Asteburuan Erdi Aroko azoka antolatu dute

Urola Kostako Hitza 2005ko urr. 5a, 12:10
Erdi kalea Erdi Aroko azokarako atonduta dago iada.

Azoka Udaleko Festa batzordearen ekimenez antolatu dute, eta honek herriko hainbat talderen laguntza izan du (Urola Kostako Hitza)

Asteburuan, larunbatean eta igandean, Erdi Aroko azoka egingo dute alde zaharrean. Udalak iaz antolatu zuen aurreneko aldiz era horretako azoka, eta aurten Udaleko Festa Batzordearen ekimenez antolatu dute.

Udaleko Festa Batzordeak, azoka aurrera ateratzeko, herriko hainbat talderen laguntza eduki du. "Ttuntturroek, Itsasi dantza taldekoek, musika eskolakoek, dendariek eta zenbait herritarrek asko lagundu digute azokaren antolaketan", dio Mikel Ibartzabal Udaleko Festa batzordeburuak.

Aurrekontu handirik gabe azoka antolatzeari heldu diote Festa batzordekoek, "iaz arrakasta izan zuen azokak, jende asko ibili zen eta herritarrak gustura gelditu ziren, horregatik aurten berriro antolatzea erabaki dugu. Iaz antolatu genituen zenbait gauza, ordea, kanpoan utzi behar izan ditugu aurten: margo lehiaketa, argazki rallya...".

Plaza, Plaza Txikia, Erdi kalea, Eliz kalea eta Enparan kalearen baitan ibiliko dira azoka girotuko duten ttuntturro, antzerki talde, dantzari, musikari eta gainerakoak. Postu gehienak, berriz, plazan egongo dira asteburuko bi egunetan.

Udalaren oharra

Larunbatean eta igandean egingo den Erdi Aroko azoka dela eta, ostiral arratsaldeko 15:00etatik igandeko 22:00ak arte ezingo da autorik aparkatu Santiago kalean eta herriko plazan. Betharram eta Jesuitinetako ikastetxeen jolas lekuak, berriz, autoak aparkatzeko egokituko dira.

Erdi Aroko Azokoa

Ordutegia

Irekiera: Larunbatean, 12:00etan Erdi Aroko Azoka irekitzeko desfilea egingo dute.

Postuak eta tailerrak: Larunbatean eta igandean goizez, 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara postuak eta tailerrak zabalik egongo dira.

Itxiera: Igandean, 20:00etan Erdi Aroko azoka itxi egingo da.

Postuak

Alde zaharrean: Eltzegintza, txokolatea, hestebeteak, eztia, pastak, patea, gazta, almendrak, ogia, zeramika, zumezko saskiak, larrua, tapizak, metala, lorak, xaboiak, txontxongiloak, jostailuak, uhalak...

Animazioa

Kalean: Erdi Aroko zirko konpainia, ttuntturroak, Udal Musika Banda, Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleak eta Itsasi Dantza Taldea.

Pilotalekuan eta Santiago kalean: Ehiza-hegaztiak, gaztagintzako nafar txokoak, zeramika tailerra, burdinezko lanen tailerra eta erakusketa era Ikasberri Azpeitiko Ikastolakoen talo postua.

Albergan: Garbitegia.

Plazan: Bololloak, Arte eta Diseinu ikastegiko tailerra, Iraurgi Saskinaloi Elkartekoen taberna.