Aimar Irigoien: "Erakustaldietan kide dut harria, txapelketetan arerio"

Gaztetxulo 2005ko urr. 4a, 15:10

Gaztetxulo gazteen hilabetekariko Txuribetz atalean Aimar Irigoien harrijasotzaile errezildarrari elkarrizketa egin dio Jon Odriozolak

Aimar Irigoien errezildarra da. 19 urte ditu. Aitona Ramon zenak animatuta hasi zen "harri kozkorrak" bizkarreratzen. Bere itxurak bestelakorik pentsarazten duen arren, "goizero kafesnea soilik" gosaltzen du. Aitarekin egiten du lan:"duela pare bat urte ikasketak utzi, eta igeltsero hasi nintzen". Piscis. Hiru anai-arreben artean zaharrena. Oporretan Suitzan barrena ibili da.

Arrunt laket dut: Autoan musika entzuten joatea; baita, tarteka, tertuliak ere.

Ez dut parean ikusi nahi: Telebista gutxi ikusten dut, eta txutxumutxu saioak, batere ez.

Lasaigarri zait: Egun guztian lanean gora eta behera ibiltzen naizenez, etxekoekin edo lagunartean egoteak.

Sutan jartzen nau: Jendearen esamesek. Inbidiak.

Gustora irakurri nuen: Egunero egunkaria irakurtzeko ohitura dut, kiroletako saila, batik bat.

Lo seko geratu nintzen irakurriz: Eskola garaietan, irakurtzeko eman zidaten libururen bat edo...

Bertutea: Eskuzabala naiz.

Akatsa: Berez pertsona lasaia naiz, baina urduri jartzeko joera dut, baina ez plazan, entrenatzen baizik.

Ametsa: Herri-kiroletan, orain arteko martxa berean jarraitzea.

Amesgaiztoa: Aldamenean asko laguntzen ari zaidan laguna, egun batetik bestera galtzea.

Barre algara eragiten didate: Lagunarteko zenbait pasadizo eta txisteek.

Negargura ez dut urruti: Musika lasai entzuterakoan, oroitzapen onez akordatzen naizenean.

Urrea: Beti aldamenean daukadan lagin-min bati; ez dut izenik eman nahi...

Ikatza: Jende askori, palaka gainera! Adibidez, politikariei.

"Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni...": Ez dut "pauso" hori eman, "tema" horretan lotsati samarra naiz...

"...ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon": Ez naiz inoiz ate ondoan egon, beti zabaldu izan baitidate.

Horra esaldia, "Ez da ezer behar ez jasotzeko, eta asko behar da bizkarreratzeko": Egia da. Harria kide dut erakustaldietan, eta txapelketetan, aldiz, arerio.

"Harri-jasotzaile baldarra naiz": Harri kubikoekin, batik bat. Ez dago harri guztiekin iaioa den harri-jasotzailerik, nik harri handiak atsegin ditut.

Hatzak zupatzen ditut: Legatza entsaladarekin jaten dudanean. Baita txuleta on batekin ere.

Gogoko ez duzun jakia: Arroz-esnea, eta mamia.

Dirua ordainduko nuke: 330 kiloko harria altxatzeagatik; errekorra, alegia.

Ez nioke xentimorik emango: Ogasunari.