Jose Luis Gorrotxategi: "Liburua nik neure gustura egin nahi izan dut, nire kapritxora"

Urola Kostako Hitza 2005ko aza. 4a, 10:11
Jose Luis Gorrotxategi bertsolaria.

Gorrotxategik Gogoan dauzkadanak bertsoz eta prosaz osatutako liburua idatzi du

Laister kaleratuko den liburuak 250 orrialde eta 434 bertso jasotzen ditu (Urola Kostako Hitza)

Osintxuarra da, baina 1972an ezkondu eta geroztik Azpeitian bizi da Jose Luis Gorrotxategi bertsolaria. Aurrena lagun batekin hasi zen bertsotan, lagunak ikasitako bertsoak kantatzen zituen, eta Gorrotxategik berak sortutakoak. Oihalak egiteko makinak konpontzen lan egiten zuenean, makinen zarataren babesean jarduten zuen bertsotan. Aurrenekoz plaza batean 18 urterekin abestu zuen. Urtero 50en bat plaza egiten ditu, "Franco hil zen urtean, 1975ean, egin nituen plaza gehien: 87". Orain, liburu autobiografikoa idatzi du. Inprentan dago eta hilaren bukaeran kaleratzeko asmoa dute. Gogoan dauzkadanak jarri dio izenburua, Bertsolari sailean aterako da.

Nondik nora idatzi duzu liburua?

Liburua egiteko ideia aspalditxotik nuen. Izan ditut lagun batzuk liburua egitea eskaini didatenak, baina nahiago nuen liburua neronek egitea. Nik nire gustura egin nahi izan dut liburua, nire kapritxora. Baina lanean jardunda ez zegoen egiterik eta nahiago nuen jubilatu arte egon eta orduan lasai-lasai egin. Eskerrak, batik bat Joxin Iturriotzi hainbeste bertso ekarri dizkidalako, bestela ez nuen horrenbeste egiterik izango.

Gogoan dauzkadanak jarri diozu izenburua.

Bai, bestela galduko ziren gauza asko eta inon ez daudenak jaso ditut, hainbat pasarte esaterako. Gero, une berezietan Basarri edota Mitxelenari entzundako bertso batzuk ere jaso ditut liburuan. Inon ez daudenak, nik entzun, buruz ikasi eta gero idatzita jaso nituen. Gordeta neuzkan eta denak jarri ditut.

Nola osatu duzu liburua?

Prosa eta bertsoekin osatu dut liburua. 434 bertso eta nire bizitzako pasarte garrantzitsuenak edota niri gogoan gelditu zaizkidanak jaso ditut. Gurasoen jaiolekutik hasita, mutiko garaiko ibilerak, eskola garaia, soldadutza... Beste zati batean, Loiolako txapelketak eta txapelketa mundu hori aipatzen dut. Geroagoko txapelketak ere jaso ditut: Imanol Lazkanorekin egindako txapelketako saio bat, Amurizarekin egindako beste bi edo. Badago baita ere, Uztapideri infarto bat eman eta mututu zenekoa, Donostiako Atanon. Orduan Uztapide, Agirre, Azpillaga eta nik egindako saioa jaso dut. Gero, bertso pilo bat, niri eskatu eta egindakoak dira. Nik kopiarik gorde ez eta orain ordua heldu denean asko batean eta bestean ibilita bildu ditudanak. Joxin Iturriotzek ere ekarri dizkit, bertso piloa. Horiez gain parean tokatu diren gertaerei buruzko bertsoak, kirolari buruzkoak... jaso ditut. Liburuak 250 orrialde ditu. Lau ordu eta erdi bost bat ordutan irakurtzen da.

Liburua egiteko orduan lan gehien zerk eman dizu?

Zailena bertsoen aukeraketa egitea izan dela esango nuke. Hiru mila bat bertso ekarriko zizkidan Iturriotzek eta nik neuk beste bi mila neuzkan, bost mila bertsotatik 400 aukeratzea lan zaila izan da. Bertsoak biltzeak ere lan pixkat eman dit, bestela prosa idazteak ez dit arazo handirik eman, prosan Osintxu eta Bergara aldeko kontakizun batzuk jarri ditut, bere garaian gertatutakoak eta gogoan nituenak. Idazteak oso denbora gutxi kendu dit, behin bertsoak aukeratuta nituenean hiru hilabetean-edo egin dut liburua.

Bestelan idazteko joerarik eduki al duzu?

Bai, bai. Idazteko joera handia eduki dut. Gazte denboran egundoko bertso piloa idatzi nituen. Eskuz idatziak ordenadorera ere orain neuk pasatzen ditut. Mutikotan etxean banuen Olivetti zahar bat eta eskolan bidalitako lanak makinaz egiten nituen. Idaztea ez da gehiegi kostatzen zaidana. Otsailean hartu nuen erretiroa eta erraz bukatu dut liburua.

Bertsolari Txapelketa Nagusia abian da. Nola ikusten duzu finala?

Aurten ez dakit zeinek irabaziko duen. Niri bere bertsoa egiteko modua ikusita, gaur egunean gehien gustatzen zaidan bertsolaria Mendiluze da. Euskarari batere aberiarik egin gabe bertsoa egiten du eta niri haren bertsoa ikaragarri gustatzen zait. Badakit EgaƱa eta Lujanbio ere oso onak direla. Maia ere oso ondo omen dago. Colinarekin kontuz! Arzalluzegatik ari da jendea, baina bietan txapelketarako alde handia dago, bertso aldetik alde handirik ez badago ere. Colina taula gainera irten eta imanarekin bezala tira egiten du, hori txapelketarako oso ona da. Bizkaitarrak, Elortza eta Iturriaga, seguru asko biak pasatuko dira. Aurreko txapelketako zortzi finalistak ez dira izango. Zein geldituko da kanpora? Ez dakit, seguru asko Irazu. Mendiluze eta Irazuk ez daukate bertsotan alde asko baina bat matematikoa da eta besteak berriz hitzak pixkat fortzatu egiten ditu eta horrek epaimahaian eragina du.