Euskarazko zinemaren arrakasta

Uztarria 2005ko aza. 4a, 16:11
'Obaba' eta 'Aupa Etxebeste!' filmeen kartelak.

Aupa Etxebeste! eta Obaba filmak euskaraz bota zituzten urrian Soreasun, eta biak ohi baino jende gehiagok ikusi zituen

Aupa Etxebeste! 1.300 lagunek eta Obaba 430ek; gaztelerazkoak ikustera 300-350 lagun joan ohi dira

Bernando Atxagaren Obabakoak liburuan oinarritutako Obaba filma euskaraz bota zuten Soreasu antzokian urriaren 14an, 15ean, 16an eta 17an. Azpeitian bota baino hilabete lehenago estreinatu zuten filma Donostiako Zinemaldian. Gazteleraz grabatutako filma, euskarara ere bikoiztu zuten, eta Azpeitian 430 lagun joan ziren filma ikustera.

Asier Altunak eta Telmo Esnalek zuzendutako Aupa Etxebeste!, Obaba baino astebete beranduago izan zen ikusgai herrian (urriak 21ean, 22an, 23an eta 24an). Sei sesiotan bota zuten eta 1.300 lagunek ikusi zuten. Oro har, Soreasu antzokian botatzen dituzten filmak gaztelerazko bertsioak izan ohi dira, eta batez beste 300-350 lagun inguru izaten dira filma ikusten.