Erantzun ona izan du V. Triku Festak

Uztarria 2005ko ira. 26a, 16:09
Triku Festan parte hartu duten talde ezberdinen argazki montajea

Antolatzaileen ustez, "kartelaren maila igo" eta jaialdia "finkatu" egin da

Triku Festaren V. edizioak atzo (irailak 25) itxi zituen ateak, eta antolatzaileak "gustora" geratu dira musika jaialdiaren emaitzarekin. Aurtengoan, "kartelaren maila igotzea" zuten helburu antolatzaileek.

Zirkuitu jakin bat ez duten taldeei aukera bat eman nahi izan die Triku Festako antolatzaileek. "Helburua ez da talde ezagunak ekartzea", dio Aitor Bengoetxea Ondarruk, "nahiz eta jendea ezagunak diren taldeekin gehiago mugitzen dela konturatu garen". Honela aurten, taldeei dagokienez "kantitatea jaitsi eta kalitatea igo" nahi izan dute; iaz, 18 taldek parte hartu zuten musika jaialdian. "Nik uste aurtengoarekin Triku Festa finkatu egin dela esan dezakegula".

Ostegunetik hasi eta igandea bitartean, 11 musika taldek jo dute udaletxe azpian (ostegunean) eta plazako karpan. Horietatik, lau musika talde (Ezinean, Legen Beltza, 12 Tribu eta Dj-Amsia) herrikoak izan dira. "Hurrengo urtera begira bertako taldeei ere aukera ematen segitu nahi dugu", dio Ondarruk.

Antolatzaileak orokorrean gustora geratu dira Triku Festaren V. edizioarekin. "Dena iaz baino txukunago egin dugulakoan gaude; musika ekipoa, publizitatea... Bestalde etorri diren talde denak oso gustora geratu dira. Ez zuten jaialdia ezagutzen, eta espero zutena baino hobea iruditu zaie".

Iaz aurreneko aldiz karpan antolatu ziren Triku Festako kontzertu gehienak. Aurten, karpa Triku Festaren erreferentzi gune nagusi bihurtu dela diote antolatzaileek. Modu honetan, gauzak egiteko modu propioa dutela eta herrian gune bat falta dela aldarrikatu nahi izan dute antolatzaileek.