Hutsuneak paretetan

Berria 2005ko ira. 26a, 18:09

Atzo (irailak 25, igandea), Berria egunkariko Igandea atalean Amagoia Ibanek eta Iñaki Petxarromanek 'Txiki'ren eta Otaegiren senide eta abokatuen testigantzak jaso zituzten

Mikel Paredes Manotek Jon anaia nola fusilatu zuten ikusi zuen. Mertxe Otaegi ere saiatu zen Anjel ilobaren hilketa ikusten. Ez zioten utzi. Irailaren 27 hura bizi-bizi daukate oroimenean. Min hark zintzilik segitzen du haien argazkien paretetan.

Amaren etxeko egongelan dago, iltzatuta, Jon Paredes Manoten argazkia. Che Guevararen aurpegia elastikoan, mendiko botak oinetan, hala ageri da Txiki. Mikel Paredesek anaiaren argazki hori maite du: "Amaren etxetik hartu eta Nuarbera eramango dut". Esan eta egin. Antonia Manoten etxetik argazkia jaso, eta bagoaz Anjel Otaegi Etxeberria zenaren herrira, haren izekoren etxera. Gipuzkoako kostaldetik barrualdera: Zarautz, Zestoa, Azpeitia, Urrestilla, Nuarbe. Mertxe Otaegik ere bere egongelako paretatik hartu du ilobaren argazkia. Etxeko sarreran besarkatu dira Paredes eta Otaegi. Eta barrura. Sukaldera. Lapikoan egindako kafea dago mahai gainean.

Bi egun lehenago ere kafea zegoen mahai beraren gainean. Bi egun lehenago, Mertxe Otaegik duela 30 urteko egun ikaragarri haiek ekarri zituen gogora, grabagailuaren aurrean: "Abuztuan, epaiketa egin ondoren, bisitak kendu zizkidaten. Gure ahizpa Mariari —Anjelen amari— bakarrik uzten zioten harengana joaten. Irailaren 24an elkarrekin egon ziren, Anjeli bisean bisekoa egiteko aukera eman zioten eta. Egundoko esperantzak eman omen zizkion Mariari, uste baino lehenago irtengo zirela eta beste. Handik bi egunera, 26an, hurrengo egunean hil egingo zutela esan zuten".

Telefonoz etorri zitzaien notizia. Anjel Otaegi kaperan zegoela, hil egin behar zutela hurrengo egunean, eta amari emateko notizia, ahal zen modurik onenean. Maria Otaegik semea ikusi nahi bazuen ikustera joan zitekeela ere esan omen zuen ahotsak. "Zer iluntze tristea zen hura!".

Ama Burgosera abiatu zen, Anjel ikustera. Mertxe ere han zen, baina ez zioten utzi kartzelara sartzen. "Ama erabat jota joan zen, pauso bat emateko gai ez zela. Pilula batzuk eman zizkioten hemen, lasai joateko bidean, eta hankak arrastaka-arrastaka abiatu zen kartzelara, hara ailegatu ginenean. Bi soldadu etorri ziren, eta Maria eraman egin zuten. Gorputz osoa miatu omen zioten, gainera, sartzerakoan".

Agur

Mertxe Otaegi kanpoan geratu zen, eta ordutik aurrerako orduak izugarriak izan zirela du gogoan. Hiltzeko zorian zegoen semearekin hitz egindakoak esan omen zizkion ahizpak kartzelatik irtetean. "Oso denbora gutxi eduki zuten hitz egiteko. Zazpi militarren artean omen zegoen Anjel. ‘Nik ez dut inor hil, baina ni hil egingo naute. Euskaldunen eta Euskal Herriaren alde emango dut bizitza. Segi zuk bide beretik, ama’. Hala esan omen zion, erdaraz, euskaraz egiten ez ziotelako utzi. ‘Agur, ama’ eta ‘agur, Anjel’, eta kito izan zen".

Handik irten zenean, Maria Otaegi zena Nuarbera bueltatu zen. Ez zen ibiltzeko gauza ere, hartu zituen lasaigarrien eraginez. "03:00 inguru izango ziren. Han geratzeko esan zidan niri, Anjelen bigarren ama nintzela, eta ahal banuen ikusteko guztia. Ez nuen ezer ikusi. Ez zidaten utzi". Min hori du Mertxe Otaegik. Nola akabatzen zuten ikusi nahi baitzuen. "Gogorra da esatea, baina hala da. Leher egingo nuen, agian, hura ikustean, baina ikusi egin behar nuen. Haiek esandakoa besterik ez dakigulako, aizu!". Baratze batean hil zutela, "Otaegi!" hots egin ziotela eta tiro egin ziotela. Hori esan zieten. Fusilatu berri zioten ilobaren arropak eta dirua jaso zituen kartzelan Mertxe Otaegik. "Eta 50.000 pezeta behar zirela esan ziguten, gorpua hona ekartzeko. Guk dirurik ez geneukala erantzun genien, eta Nuarbera ailegatutakoan ematekotan geratu ginen. Hona hots egin, eta jendea dirua biltzen hasi zen". Ilobaren gorpua zekarren autoan etortzeko prest ote zegoen galdetu zioten Mertxe Otaegiri, eta baietz esan zuen, gustura egingo zuela. "Abiatzekotan geundela, baina, horretan ere ezetz esan zidaten". Gorpua zekarren autoa aurretik, Poliziaren ibilgailuak atzetik, eta senideak eta lagunak ondoren. Horrela abiatu zen segizioa. Gorrian jarri zen semaforo baten parean, baina, hilkutxaren autoa galdu zuten. "18:30-19:00 aldera ailegatu ginen Nuarbera, eta gorpua 22:30 aldera. Non ibili ziren? Ez dakigu ezer".

Hainbesterainokoa izan zen ezjakintasunak sorturiko ezinegona, gorpua herrira ekarri bezain pronto hilkutxa ireki zuten, ezkutuan. "Norbaitek esan zuen han ardi zaharren bat sartu baziguten ere ez genekiela. Kutxa ireki, argirik eta ezer ez zegoen, eta neuri iruditu zitzaidan gorri-gorri ikusten ote zen, baina ez daukat esaterik. Kanposantuan ere kutxa irekitzeko esan zuen amak. Ez zioten utzi ikusten".

Ikusi, ez ikusi

Mikel Paredes Manotek badaki anaia nola hil zuten, lekukoetako bat izan baitzen. "Nik ez dakit zer den gogorrago, hura ikustea ala ez ikustea. Jon 21 urterekin ikusten dut, ume tankera horrekin, idealista hutsa, hiltzen. Zergatik eta zertarako hil ziren esateko garaia da. Eskean jarraitzen dugu, eta espero dut hau guztia gogoratu behar dugun azken aldia izatea aurtengoa, konponbidean jarrita gaudela pentsatzea".

Txiki fusilatu aurreko orduak ditu gogoan Mikel Paredesek, Marc Palmes eta Magda Oranich abokatuekin egin zituen ibilaldiak. "Ni bezperan joan nintzen Bartzelonara, irailaren 26an, eta ez zidan ezertarako denborarik eman. Abokatuen bulegoan telefonoak etengabe jotzen zuen, Guerrilleros de Cristo Reykoak deitzen ziguten, mehatxuka. ‘Putakumeak, akabatu egingo zaituztegu!’ eta halakoak esaten zizkiguten". Eguerdian eta gauean, Txiki ikustera joan ziren, kartzelara. "Eguerdian, kaskamotz ekarri zuten. Irribarre egin zuten, azken albisteei buruz hitz egin genuen, eta eraman egin zuten. 20 bat minutu egingo genituen elkarrekin. Animoso zegoen". Gauean, atzera bisitan joan zirenean, adoretsu zegoen. "Hain normal hitz egiten zuen, guk ezin genuen sinetsi hura guztia gertatzen ari zenik".

Halako batean, furgoi batera sartu eta kanposantu aldera jo zuten. Hilerrira ailegatu aurretik, makina zulatzaile batekin bidea egin, anbulantzia kokatu, eta burdinazko tripode bat atera zuten. Arbola bat zegoen bi metrora. "Han jarri zuten Jon. Buelta eman eta guardiei begiratu zien. Orduan igo ginen gu. Ikusi ninduenean, barre txikia egin zuen, eta eskuak jaso zituen. Kantatzen hasi zen. Nola kantatzen zuen!". Negarrez hasi da Mikel Paredes. Kontatzen segitu du. Anaia hil osteko orduak, Kataluniako ezkertiarren elkartasun keinuak. "Jon han egon zen lurperatuta, Katalunian, eta urtebete baino gehiago behar izan genuen haren gorpua hona ekartzeko. Terrorista fusilatua zen, badakizu, eta hori nahikoa zen halakoak egiteko. Txiki eta Otaegi heroiak ziren, eta ez zuten hori atsegin".

Biktimak zer diren

Mertxe Otaegik eta Mikel Paredesek biktimen izaerari buruz hitz egin nahi dute. Beraiek ere azalpenik ez ote duten merezi galdetu dute. "Gu ere biktimak izango gara, bada! Anjel ere hil egin zuten, beste batzuk bezala. Ez da dirua jasotze kontua. Onar dezatela, baina, ez direla beraiek bakarrak, eta terrorismoaren biktimak beste toki batzuetan ere badaudela", dio Otaegik.

Paredesek ere berdintsu pentsatzen du. Duela 30 urteko hura izugarrikeria izan zela onartzea nahi du: "Espainiako Gobernuak gazte hauek zerbaiten alde hil zirela esatea nahi nuke, eta zerbait hori lortzeko bidea egiten dugula ikusi nahi nuke. Herriaren hitza errespetatzea besterik ez da. Eta hori eskatzea ez da inor hiltzea. XXI. mendean gaude, bada garaia pertsona helduen moduan hitz egiten hasteko. 30 urte joan dira eta! Gaur atzo dela ematen du eta!".

Euskal Herrian hamaika arazo dagoela erantsi du Paredesek, eta horiei ere heldu egin behar zaiela. "Gu hegoaldetik etorri ginen hona, lan bila, eta, gauzak dauden bezala, gure umeak beste norabait bidali beharko ditugu, bizitzeko lain izan dezaten. Biktimak ez daude gure artean. Nire ustez, politikarien hutsegiteak ordaindu dituzte biktimek, euren bizitzekin".

Terrorismoaren Biktimen Elkartea elkarrizketaren aurka agertu dela entzun, berehala erantzun du Txiki zenaren anaiak: "Onartzen dut biktima zenbait gurekin ados ez egotea, baina konponbiderik ez dagoela erabakitzea, guk ezer ezin dugula esan erantzutea, beste hildako batzuk nahi izatea... Zergatik dira kexu, orduan? Haiek ez badute itxi nahi hildakoen zerrenda, nik nahi dut. Jende gehiegi bizi da gatazka honen kontura". Otaegik ere ez du ikusten gatazka konpontzeko borondate handirik: "Ez dut uste nahi dutenik. Nahi balute, egingo lukete nola hala. Ez dute nahi, baina, eta kito. Gezurra franko. Politikari dotoreak dauzkagu, haien etxerako. Gainerakoan, ezertarako ez".

Konponbiderako aukera balego deabruarekin ere tratua egingo lukeela esan du Paredesek: "Herri hau egunen batean askatuko badugu, espainiarrekin negoziatu ostean izango da, guk hala nahi izan ala ez. Biolentzia desager daiteke, baina berriz agertzea ekidin behar dugu. Gure umeek ez dezaten erabili behar legezkoa den zerbait lortzeko, askatasuna lortzeko, heriotza tarteko den metodorik. Eta ez dugu ezer berezirik eskatzen. Nire ustez, hildakoei egin diezaiekegun omenaldirik onena politikariak eserraraztea da. Hala ere, gero eta zalantza gehiago daukat politikariekin. Uste dut halako guneetan jende arrunt gehiago behar dela, gauza normalak normal eska daitezkeela erakusteko".

Miguel Castells Abokatua

"Madrildik ailegatu nintzenean, hau guztia sutan zegoen"

Miguel Castells Txiki Paredes Manoten abokatuetako bat izan zen. Baita Vladimiro Fernandez Tovarrena ere. Azken hori FRAPekoa (Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Patriotikoa) zen, eta 1975eko udan gerra kontseilua egin eta hiltzera kondenatu zuten.

Nola hartu zenuen Txikiren kasua?

Atxilotu zutenean, bi emakume etorri zitzaizkidan Txikiren amarekin eta, eta kasua hartu nuen. Txikik bi sumario zeuzkan: bat hemen, Intxaurrondon, eta Polizia bat hiltzea leporatzen zioten; eta, bestea, tiroketa bat Bartzelonan, banku lapurreta batetik ihes egitean polizia bat hil zela eta. Intxaurrondokoa askoz ere salaketa larriagoa zen, Txikiri hilketa egitea leporatzen ziotelako, eta Intxaurrondokoa hartu nuen. Bartzelonako Marc Palmesek hango sumarioa hartu zuen. Azkenean, hangoaren aitzakiarekin akabatu zuten. Haren abokatu nintzen aldetik ikusi ahal izan nuen kartzelan, hil bezperan.

Nolakoa izan zen bisita hura?

Irailaren 26ko goizean hitz egin nuen lehendabiziko eta azken aldiz Txikirekin, Bartzelonako Modelo kartzelako abokatuen lokutorioan. Haren irribarrea, lasaitasuna eta bizi-poza dauzkat gogoan. Begi bizi-biziak zeuzkan. Abokatua nintzen, baina ez zuen hitz egin nahi bere auziari buruz. "Euskal langile herriaren» —hala hitz egiten genuen orduan— borrokari buruzko albisteak bakarrik entzun nahi zituen. "Borrokak hala jarraitzen badu, laster gogoratuko dugu elkarrizketa hau, Zarautzen, elkarrekin txikiteoa egiten", esan nion. Txikik baietz esan zuen, egoera aldatuko zela, baina berak egin zuela egin beharrekoa. "Zuek ikusiko duzue aldaketa, baina borrokan jarraitu behar da, gogor". Ordu gutxi batzuk geroago, hurrengo goizean fusilatuko zutela jakin genuen guk. Berak ere bai.

Eta Euskal Herrira etortzea erabaki zenuen.

Bai. Bartzelonan nengoen, eta kartzelan idatzi zuen mezu politikoa lehenbailehen ekarri nahi nuen hona. Neure burua babesteko, berak liburu bat zeukala esan izan dut, baina ez zen horrela izan. Neuk eraman nuen liburu hura, eta liburutik hartu nuen paper zuria. Berari eman nion, eta han idatzi zuen Euskal Herriari igorri zion mezua, ezkutuka. Euskadira bueltatzea onena zela pentsatu nuen, haren komunikatua hemen zabaltzeko. Banekien jendea kalera irtengo zela, eta kaleko borroka ezinbestekoa zen. Txikirekin Marc Palmes egongo zen, eta senideak ere harako bidean ziren. 11 pertsona zeuden hiltzera kondenatuta, eta stock hori nola kudeatu erabaki zuen Francoren Ministro Kontseiluak.

Heriotza zigorra jaso zuen beste bezero bat ere bazenuen.

Vladimiro Fernandez Tovar, bai. Bartzelonako aireportura joan eta honako txartela hartu nuen, baina megafoniatik deitu zidaten. Madrilgo epaile militarrak berarengana joatea nahi zuela esan zidaten. Ministroen Kontseiluak indultua eman edo ez erabakita zeukan, antza, eta Madrilera joan nintzen. Vladimiro, indultua ematen ez bazioten, egunsentiarekin akabatuko zuten, eta ezin nuen bakarrik utzi. Carabanchelgo kuartelera gauez heldu nintzen. Han zeuden FRAPekoen auzietako abokatuak. Vladimirori indultua eman zioten azkenean, eta hala esan nion. "Zein akabatuko dituzte?", galdetu zidan. Izenak esan nizkion: Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz. Epaile militarra agertu zen orduan, eta zigarro bat eskaini zion Vladimirori. Vladimiro beti zegoen erretzeko amorratzen, tabakoaren menpekoa baitzen, baina ez zuen zigarrorik hartu.

Hilketa haiek Francoren amaiera iragarri zutela diote.

Franco ohean hil zen, gehiago iraun ezin zuelako. Madrildik ailegatu nintzenean, hemen sutan zegoen dena. Guztiok irten ginen kalera. Francoren katea ez zen hautsi, baina. Amnistia gauza bat izan zen, eta bestea, hitzartu zuten isiltasun ituna. Alemanian, Italian eta Frantzian, nazismoak gerra galdutakoan, alderdi naziak legez kanpo utzi zituzten, eta berriz eratzea debekatu zitzaien. Hemen, aldiz, frankismoari beste alderdi bat sortzen utzi zitzaion, eta Falangek hor jarraitu du. Eta Francoren aurka egon zen herri mugimendu bakarrenetako batetik sortu zen talde politikoa, ezker abertzalea deitzen zaiona, legez kanpo dago gaur egun.

Haizea eta sustraia

Franco diktadoreak, heriotzaren aurreko eldarnioan, beste zigor gogor eta mingarri bat ezarri zion Euskal Herriari: Txiki eta Otaegi militante politikoak hiltzea. Erregimen frankistak fusilatuta hil zituen azken euskal militanteak izan ziren.

Jon Paredes Manot 'Txiki'

Bihar hiltzen naizenean ez etorri negar egitera, inoiz ez naiz lurpean egongo, askatasun haizea naiz…". Txikik hil aurreko orduetan bi anaia gazteenen jaunartzerako oroigarrian idatzitako Che Guevararen bertsoa gazte belaunaldi baten erreferentzia bilakatu zen. Bertan, modu xumean laburbildu zuen Jon Paredes Manotek bere bizitza laburraren zentzua, Euskal Herriarekiko eta sozialismoaren aldeko konpromisoa, heriotzaraino eraman zuena.

Txiki Zalamea de la Serenan jaio zen (Extremadura), 1954ko otsailaren 20an. Familia pobre bateko bigarren semea zen, eta gurasoekin batera etorri zen Euskal Herrira, 1960ko hamarkadaren hasieran. Zarautzen kokatu ziren, han bizi baitziren aitona-amonak aurretik. Laster sartu zen Zarauzko giroan, eta gertutik jarraitu zuen Euskal Herriko giro politiko nahasia, eta baita erregimen frankistaren zapalkuntza ere. Esaterako, lantegian gogotsu hartu zuen parte Burgosko prozesuaren aurka antolatu ziren greba eta mobilizazioetan.

Espainian jaio arren, Jon Paredesek beti izan zuen Euskal Herriarekiko atxikimendu handia, eta bere burua bertakotzat jotzen zuen, senideek eta lagunek azpimarratu dutenez. Lagun taldean ongi sartu zen, mendia izan zuen zaletasun handienetakoa, eta mendiko irteera horietan are eta gehiago inplikatu zen Euskal Herriaren aldeko lan politikoan. Hasieran EGIkoa izan zen, baina laster Euskadi Ta Askatasuna erakundera egin zuen jauzi. 1973. urtearen hasierarako ETAko komando legal batekoa zen.

1974ko abuztuaren 12an Guardia Zibila Txikiren etxera joan zen, atxilotzeko asmoz, baina ordurako ez zegoen han. Bi astez lagun baten etxean ezkutatu eta gero, Bidasoa igaro eta Ipar Euskal Herrian finkatu zen. Handik muga igaro zuen berriro, eta liberatuen komando batean jardun zen Gipuzkoan eta Nafarroan. 1975eko apirilaren 1ean Jon Paredesen izena berriro agertu zen prentsan, Jose Diaz Linares Donostiako inspektoreordea hil izana leporatu ziolako Poliziak. Uda horretan bertan Kataluniara joana zen Txiki, ETA-pm-ko komando berezi bateko kide moduan.

Uztailaren 30ean atxilotu zuten, Bartzelonan, Perez Beotegi Wilson-ekin batera. Bost egun izan zuten polizia etxean, eta modu basatian torturatu zutela salatu zuen. Guztiz bakartuta eduki zuten Bartzelonako espetxean, eta abuztuaren 23an ikusi ahal izan zuten lehenengoz haren abokatuek, Marc Palmes eta Magda Oranich katalanek. Irailaren 19an egin zuten Jon Paredesen aurkako epaiketa sumarisimoa, eta Txikiri, bere burua defenditzeko aukerarik gabe, heriotza zigorra ezarri zioten, Ovidio Diaz Poliziako kaboa hil izana leporatuta. Abokatuek lau ordu baino ez zituzten izan Txikiren aldeko defentsa prestatzeko. Zortzi egun eduki zuten heriotzaren zain, eta, azkenean, irailaren 27an, Tarragonako Cerdanyola hilerri ondoan hil zuten. Eusko Gudariak abesten ari zela tirokatu zuten, hamabi aldiz, hil zen arte. Tiroegileez gain, haren anaia Mikel Paredes eta Palmes eta Oranich abokatuak izan ziren une gogorraren lekuko bakarrak.

Anjel Otaegi Etxeberria

Mila bederatziehun eta berrogeita biko urtarrilean jaio zen, Nuarben. Aita ez zuen ezagutu, eta ama Nuarbeko alargun batekin ezkondu zen geroago, baina Anjel Otaegi behin ere ez zen ondo moldatu aitaordearekin. Zestoako Kristau Eskolan ikasi zuen 13 urtera arte, eta gero Azpeitiko Institutuan. Berehala utzi zituen ikasketak, ordea. 14 urterekin Zumarragara joan zen, eta Irimo enpresan lan egiten hasi zen. Hainbat enpresa eta langintzatan jardun zen; besteak beste, arrantzalea izan zen hiru urtez Orioko arrantzontzi batean.

Gazte-gaztetatik izan zuen konpromiso politikoa, hasieran EGIn eta geroago ETAn. Lagunek diotenez, Anjel Otaegi urtero joaten zen debekatutako Aberri Egunera eta Maiatzaren Leheneko ekitaldietara. ETAko hainbat alorretan jardun zen lanean, fronte militarreko kolaboratzaile gisa ibili arte. Anjel Otaegik oso gustuko zuen lagunekin egotea, irakurtzea eta politikako gaiez eztabaidatzea. Kirol askotan ere jardun zen gaztetan, bereziki futbolean, txirrindularitzan eta pilotan.

1974ko abuztuan Poliziak Jose Antonio Garmendia Tupa ETAko kidea atxilotu zuen, operazio bortitz batean. Hari tortura bidez esanarazitakoen ondorioz, Azpeitian hildako Gregorio Posadas Zurron guardia zibilaren heriotzarekin lotu zuten Anjel Otaegi. Azaroaren 18ko gauean Anjel Otaegi atxilotu zuten, Nuarbeko etxean. Ia bost hilabetez Martuteneko espetxean izan zen Otaegi, eta handik Burgosera eraman zuten. Martutenen ETAko beste hainbat presorekin harreman handia izan zuen, eta estima handia lortu zuen haien aldetik, guztiekin ondo moldatzen ziren horietakoa zelako Otaegi. Esaterako, garai hartan gertatu zen ETA-m eta ETA-pm bereizketa, eta Otaegik, ETA militarrarekin bat egin zuen arren, ez zuen gustuko bereizketa, guztiek helburu beraren aldekoak izanda ez zuelako ulertzen banatzea.

2005eko apirilaren 27an Espainiako Gobernu frankistak salbuespen egoera ezarri zuen Hego Euskal Herrian, eta heriotza zigorra ezarri zien Anjel Otaegi eta Jose Antonio Garmendiari. Berehala hil nahi zituen erregimen frankistak; baina, mobilizazio handien ondorioz, ez zen ausartu.

Abuztuaren 28an egin zuten, Burgosen, Otaegiren aurkako epaiketa. Defentsako abokatuak egindako galderei erantzunez, Otaegik onartu zuen ETArekin harremana zuela, baina ziurtatu zuen behin ere ez zuela arma bat izan esku artean. Fiskalak "ardi larruz jantzitako otsoa" zela esan zion Otaegiri, eta heriotza zigorra eskatu zuen harentzat. Epaile militarrek zigorra berretsi, eta irailaren 27ko goizean hil zuten Nuarbeko mutila, lekukorik gabe.