Soreasuko kultur gunea osatzeko, Kafe Antzokia proposatu du Uztarriak

Uztarria 2005ko urr. 28a, 19:10
Soreasuko muntaiak. Udalak Soreasu kultur guneaz egin duen muntaia da. Beltzean dagoena, berriz, Kafe Antzokirako Uztarriak proposatu duen tokia; lehen bi solairuak hartuko lituzke, 700 metro koadro.

Koordinadoraren ustez, gunea dinamizatzeko eta parte zaharra biziberritzeko balioko luke

Funtzionamendu irekia eskatu du, eta harreman asko egiten hasi da

"Kultur azpiegiturez herriko kultur taldeen eta Udalaren diagnosia bera da. Beraz, proposamenak uztartzeko garaia da". Horixe dio Uztarria Kultur Koordinadorak (herriko kultur taldeak biltzen ditu), eta Azpeitiko Udalak Soreasun kultur gunea egin nahi duela eta, hura osatzeko, Kafe Antzokia egitea proposatu du Uztarriak. Bere bazkideak horretaz informatzeaz gain, harreman ugari egiten hasi da: Udalarekin, tabernariekin, beste Kafe Antzokiekin... "Lehen inpresioa ona da, denok ere ikusten dugulako kultur gune plurala eta dinamikoa behar dela herrian, eta Kafe Antzokia izateak lagunduko duela", dio koordinadorak.

Uztarria 1998an sortu zen, eta bere hiru ardatzen artean egon da ordutik kultura; eta hor barruan, kultur azpiegiturak, kultur etxerik ez zegoelako, zeuden lokalak eskasak... Harrezkero "herriko kultur mugimendua eta Udala pausoak ematen joan dira azpiegituren eskasiari eta gabeziari konponbidea emateko. Proposamenak, gainera, hobetzen joan dira". Uztarriak 1999an herrian kultur etxea sortzeko proposamen mardula egin zuen. 2003ko bazkideon batzarrean, berriz, koordinadorako zuzendaritzak aipatu zuen kultur gune propioa sortzeko asmoa zuela. Batzarrak lanean hasteko baimena eman zion. Zuzendaritzak esan zuen proiektua mamituta zuenean, batzarrera eramango zuela gaia, hor hartzeko erabakia. 2004an lan horretan jardun zuen.

Orain, berriz, Soreasuko kultur gunearen aukera sortu da, Udalak asmo hori duelako. Irailaren hasieran esan zuen proiektua hautatua zuela eta emendakinak sartzeko epea irailaren 30ean bukatuko zela. Orduan Uztarriako zuzendaritzak erabaki zuen, koordinadorako kultur taldeen batzarraren oniritziz, Udalaren egitasmoa osatu asmoz emendakina sartzea, Soreasun Kafe Antzokia sortzeko.

Baikor da Uztarria. "Izan ere, azken urteotan herrian iritziak eta proposamenak gerturatzen joan dira. Udalaren eta kultur taldeen diagnosia, bera da gaur egun: Azpeitian kultur azpiegiturak ez dira behar bezalakoak, taldeak sakabanatuta daude, azpiegitura zentralizatuak behar dira, kultur gune zabala, guneak funtzionala izan behar du, dinamikoa eta bizia, kultur guneak hirigintza aldetik zonaldea biziberritzeko ere balioko du, kudeaketan Udalak eta herriko kultur taldeek parte hartu behar dute, eta orain eman behar dira gune hori zabaltzeko pausoak. Esandakoa, beraz: proposamenak uztartzeko garaia da".

Datuak

Proposamenaren egileak.
- Argazki Elkartea.
- Azpeitian Gazteok Zer?!
- Ikasberri Kultur Taldea.
- Erniarraitz Bertsozale Elkartea.
- Urrestillako eta Zubi-zarreko musika taldeak.
- Orkatz Kultur Elkartea.
- AEK.
- Euskal Herrian Euskaraz.
- Lakrikun Antzerki Taldea.
- Kitarrista Taldea.
- Natatxa Films.
- Literatuzta Taldea.

Aldekoak.
- Itsasi Dantza Taldea.
- Txistulari Taldea.
- UEME merkatari elkartea.

Besterik.
- Udal taldeekin eta udal gobernuarekin bilerak izan ditu koordinadorak.
- Elgetako eta Durangoko Kafe Antzokietan egon dira Uztarria eta Udalekoak, elkarrekin, ikusten eta arduradunekin hitz egiten.
- Uztarriak bere bazkide denak (1.037) proposamenaz informatu zituen urriaren erdian, berripaper berezian. Ondoren, herri aldizkariko eta webeko kolaboratzaileak informatu zituen.
- Ikastetxe denak ere bai.
- Baita gaur egun Soreasu zine aretoaz arduratzen den familia ere.
- Uztarria beste merkatari elkartearekin egon da.
- Tabernarien elkartearekin ere harremanetan jarri da.

Metro koadroak. Kafe Antzokiak 700 metro koadro inguru izango lituzke. Kafe Antzokian formato txikiko ekitaldiak antolatzeko, eta berak zerbitzurik onena eman ahal izateko, espazio aldetik handia izan behar du. Uztarriaren proposamenaren arabera, 700 metro koadro inguru lituzke.

Pisuak. Behean eta lehen pisuan; beste bietan, nahiko leku legoke artean. Kafe Antzokia egiteko, auditorio ondoko eraikinaren beheko eta lehen pisua ia osorik hartzea proposatu du Uztarriak. Goian oraindik beste bi geratuko lirateke, eta nahikoa leku legoke gelentzat eta.

Mugimendua. Udalaren asmoa, eraikineko lehen pisuan Uztarria eta Hitza sartzea da (Kaito TB ere bai). "Beraz, proposamenean, kaltetuak geu gara", dio Uztarriak. "Baina hori ez da arazoa. Behar bezalako azpiegiturak jartzea da kontua".