Udaleko Gizartekintzak Guraso Eskola antolatu du

Urola Kostako Hitza 2005ko urr. 25a, 17:10

0-18 urte arteko haurren gurasoei zuzendutako gaiak landuko dituzte (Urola Kostako Hitza)

Udaleko Gizartekintza batzordeak aurten ere Guraso Eskola antolatu du. 0 urtetik 18 urte arteko haur eta gazteen gurasoei zuzendutako saioak izango dira.

Bi taldetan banatuta emango dituzte eskolak. Talde batean 0-12 urteko haurren gurasoak elkartuko dira. Talde horretan Bizitzarako trebeziak: baloreetan oinarritutako heziketa gaiaz jardungo dute Juan Carlos Melero EDEX-eko prebentzio arduradunarekin. Guraso horiek ostegunetan bilduko dira, 15:15etik 17:15era, Aitonenako hitzaldi aretoan.

Bigarren taldea, berriz, 12 urtetik 18 urtera arteko gazteen gurasoekin osatuko dute. Kasu honetan Ikaskideen arteko tratu txarrak eskola eremuan: familiaren esku hartzea gaia landuko dute Maria Mendez GEUZ-ekoarekin (Gatazka Eraldatzeko Unibertsitate Zentroa). Guraso hauek astean bi aldiz izango dituzte saioak, astelehen eta astearteetan, 15:15etik 17:15era, Aitonenako hitzaldi aretoan. Taldeko parte hartzaileen kopurua mugatua izango da, «talde honetan 25 gurasorentzako lekua egongo da eta jende gehiagok izena emanez gero, zozketa egingo da», diote Udaleko Gizarte Zerbitzuko arduradunek.

Guraso Eskolan parte hartzeko izena emateko epea zabaldu dute dagoeneko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako bulegoetan, udaletxean edota 943 157192 telefonoan. 0-12 urte arteko gurasoen taldean parte hartzeko ostirala baino lehen eman behar da izena, eta 12-18 urte arteko gurasoek azaroaren 4a baino lehen.