Euskararen zaindari

Mikel Lizarralde (Berria) 2005ko urr. 14a, 11:10
Patxi Altunaren biografia kaleratu dute *Bidegileak* dibulgazioko bilduman.

Patxi Altuna euskaltzain osoari buruzko liburuxka kaleratu dute Bidegileak bilduman (Berria)

Uztarriak Altunari buruzko biografia atera zuen 2003an

Euskararen hedakuntzan ez ezik, hizkuntzaren azterketan eginiko lanak batzen ditu Juan San Martin (1922-2005), Jean Marie Diharce Iratzeder (1920), Patxi Altuna (1927) eta Joan Mari Lekuona (1927). Laurak euskaltzain osoak eta laurak euskararen aldeko langileak. Eta, hala eta guztiz ere, laurak ezberdinak, euskararen alderdi banatan espezializatuak. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak argitaratzen duen Bidegileak bildumako 38. sorta osatzen dute haien gaineko liburuxkek.

Elixabete Perez Gazteluk, Ana Toledok eta Esther Zulaikak idatzi dituzte Patxi Altuna eta Joan Mari Lekuonaren gaineko lanak. Guztiek izan dute biografiatuekin harremana; batzuek bizitza osoan eta besteek une jakin batean baino ez, baina lauek euskararen alde egin duten lana azpimarratu dute denek.

Toledok, Zulaikak eta Perez Gazteluk unibertsitatean ezagutu zuten Patxi Altuna; lehendabizi haren ikasle izan ziren eta ondoren lankide. "Maixu eta bide erakusle izan da guretzat", agertu du Perez Gazteluk. 1990ean Altunaren lana biltzen zuen liburuan parte hartu zuten eta orain dela urte gutxi batzuk euskaltzainak klasikoen gainean idatzitako idatziak bildu zituzten Haizeak ez eramango ere argitalpenean. Haiek, nolanahi ere, unibertsitateko lanak ziren, eta Bidegileak dibulgaziorako bilduma izanik, bestelako iturriak erabili dituzte Altunari buruzko liburuxka osatzeko. Batik bat Josune Etxeberriak idatzi eta Azpeitiko Uztarria Kultur Koordinadorak 2003ko otsailean argitaratutako liburu biografikoa baliatu dute: "Lana egina zegoen, eta hortik egin dugu tira, nahiz eta familiarekin ere hitz egin dugun".

"Oraingoan, zehaztasuna ezkutatu gabe, bihotzak ere lan egin du. Hizkera teknikotik atera eta denek ulertzeko moduko liburuak egin ditugu, bai Altunaren eta bai Lekuonarenean", dio Perez Gazteluk.

Patxi Altuna (Azpeitia, 1927) 1981etik da euskaltzain oso, baina aurretik ere euskara izan zuen bere eguneroko lanaren zutabe nagusia. Euskal filologiako ikasketak sortu zituen Donostiako EUTGn, eta ikerketara bideratu du bere lana. halaber, jesulagunen gaineko liburu eta artikuluak idatzi ditu.