uztarria.com, blogekin hasi da

Uztarria 2005ko urr. 3a, 18:10
Estitxu Elduaien, Iosu Badiola, Juan Joxe Agirre, Josu Azpillaga (Uztarriako kidea), Alaitz Olaizola, Xabier Gantzarain eta Begoña Elias, urriaren 1ean, aurkezpenean. Nerea Aranguren, Txetxu Urbieta eta Xabier Aldayk ez zuten joat

Zortzi lagunek ekin diote, gaur, Uztarriaren webean iritzia emateari; Juan Joxe Agirrek argazkiak sartuko ditu

Di-da informazio atala ere sortu du, esaldiak, datuak, bitxikeriak... sartzeko

Uztarriak webean aurten dagoeneko hainbat atal gauzatu ditu

Blogen fenomenoa

Blog hitza modan dago Interneten. Pertsona batek (edo talde batek) kudeatzen duen albistea da, azken batean. Uztarria.com-eko albistegia bera, adibidez, webblog-a da: taldean ematen den albistegia. Hau da, modu erraz batean publikatu eta erantzuteko modukoa.

Blog pertsonalek, ordea, eragin handia dute Interneten. Gaur egun Euskal Herrian 300 blog inguru daudela esaten da. Gaurtik (astelehena) gehiago dira, Uztarria.com ere blogekin hasi delako.

Aurten, 2005 hasieran, uztarria.com-en aurten egin nahi duguna azaldu genuen, eta ideia haien artean zegoen blogak sortzea. Lortu dugu, beraz, helburua gauzatzea.

Blogen zergatia uztarria.com-en

Uztarriak bere hedabideetan garrantzi handia ematen dio iritzi atalari, eta, horrela, herritarren parte-hartzea bilatzen du. Orain arteko emaitzak onak dira: aldizkarian hilero sei bat orrialde izaten ditugu iritziekin, eta webean irakurleen parte-hartzea oso handia da (albisteen erantzunetan, eztabaidan, Euskara atalean...).

Horretaz gain, maiz egile berrien bila ere joaten gara, iritzi-emaileen esparrua zabaltzeko, aberatsa delako hori.

Orain ere hala egin dugu blogak martxan jartzean: iritzi atala indartu, parte-hartzea sustatu (irakurleek bloglarien iritziak komentatzeko aukera dute) eta egile berri askoren bila jo.

Bloglariak

Honako lagun hauek hasi dira blogarekin:
- Txetxu Urbieta (kazetaria).
- Juan Joxe Agirre (argazkilaria). Argazkiak sartuko ditu, aipamen batekin.
- Xabier Alday / Xabier Gantzarain (idazleak). Txandaka idatziko dute.
- Nerea Aranguren (euskal filologoa).
- Estitxu Elduaien (kazetaria).
- "Begoña Elias":http://www.uztarria.com/blogak/bego (langilea).
- Iosu Badiola (irakaslea).
- Alaitz Olaizola (idazlea eta antzerkigilea).

Bakoitzak bere bloga du, bere helbidean.

Baina taldea zabaltzea da gure asmoa, edozeini emanez aukera bere bloga izateko (eskatzen duenari). Gure inguruan bide horretatik egin den esperientziarik interesgarriena Eibar.org elkartekoek egin dute: bertako bazkide bakoitzak, nahi badu, bloga edukitzeko aukera dauka. Pare bat orduko ikastaroaren ondoren, gainera, erabiltzailea gai da nahi duenean nahi duena publikatzeko bere helbidean.

Idazteko baldintzak

Lau baldintza baino ez ditugu atal honetan (uztarria.com-eko beste ataletan daudenak, oro har):
- Ahal dela, batez ere Azpeitiko kontuez aritu behar du: herrikoez bertakoez, herriarekin zerikusia duten kontuez, gai orokorrak herrira ekarrita...
- Errespetuan idatzi behar du: irainik ez...
- Euskaraz idatzi behar du.
- Blogaren egileak (norbanakoak edo elkarteak) ezin du anonimo bezala sinatu.

Horiez gain, garrantzitsua da ahal dela sarri idaztea iritziak, atalak dinamismoa izatearren.

Iritzien erantzunetan, berriz, uztarria.com-eko arau beraiek daude.

Uztarria.com-eko atalaren izena

Blogaren atalak izen hau du: www.uztarria.com/blogak

Gero, bloglari bakoitzak bere helbidea du. Adibidez:
- www.uztarria.com/blogak/estitxu
- www.uztarria.com/blogak/juanjoxe
- ...

Iritzi denak blogen atalean egoteaz gain, azkenekoak webaren azalean ere azalduko dira, titularrarekin.

Noiztik martxan?

Gaurtik (urriaren 3tik, astelehena) blogak irakurgai daude uztarria.com-en.

**Begoña Elias (bloglaria)**

"Uztarriak aukera eman dit neuri, beste zortzi laguni bezala, uztarria.com webgunean iritzi-emaile izateko blog pertsonalean, eta erronkari eustea erabaki dugu denok ere. Erronka da, baina gustura hasi gara, denontzat ere aberasgarria izango delakoan".

"Gainera, badakigu uztarria.com asko segitzen dutela azpeitiarrek, baita kanpokoek ere, eta hori ere motibagarria da idazteko".

"Eskerrak, beraz, Uztarriari. Batetik, webgunea hobetzen segitzeagatik, eta, bestetik, herritarroi parte hartzeko aukera emateagatik".

Uztarria.com-en beste berrikuntza: Di-da atala

Oraingo berrikuntzen artean, ez dago blogena bakarrik. Beste bat ere jarri dugu martxan gaurtik (urriaren 3tik): Di-da atala. Atal hori ere aurten martxan jarri nahi genuela esan genuen 2005 hasieran.

Uztarria.com-en atalik dinamikoena eta garrantzitsuena, albistegia da. Hori mantendu eta, ahal bada, indartu beharra daukagu.

Dena den, Azpeitiari buruzko erreferentzia gehiago-eta iristen zaizkigu, baina ez dira albiste izatera iristen eta, beraz, webgunean sartu gabe gelditzen ziren. Adibidez, herritar baten adierazpena beste komunikabide batean, edo herritar bati buruzko aipamena, edo efemerideekin zerikusia duen zerbait, edo herriari buruzko webgune bat topatu dugula, edo datu bat, detaileren bat, emaitza bat...

Nolabait esateko, albiste txikiak, baina albistegian tokirik ez dutenak edo horrako pisurik ez dutenak.

Horientzat atal berria sortu dugu: Di-da. Webaren azalean azkenak tokia du, eta Blogak atalean Di-da arloko kontu denak egongo dira.

Aurten gauzatutakoak

Aurten, 2005eko plana jarraituz, blogez eta Di-da atalaz gain, Uztarria.com-en beste hainbat kontu gauzatu ditugu:
- Herriari buruzko zenbait datu: historikoak, biztanleria, auzoak...
- Intereseko telefono zenbakiak, autobus ordutegiak, leku publikoen ordutegiak, farmaziak.
- Azpeitia inguruko argazki panoramikak.
- Azpeitiko talde gehiagori buruzko informazioa.
- Herriko liburu gehiago jarri ditugu.
- Herriko euskarari buruzko artikuluak.
- Azpeitiari buruzko artikuluak: aldizkariko Imanol Eliasenak eta aldizkariko Garai bateko Azpeitia atalekoak.

Hurrengo egunetan, berriz:
- Hauteskundeetako Azpeitiko emaitzak; 1977tik gaur artekoak.

Hobetzen segitzeko asmoa

Uztarria.com-ek hobetzen segitu nahi du, herriari buruzko hainbat gauza sartuz (liburuak, datuak, artikuluak, turismo informazioa...). Hori dela eta, batik bat artxibo lana egiteko laguntza eskatua diogu Azpeitiko Udalari, lan handia eskatuko duelako horrek, eta dedikazio berezia. Urtebeteko lana litzateke, egunero egun erdikoa. Ez dugu erantzunik.

Bukatzeko, gogoratu uztarria.com-ek 2005eko Argia Saria jaso zuela, urtarrilean.

Eta weba, erakunde publikoek laguntzen dute diruz: Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Baita Uztarriaren bazkideek ere (1.036 ditugu egun). Bestelako ekarpen batzuk ere baditugu: enpresenak, publizitatea... Eskerrak denei.

Uztarria.com-ek egunero 1.000 bisita ditu eta 6.000 orrialde bisitatzen dira. Euskal Herrian euskarazko weben artean oso-oso gutxik dituzte kopuru horiek. Beraz, proiektu sendotua dugu uztarria.com.