Iñigo Esnal zenaren oroimenezko kontzertuak

Urola Kostako Hitza 2005ko urr. 19a, 14:10

Gure omenaldi onena, oroimena lelopean omenduko dute azkoitiarra (Urola Kostako Hitza)

Gure omenaldi onena, oroimena lelopean, datorren astebururako Iñigo Esnal zenaren oroimenez hainbat ekitaldi antolatu dute bere lagunek Azpeitiko Gaztetxean.

Ostiral eta larunbatean, hilaren 21ean eta 22an izango dute Iñigo Esnal azkoitiarra gogoan. Hori dela-eta, bere lagun eta ezagunak ziren hainbat musika taldek kontzertua emango dute. "Gurekin dagoela adierazi ahal izateko, punk-oi! kontzertuak antolatu" dituztela esan zuten bere lagunek.

Zuzenean 16 talde

Asteburuan 16 talde ariko dira. Ostiralean bost talde hauek emango dute zuzenekoa gaueko 21:00etatik aurrera: Patadazo, Neber Surrender, Semeputiek, Destitxie eta Dumblin boys. Larunbatean, berriz, arratsaldeko 16:00etan, Korrosion taldeak kontzertua emango du. Horien kontzertuaren ondoren, 17:00etatik aurrera, K. K. Zarra, Sin oficio ni beneficio, Genocidio, Esan, Against the rapist, Ostiada Oi!, Apunta, Kalekumeak, Falta de riego eta Afonia ariko dira.

Larunbaterako Esnalen lagunek beste ekitaldi bat ere antolatu dute Gaztetxean. Arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara, barra librea egongo da Gaztetxean bertan. Barra librerako, bi garagardo upel ipiniko dituzte Gaztetxean, eta horiek hustuarte nahi adina edan ahal izango da.

Ostiraleko kontzerturako sarrerak 3 euro balio ditu, eta larunbatekoak, berriz, 5 euro. Esnal azkoitiarra bazen ere, Azpeitian asko ibiltzen zen, eta lagun giroa egina zuen bertan. Horregatik, bere lagunek omenaldia Azpeitiko Gaztetxean egingo diote. Antolatzaileek jendea animatu nahi dute omenaldira joateko.