Kalea berritzearen burukominak

Urola Kostako Hitza 2005ko aza. 9a, 15:11

Enparan kaleko lanak "zailak" izaten ari dira bertakoentzat

Behin Enparan kaleko obrak bukatu ondoren, Plaza Txikian hasiko dira makinak lanean (Urola Kostako Hitza)

Obrak hasi aurretik jakinarazi zuten biziberritze lanak gogorrak izango zirela, bai bizilagunentzat eta baita merkatarientzat ere. Halaxe esan zuten Enparan kaleko lanak hasi aurretik, udaletxeko eta Sindikatu Zaharrean egindako batzarretan, obra eta Udaleko arduradunek.

Enparan kalean maiatzaren hasieran hasi ziren lur azpiko azpiegiturak eta zoladura berria jartzen. "Gogorrak", halaxe gertatzen ari dira askorentzat kaleko obrak. Madrazo dendakoak eta Garcia botikakoak, obra "luze" egiten ari dela diote, "negozioan antzematen ari gara, asko gainera". Erdi kaleko etxe bat botatzeko garabi bat ere jarri dute Enparan kalean, eta hori ere ez zaie ondo iruditu Enparan kaleko dendari hauei. "Erdi kalean etxea bota behar eta garabia gure denden aurrean jarri dute. Udalak esan digu ezinezkoa dela bi kale batera ixtea, baina guk jasan beharko dugu horren kaltea ere", diote.

Beste batzuen kasuan ordea, negozioan eraginik ez dutela nabarmendu dute, hala diote Luba Aholkularitzakoek: "Bezero aldetik obrengatik ez dugu galerarik nabaritu, beti bezala egin dugu lan. Bulego aurrean kalea altxatuta eduki dugunean, oinezkoentzako-eta pasabidea jarri izan digute beti. Alde horretatik arazorik ez dugu izan. Dagoeneko gure bulegoaren aurrean zoladura berria jarri dute eta orain lehen baino hobeto gaude".

Kale estuak dira alde zaharrekoak eta era honetako obrak egiteko orduan antzeman egiten da. "Horren kale estuak izanda makinariarekin lan egiteko zailtasun gehiago daude. Guk ahal duguna egiten dugu oinezkoentzako pasabideak-eta jartzen", dio bertan lanean ari den batek. Lan zailena eta zaratatsuena lur azpiko azpiegiturak berritzeko obra da, behin hori eginda zoladura jartzeko lana arinagoa da.

Kontu batean behintzat Enparan kaleko merkatariak bat datoz: "Azkenaldian lanak azkarrago egiten ari dira, hasieran baino langile gehiago ari direlako lanean".

Jakinarazi dutenez, behin Enparan kaleko obrak bukatu ondoren, Plaza Txikian hasiko dira makinak lanean.