'Urola Kostako Hitza'-k 10.000 aleko tirada egunero

Uztarria 2005ko urr. 11a, 15:10

Hasieran jarritako harpidedun kopuruaren helburua bete du

Haietatik 2.200 ale Azpeitian banatzen ditu

Gaurtik (asteartetik) aurrera Urola Kostako Hitza egunkariak 10.000 aleko tirada izango du. Txaparro Zarauzko Euskara Elkartearekin egindako lankidetza ezinbestekoa izan da 10.000 aleko tiradara iristeko, udaran han egindako kanpaina baten bitartez 3.000 harpidedun berri lortu direlako.

Hain zuzen, 10.000 ale horiek banatuta, dagoeneko, eskualdeko egunkari irakurriena da Urola Kostako Hitza. Hasieran jarritako harpidedun kopuruaren helburua bete du (9.500ekoa zen helburua).

Langile taldea handitu beharra izan da behar berriei erantzun ahal izateko. Batetik, banatzaile gehiago kontratatu dira, eta bestetik, egunkariak tolesten jarduten duten lagun kopurua ere igo egin da.

Hamar mila horietatik Zarautzen guztira ia 5.000 ale banatuko dira. Azpeitian 2.200 ale banatzen dira, eta alde handiz da geure herrian ere egunkaririk zabalduena (Azpeitian egunero mila aleko alea kentzen dio hurrengoari).

Orain, tirada handituta, Urola Kostako Hitza are erreferentzialagoa izango da komunikatiboki eskualdean, eta euskararen normalizazioan eraginkorragoa ere bai.

2004ko otsailaren 20an sortu zen, eskualdeko euskara elkarteen (tartean zen Uztarria Kultur Koordinadora), EKTren eta gizarte eragileen artean.