatean gertatu zen ezbeharra; inor ez dago larri

"Sakabanaketarekin bukatu" egin behar dela dio Askatasunak

Joseba Segurola Xegu azpeitiar presoa urriaren erdialdetik aldatu zuten kartzelaz, eta ordutik Bois d’Arcy espetxean dago preso. Azken kartzela hori Parisen dago, Euskal Herritik 890 kilometrora. Larunbatean, hura bisitatzera zihoazen lagun eta senideek auto istripua izan zuten. Gidariak lo hartu, bazterra jo eta autoaren gurpil bat lehertu zitzaien. Lagun eta senideek ez zuten kalterik izan. "Susto batean gelditu da oraingo auto istripua. Baina horrelako gertaerak euskal presoen sakabanaketa politikoaren ondorioak dira. Sakabanaketarekin bukatu beharra dago eta presoak Euskal Herrira ekarri behar dira", diote Azpeitiko Askatasunako kideek.

Jabi Agirre Lyonera

Jabi Agirre Frantzian preso dagoen azpeitiarra, berriz, osasunez gaizki dagoela-eta ospitalera eraman dute osasun azterketa egitera. "Agirrek, osasunez gaizki aurkitzen zelako aspaldi eskatu zuen azterketa medikoa egitea. Urriaren bukaeran Moulins-eko ospitalera eraman zuten, baina ospitalean argindarrik ez eta berriro bueltan kartzelara eraman zuten. Agirrek egoera hau salatu egin zuen eta hilaren 3an Lyoneko ospitalera eraman zuten, orain azterketa medikoa egiteko zain dago", adierazi du Askatasunak.