Saihesbideko lehen fasea onartu dute

Urola Kostako Hitza 2005ko aza. 10a, 12:11
Irudian saihesbidearen lehen fasea gorriz.

Landetatik Zapatari baserrira bitartean egingo da errepidea, Zabaletxetik (Urola Kostako Hitza)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuak jakinarazi duenez, Azpeitiko saihesbidearen lehen fasearen trazatu proiektua onartu du Diputatuen Kontseiluak. Lehen fasean Landeta-Zapatari arteko zatia egingo dute.

GI-2635 errepidearen saihesbidea Landetako bidegurutzearen (gaur egun biribilgunea dagoena) eta Zapatari baserriaren artean egingo dute, Larreko industriagunetik barrena; guztira 1,3 kilometroko luzera izango du.

Lehen faseko proiektuaren baitan hiru zati bereiztu ditu Aldundiko Bide Azpiegitura departamenduak: lehenik, 700 metroko errepide zati berri bat egingo da. Bigarrenik, GI-631 errepidean, 212 metrotan lau bideko (bi norabidetan bina bide) zati bat egingo dute. Azkenik, hirugarren zati batean, GI-2635 errepidean, 400 metroko zati bat hobetu egingo dute.

Azpeitiko saihesbide berriaren lehen fase hori, Landetako biribilgunean hasiko da ,eta aurreneko zatian lau bide edo errei izango ditu. Gero, Zabaletxen biribilgunea egingo da, eta hortik Atxubiagako biribilguneraino (Landetatik Urrestillarako errepidean dagoen biribilgunea) bi bideko zati bat egongo da; bukaeran gaur egungo errepidearekin Azpeititik Beasain aldera dihoan GI-2635 errepidearekin bat egingo du. Errepide hori Atxubiagako biribilgunetik Zapatari baserriaren ingururaino zabaldu eta hobetzeko asmoa du Gipuzkoako Foru Aldundiak.