Izarraitzeko lokaletan hasi dituzte lanak

Urola Kostako Hitza 2005ko urr. 25a, 17:10

Behin-behinean epaitegiarentzako moldatuko dituzte pilotalekuko lokalak (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko epaitegia lekuz aldatuko dute, gaur egungo epaitegiaren eraikinean (Euskal Herria auzoan) obrak egin behar dituztelako. Oraindik Eusko Jaurlaritzako arduradunek eta Udalak ez dute erabaki eraikina bota eta berria egin ala berritu egingo duten, hala adierazi diote 'Hitza'ri Eusko Jaurlaritzako Baliabide Materialen zuzendaritzatik.

Baina epaitegian lanak hasten direnean, behin-behineko lokalak Izarraitz pilotalekuaren beheko eta lehen solairuetan izango ditu epaitegiak. Dagoeneko Izarraitz pilotalekuaren beheko solairuetan epaitegiarentzako lokalak egokitzeko obrak egiten hasi dira.

Izarraitz pilotalekuaren beheko eta lehen solairuetan jarriko da behin-behinean epaitegia. Mila metro inguru hartuko ditu. Lokal horiek Azpeitiko Udalarenak dira, eta gaur egun hutsik daude eta ez dira ezertarako erabiltzen. Udalak adierazi duenez, lokalak moldatu eta egokitu egingo dira epaitegiak behin-behinean erabiltzeko, baina behin epaitegia berriro ere bere lekura itzultzen denean, lokalak Udalaren esku geldituko dira erabiltzeko moduan.

Izarraitz pilotalekuko lokaletan egiten ari diren lanak uztailerako bukatuta egongo direla aurreikusi dute agintariek, eta udan gaur egungo eraikinetik lokal berrietara pasatuko da epaitegia. Orduan, Euskal Herria auzokoan obrak egiten hasiko dira.