Kontxu Odriozola: "Denok gara aktoreak; gero eta gehiago, gainera!"

Idoia Etxeberria (Berria) 2005ko aza. 3a, 11:11

Aktore azpeitiarrari elkarrizketa egin dio 'Berria'-k Tartea gehigarrian

Alaia, umoretsua, parrandazale samarra, lagunen laguna eta amona biguna. Holakoxea da Kontxu Odriozola, Maria Luisaren oso bestelakoa, askok kontrakoa uste duten arren. Urte asko daramatza ‘Goenkale’-n, Maria Luisaren rolean; baina, aitortu duenez, gustura aldatuko luke erregistroz.

Lau kalabazaren ondoren, lortu dugu Kontxurekin egotea. Miramonera joan gara, eta libre zuen tarte batean elkarrizketatu dugu. Maria Luisa bezala jantzita zegoen, hurrengo entsegurako prest. Umoretsu hartu gaitu, eta hizketa biziz kontatu bere ustez "mila aldiz kontatutako gauzak" direnak: "Pertsona arrunta naiz". Baina Kontxu berezia da, oso.

Azpeitiarra, baina San Fermin egunean jaioa. Zure bizitzak ba al du entzierroen antzik?

Bai, momentu batzuetan bai. Txupinazo eta guzti, gainera! Boladak izaten dira… Baina lanean ibili naizen denbora gehienean, oporretan izan ezik, nahiko korrika ibili naiz, bai. Antzerkikoa ez hainbeste, beharbada, baina telebistako erritmoa oso gogorra da.

Betidanik gustatu zaizu antzeztea? Nola piztu zitzaizun harra?

Txiki-txikitatik izan dut gogo hori. Nire aitak izango du errua: antzerki taldeak ikustera eramaten ninduen; berak dekoratuak margotzen zituen. Gero, mojekin ikasketak egitean ere, beti erakusten ziguten antzerkia, abestiak eta horrelako gauzak. Eta irratiak ere asko laguntzen du irudimena lantzen; telebistarik ez zegoen, baina irratia egunero entzuten nuen. Pentsa, mozorrotu eta etxeko eskaileretan antzerkiak-eta antolatzen genituen.

Entzuna dut irakasleak imitatzen ere oso ona zinela.

Bai. Kar-kar-kar. Askotan barre eginarazten nien lagunei: ‘Egin ezan harena, eta egin ezan beste harena!’. Eta niri hori ez zitzaidan batere kostatzen. Beno, antzezlea antzezle dela hor ere nabaritzen omen da, ezta? Erreparatzea tresna bat da aktorearentzat. Aktorea kaxa hutsa bezalakoa da, eta kaxa horretan kanpotik hartutako gauzak pilatzen joaten da. Inguruneak arreta ematen dizu, dena hortxe dago: pertsonak, bai hurbilekoak eta bai urrunekoak, bakoitza bere tikarekin, bere maniekin… Pertsonak dituen bi edo hiru gauza eskuratzen badituzu, nahi gabe ateratzen zaizu imitazioa!

Gogoan duzu zure lehen antzezlana?

Bai, uste dut Ramuntxu izan zela… Ez, aurretik Ya lo creo egin nuen, neskame batzuena, Donostiara markesa baten etxera lanera etorritakoena. Ramuntxu-n moja superiorarena egin nuen, gogoratzen dut. Eta ikusle batek ez zuen sinesten 14 edo 15 urte nituela, abituak eta denak kendu arte! Helduagoa ematen nuela zioen.

Eta dezente helduago hasi zinen antzerkian serio: 36 urterekin, hiru ume txiki zenituela. Zergatik?

Irakasle izateari utzi nion, antzerkia egin nahi nuelako. Irakaskuntzan 17 urte egin nituen. Eta, gero, Donostiara bizitzera etorri ginenean, senarrak lana hemen aurkitu baitzuen, bikoizketan hasi nintzen, ez nekielako zein antzerki taldetan sartu… haien obrak ezagutu bai, baina ez nintzen ausartzen haiengana hurbiltzen neure burua eskaintzeko. Eta orduan ireki zen Antzerti Eskola. Eta oparia izan zen niretzat! Hori askotan esan dut. Ze oroitzapen onak ditudan! Mundu berri bat ireki zitzaidan, eta oso gustura, gauza pila bat ikasi nuen.

Zaila egin zitzaizun irakasle lana uztea?

Bai, noski. Nire amari ez zitzaion gustatu batere. Ez zuen garbi ikusten. Ez du ulertzen antzerkia nola gusta daitekeen hainbeste. ‘Horiek, kanpoko jendearen txorakeriak!’. Eta esango nuke hemen bertan ere oraintxe hasi dela pixka bat serio hartzen. Abeslariak eta margolariak eta antzezlariak… ez dugu oso zera ona izan. Orain, kanpoan ezaguna baldin bazara, orduan bai! Baina hemen bizi garenok eta… Eta konturatzen naiz nahiko nekagarria naizela, beti hau lanbide bat dela esaten, eta denak ez garela berdinak: batzuk arduratsuak direla, beste batzuk gutxiago…

Gidoia ikasi gabe baduzu, ezin ei duzu lorik egin. Zu arduratsuen taldean egongo zara, noski.

Ahalegintzen naiz! Gidoia ondo ikasi, eta aldatu behar badut, akotazioentzat toki bat libre utzi… Nik uste lanean nahiko artatsua naizela, baina halakoa naizelako izaeraz. Ikusten ditut nik askoz lan gutxiago egin eta lan hobea ateratzen dutenak nire gremioan. Baina zer egingo diogu, ba? Denak ez gara berdinak!

Egia da ikasteko marrazkiak egiten dituzula?

Bai, betidanik. Esaldi batek irudi bat ematen dit, eta nik badakit hura zehatz-mehatz ez dagokiola, baina niri gogoan hartzeko balio dit. Orduan, alboan, klank, segituan marrazkitxo bat egiten dut. Eguzki bat egin badut, badakit esaldi horretan eguna edo goiza hitzak badatozela. Eta poza baldin bada, kanpaitxo bat jartzen dut! Gauza asko dauzkat horrela. Denak ez dizkizut esango!

Gogorra da aktorearen bizimodua?

Jendeak esaten du: ‘Hauek zein erraz egiten duten lana!’. Baina dena ondo prestatuta eduki behar duzu, Aitagurea bezala ikasita. Etxean sartu behar dituzu ordu asko. Hona ez zara etortzen ikastera. Entseguak gauzak egokitzeko egiten dira. Eta ez dut onartzen lagunen bat ez duela ikasi esanez etortzea… Eta antzerkia ere gogorra da: taula gainean oso gustura sentituko zara, baina jendeak ez zaitu ezagutzen. Bizitza osoan antzerkia egin baduzu ere, telebista da zuri gaurkotasuna eta ezaguera ematen dizun tresna. Antzerkia gogorragoa da alde horretatik: oso aitorpen gutxi izaten duzu, orokorrean. Behin ere ez da jendetza joan antzerkira, kasu jakin batzuetan izan ezik (Ama begira zazu; Kutsidazu bidea, Ixabel…).

'Ama begira zazu'-k egundoko arrakasta izan zuen. Ze oroitzapen duzu?

Oso onak. Umorea hala jorratzen zen lehen aldia zen; estilo bat sortu genuen, eta ondoren pilak eta pilak egin dira estilo horri jarraituz. Batzuetan izaten da egin behar zelako eta hala behar zuelako. Zeinek dauka arrakastaren giltza? Inork ere ez. Bestela, denok ekoizle bihurtuko ginateke eta aberastu! Gertatu egiten da batzuetan, filmetan ere bai, aktoreak eta casting-ak izugarri onak izan eta ez dutela arrakastarik izaten.

Duela 12 urte Maria Luisa bihurtu zinen, eta askok horregatik ezagutzen zaituzte.

Bai, Maria Luisa andre atorrante hori bihurtu nintzen. Eta jendearen aurrean harroputza, handinahia, gaiztoa… Adjektibo guztiak ditut! Azken batean, ezjakina. Jende askori gustatu egiten zaio. Nik uste dut pertsonaia terapeutikoa dela niretzat, ze zuk nahi dituzunak eta bi esaten dituzu eta lasai geratzen zara! Eta hori bizitza errealean inolako moduz inork ezin du egin! Hau aukera paregabea da: oso zaila da beti disimuluan ibiltzea eta txintxoarena egitea; denok egiten dugu antzerkia bizitzan. Zu bakarrik zaudenean bakarrik zara benetako zeu! Denok gara aktoreak; gero eta gehiago, gainera. Ze lan on bati heltzeko ere orain aktore ona izateko eskatzen dizute: bai hitz egitean, bai itxuraz… Lehen askatasun handiagoa geneukan. Esaten genuen: ‘Lanari ez diot utziko, umeak hazi behar ditut, etxea eraman behar dut, enkarguak egin behar ditut eta, gainera, erakutsi behar dut trebea naizela’. Hori egitera iritsi ginen, baina hainbeste presio gabe: ez geneukan obsesionatu beharrik 60 kilotan egon beharrarekin! Orain, argala egon behar duzu, guapa izan eta demostratu denak baino gehiago zarela.

Zure gaztaroa gaurkoaren oso desberdina izan al zen?

Gu gaztetan pribilegiatuak izan ginen: gauza pila bat genuen egiteko, eta ikusten genuen gure beharra zegoela, garrantzitsuak ginela; euskal kultura bultzatzeko... Guk bizi izan genituen urte haiek, politizatutako jaialdi haiek… Ez da bizi behar atzera begira, baina pena ematen dit gure seme-alabek-eta momentu hura ez bizi izanak. Guk izan genuen gaztetasun hura… chapeau! Ez nuke aldatuko, ezta pentsatu ere! Orain askatasun handiagoa dago; baina, egia esan, ez dakit zertarako. Oraingo gazteek ba al daukate modurik beren buruak non kokatu jakiteko? Ez dakit.

Kontxuk ez dauka Maria Luisaren antzik ezertan?

Begitan hartuta naukan norbaitek igual esango dizu: ‘Hori, horrelakoxea da!’. Nire alabak-eta ahalegintzen dira denei esaten: ‘Nire ama ez da holakoa…’. Baina nahi dutena pentsa dezatela! Nekagarria da, hori erakusten ez daukat hasi beharrik! Hau ere aditu izan dut: ‘Telebistan den bezalako agertzen da pertsona’. Gezurra! Hori ez da egia; albistegia esaten ari dena ere ez da horrelakoa.

Baina sarri nahasten zaituzte Maria Luisarekin?

Bai. Ezin dut esan nondik, baina gogoratzen naiz idatzi zidala batek, esanez bere etxean pentsatzen dutela erotuta dagoela landareekin hitz egiten duelako, eta orain egundoko lasaitua hartu duela, ni ere landareekin hitz egiten ikusi nauelako. Gainera, gidoilariei esan behar diet! Nire pertsonaiak landareei esaten zizkien barruko kontuak, eta aspaldian ahaztuta daukate! Kontuz ibiltzeko esaten ere idatzi zuen beste batek, egunen batean egurtua emango didatela. Beste batean, bakean uzteko ingurukoei bizitzen, semeak ez lotzeko hainbeste… eta halakoak! Noiznahi. Gizonezko batzuek izugarrizko gorrotoa didate. Eta norbaitek esan dit ez dudala behar nuen gizonik ezagutu, pixka bat bezatzeko! ‘Ea ba zein aurkezten zareten!’, erantzun nion. Momentu honetan, esan diet gidoilariei abisua emateko ez dudala nobiorik nahi. Noizean behin joango naizela Benidormera dantza saio bat egitera edo kaskete bat botatzera, eta kito!

Ez zara Maria Luisaz aspertu hainbeste urtean?

Bai, aitortu beharra daukat baietz, gustura hartuko nukeela beste erregistro bateko emakume bat. Izan ere, buruak ondo dudan bitartean eta erretiroa lortu arte, lanean jarraitu nahiko nuke. Ederrena telebista eta antzerkia uztartzea da. Oraintxe konturatu naiz, biak batera egiten hasi naizenean, gozatu egiten dela. Publikoak zuzenean daukan xarma hori izan edo makinen aurrean egon... Batek ematen ez dizuna besteak ematen dizu.

Noiz arte Goenkale?

Ai, ez dakit! Ikus-entzuleek nahi duten arte. Hasieran nik esan nuen: horrelako tragedia bat… ez du iraungo. Baina bai!

Tragedia ala komedia nahiago?

Nik uste dut bietan moldatzen naizela. Bizitza hala da, gainera: ez da komedia hutsa eta ez da tragedia. Tragikomedia da bizitza, hori bai dela egia handi bat. Biekin oso ondo sentitzen naiz, nahiz eta batzuek esan tragediarentzako dohainak ditudala. Komediarako ere bai. Nik uste dut erakutsi dudala. Ez dago gauza politagorik zentzugabekeria bat serio egitea baino! Baina komedia ondo egitea oso zaila da. Tragedia ondo egitea errazagoa da. Nik jendea segituan jartzen dut negarrez! Baina barrez ere bai, uste dut egin dezakedala.

Negarra aipatu dugula... Mikel Garmendia joan zaigu. Hutsune handia izango da zuretzat.

Bai, izugarria, nahiz eta berarekin askotan haserretzen nintzen. Berak bazekien niri neurria ondo hartzen. Errespetu handia zidan. Momentu txarrak ere bai, baina onak asko eta asko pasatu nituen berarekin, eta lan asko egin ere bai. Edadez eta pareko, Antzertin batera, eta senar-emazteak bezala, zenbat urte eta zenbat ordu pasatu ditugun elkarrekin!

Nolakoa da Kontxu?

(Des)ordenatua. "Kaosa naiz datekin, nire artikuluak jasotzen… Jende normalarentzat gauza garrantzitsuak direnak nik ez ditut batere zaintzen. Pentsa, nire ingurukoen urtebetetzeak ahaztu egiten zaizkit! Baina laneko paperak eta, haiek ez zaizkit galtzen, ezta… Oso arduratsua naiz. Hauek hemen, besteak hemen, hau eskuz eginda, hauek makinaz… Baina errenta aitorpena eta halakoak izugarri zailak dira niretzat… Laguntza daukat".

Alaia, umoretsua. "Hori bai! Ez dut alferrik galtzen segundo bat ere! Momentu batean norbait grazioso baldin badago… Atzo bertan: Ainhoa Aierberekin eta Iñigo Larrinagarekin, entseatzen. Arduradunari esan genion: ‘Pasarte hau egingo al dugu beste era batera, komedia klabearekin?’ Ados! Egingo dugu, hasieran egiten genuen bezala. Eta tripak botatzen egon ginen! Malkoka! Terapia pixka bat egitea ona da, derrigorrezkoa, lana pixka bat arintzeko".

Nortasun handikoa. "Nortasun handikoa eman egiten dut, baina ez dut uste hala naizenik. Bada, ba, esaera bat hor: ‘Zaunka askoko txakurrak, haginka gutxi’. Beharbada argiegi esaten ditut batzuetan gauzak, argi uztea nahi izaten dudalako".

Parrandazalea. "Libre samar baldin banago, ez diot ezetz esango. Gauak badu bere xarma. Esango nuke ilargia asko gustatzen zaidala, eta gaueko elkarrizketak ere bai. Gustuko solasaldi bat gauean, hori ez da pagatzen".

Bidaiari amorratua. "Momentu honetan ez daukat aukerarik, baina hori bizitzak ematen dizun gauzarik ederrenetako bat da. Inoiz ez dut arazorik izan kanpora joateko. Bidaiatzea asko gustatu izan zait beti, baina gero etxera bueltatzeko! Gero eta gauza gehiago ikusi, txikiago sentitzen naiz: ‘Zer gara, ba? Ezer gutxi gara! Pribilegiatuak gara, toki zoragarrian bizi gara!’. Baina kanpoan egonda esaten duzu hori!".

Sukaldari ona. "Edozeini gomendatuko nioke. Hasten zara masa egiten, saltsa berriak… asko lasaitzen nau, eta nire ingurukoentzat kozinatzea plazer handia da".

Amona biguna: "Oso biguna, tuntuna. Hiru biloba ditut, hiru mutil zoragarri. Oso sentsazio polita da, izugarria! Orain ulertzen dut amonak haurrekin erotu egiten direla esaten dutenean. Egia da. Lehengokoan, nire biloba txikienari kotxetxo bat puskatu zitzaion, eta negar egiten zuen: ‘Ai, ai, amona, begira…’. Eta niri malkoak ateratzen zitzaizkidan. Alabak errieta egin zidan: ‘Ama! Mesedez, e! Irakasle hainbeste urtean ibili, eta ez dakizu ume hori zu baino antzezle hobea dela? Gezurretan ari da!’. Baina ezin dut eraman haurrak negarrez ikustea".

Burugogorra. "Temati samarra bai. Baina ez dago beste modurik mundu honetan. Izan behar duzu, bestela… jango zaituzte! Eta ahalegintzen dira kozka egiten!".

Lagunen laguna. "Oso gutxi izaten dira lagunak; esku bateko bost behatzekin badauzkazu denak. Ezagunak eta lagun txikiak pila bat… baina lagun-lagun benetakoak gutxi. Eta haiengatik dena emango nuke. Eman eta hartu, ez dago ordurik, ez dago dirurik, ez dago ezer. Oso zaila da aurkitzea; loteria da hori, eta niri tokatu zait. Nahiko aberatsa naiz!".

Komunikatzaile ona. "Hori ez dakit, baina nik uste dut Kontxu bezala hurbiltasuna ematen dudala: jendea irekitzen zait, ez dakit zergatik. Zahar eta gazte. Edozer gauza esateko etortzen zait, eta izugarriak kontatzen dizkit. Hor badago zerbait, konfiantza ematen dudala edo".