Laxaro Azkune: "Irrati garaian ez dut etsai handirik egin, eta horrek poza ematen dit"

Igandea (Berria) 2005ko ira. 19a, 14:09

Atzo (irailak 18, igandea) Berria egunkariko Igandea atalean, Laxaro Azkune elkarrizketatu zuten

Herri Irratian esatari jardun zen 21 urtez, batez ere euskal kulturari buruzko gaiak jorratzen. Gai jartzaile ezaguna ere bada bertso munduan, eta, egun, itzultzaile lanak egiten ari da jesuitentzako.

Galderak egiten, erantzuten baino trebatuago dagoen arren, erraz moldatu da grabagailuaren aurrean, urteotan landutako jario emankorra baliatuz.

Apaiz izan nahi zenuen txikitan. Zergatik?

Gure etxera auzoko apaizak etortzen ziren, larunbatean etorri eta igandera arte. Haiek beti gure etxeko ziren, eta nik sei bat urterekin apaiz izan behar nuela nuen buruan sartuta. Hamar urterekin bidali nindutenean ez nuen hainbesteko gogo edo berotasunik. Mojen kolegio batean jardun nintzen seminarioaren aurrekoan, eta hamabi urterekin Saturraranen egin nituen bi urte, eta beste hiru urte Donostian.

Baserrian jaio eta hezi zinen. Zer geratu zaizu geroko baserritar izaera horretatik?

.25 urte egin arte baserrian bizi izan nintzen. Eta hor baserriko lan guztiak egin nituen: sega, aizkora, erraminta guztiak probatu ditut… Baserriak eman dit naturarekiko harreman horrek erakusten duena: errespetua, hurbiltasuna, naturari ez bakarrik kendu, baizik eta eman ere egin behar zaiola.

Zergatik ez zinen apaiz bidetik sartu?

Erabaki gogorra izan zen. 1968a zen, eta Parisko errebolta zegoen. Ordura arte taldeetan antolatuta geunden, eta taldean aztertu eta erabakitzen genituen gauzak. Talde funtzionamendu hori oso garrantzitsua zen, eta dezente markatu gintuen, bai bizitzari buruzko filosofian, eta bai planteamenduetan ere. Guri erakutsi zigun bakoitzak mundu honetan baduela leku bat, eginkizun bat, eta berak ez badu egiten ez duela beste inork egingo. Konpromiso hori oso gaztetatik txertatu ziguten, eta uste dut dezente markatu gintuela. Guk inoiz ez dugu izan irabazpideak edo onurak ateratzeko filosofiarik jaso.

Parisko mugimendua aipatu duzu, Euskal Herrian ere aldaketa haizea senti zitekeen. Zurrunbilo horretan nola kokatzen zinen?

Seminariotik oso hurbil sortu zen mugimendu hori, eta orduko ETAren agiriak, giroa, planteamenduak eta pentsamenduak gure artean oso egunerokoak ziren. Hori bezala kantagintzaren lehenengo mugimenduak: Labeguerie, Laboa eta haiek denak gertutik jarraitzen genituen. Haien kantu guztiak ezagutzen genituen, kantatzen genituen. Donostiako seminarioa, gainera, deskubrimendu bat izan zen niretzat: Saturraranen euskaldunok baztertuak sentitzen ginen, eta Donostiara joan ginenean konturatu ginen euskaldunak ginela nagusi, euskaldunak ginela han nor, eta besteak bigarren mailakoak zirela. Horrek ikaragarrizko poza eta harrotasuna eman zidan niri.

Soldaduzka eten bat izango zen, Afrikaraino joan zinen-eta.

Bai, atzeratzen saiatu nintzen ni, baina ez nuen asmatu edo ez nuen ausardiarik izan horri aurka egiteko, eta Afrikan bete behar izan nituen hamalau hilabete. Alde batetik nahiko zortea izan nuen Madrilgo furriel bat zegoelako, gurekin nahiko ondo moldatzen zena. Berak nahi zuen irakurtzeko zaletasuna zuen norbait bere ondoan, eta ni eraman ninduen. Baina gero kapitainarekiko harremana ez zen hain ona izan, hura konbentzituta zegoelako ni ETAkoa nintzela, euskaraz irakurtzen nituelako gauzak, eta sozialismoaren inguruko liburuak aurkitu zizkidalako. Azken hilabeteotan harreman kaxkarra izan genuen. Azken egunean konpainia guztia agurtu, eta esan zidan: “Etsai izanda agurtuko dugu elkar”. Poz handiz hartu nuen hura, hark irain gisa bota zuen arren.

Gero ikastolen mundura sartu zinen.

Seminariotik irten, eta zerbaitetan hasi nahi nuen lanean, ez bainuen gurasoen kontura bizi nahi. Pentsatu nuen merkataritza ikasi eta nonbait hastea lanean, banketxeren batean-edo. Hiru hilabete pasatu genituen, eta klasean ez genituen pasatuko hamabost egun ere, greba zela eta bestea zela. Urte hori hala pasatu zen, eta hurrengo urtean magisteritza ikasten hasi nintzen. Orduan ikastolarako prestatzen ari ziren batzuk sartu ziren, eta haien inguruan taldetxo bat eratu genuen. Hala, gau eskolan prestatzen hasi ginen. Xabier Letek eta Anjel Lertxundik eman zizkiguten eskola batzuk. Xalbador Garmendia izan genuen euskarazko irakasle, eta Federico Zabalak historia. Asko ikasi genuen.

Ikasbide ikastolan zortzi urte eman zenituen. Zergatik utzi zenuen bide hori?

Beste kasualitate batengatik. Tentatu egin ninduten. Maiatza izango zen, eta azterketez bete-bete eginda nenbilen. Ni beti hizkuntzako gaiekin ibiltzen nintzenez, zuzenketak egiten-eta, kokoteraino eginda nengoen. Hala, lagun batzuk etorri zitzaizkidan esanez irratian niretzako moduko lan bat zegoela, Jose Mari Iriondok ordura arte lantzen zituen alorrak: bertsolaritza, herri kirolak… Proba egin zidaten, eta barrura sartu nintzen. Hala, 21 urte egin ditut.

Zer eman dizu irratiak?

Irratiak eman dit jendaurrean ibiltzeko ohitura, lotsarik gabe, kokildu gabe. Aurpegia ematea ez zait beti erraza egin izan, eta irratian aurpegia eman beharra dago. Horrez gain, eskaini dit jende askorekin harremana izateko aukera, gainera, niri gehiena interesatzen zaidan jendearekin: kultur, kirol eta baserri munduko jendearekin. Kultur munduko jendearekin, bertsolariekin, musikariekin, trikitilariekin harreman handia izan dut, eta denekin esker oneko bukatu dut. Ez dut etsai handirik egin bidean, eta horrek poza ematen dit.

Faltan ematen duzu?

Sentitzen dudana da askoz ere lasaitasun handiagoa. Eguna niretzat lehen baino askoz ere estualdi eta gorabehera gutxiagorekin joaten da. Hala ere, ikusi dut lehen jendearekin nuen eguneroko harreman horrek behartu egiten ninduela, baina baita ere ematen zidan jendearekin harremana izateko aukera. Orain ikusi dut horretan, urtebetean, asko atzeratu naizela. Lehen jarraitzen nituen alor guztiak ezin ditut horren hurbiletik segitu.

Jesuitentzako itzulpen lanak egiten ari zara. Garai batean ere, ikastolan hasi zinenean makina bat itzulpen egingo zenituen. Pentsatzen dut asko aldatuko zela itzulpengintzaren mundua.

Bai, orduan ikastoletarako materialik ez zegoen, eta guk euskaratzen genituen, ahal genuen moduan, prestakuntza berezirik gabe. Orduan zeuden material eta lanabesak eskasak ziren gaur egungoen aldean. Egun, Interneten bertan itzulpenerako hiztegiak dauzkazu, kontsultak, Itzul zerbitzua itzultzaileen arteko galderak eta kontsultak egiteko…

Irratia atzeko atetik utzi behar izan zenuen. Geratu zaizu minik horregatik?

Begien bistakoa da irratia daraman zuzendaritzak zituen plan ekonomikoetan pertsona batzuk ez ginela sartzen. Hori antzemanda nengoen aurretik, eta halaxe gertatu zen gero. Ez nekien zer irtenbide izango zuen horrek, eta nik espero ez nuen irtenbidea aurkeztu zidatenean, onartu egin nuen; eta ez dut damurik. Haserrerik? Beti gertatzen da: estimatua sentitzen zaren garaian, zure lanaren aitortza begibistakoa denean, harrotasuna ematen du. Zure lan horrek aitortzarik ez duenean, ez denean estimatzen, ez zara berdin sentitzen, baztertua sentitzen zara, eta horrek ematen dizu halako min pixka bat. Baina bizitzak denetik eskaintzen dizu.

Gai jartzaile ere aritu izan zara urteetan.

Bai hori ere kasualitatez. 1985ean hasi zirenean bertsolariak txapelketa antolatzen, irratian gertuen zituzten pertsonengana jo zuten. Bilera batera deitu ninduten, eta gai jartzaile taldean hasi nintzen, eta aurkeztu behar izan nuen lehenbiziko saioa. Txapelketa horretan finala ere aurkeztea tokatu zitzaidan. Uste dut txapela eraman zuenak baino estuasun handiagoa eraman nuela nik. Areto hura dena betea ikusteak izugarrizko sentsazioa sortu zidan, benetako ikara. Lehengoan Silveirak zioen gai jartzaileek protagonista papera hartzen dutela. Hori beti izan da bertsolariek gai jartzaileei egin izan dieten salaketa. Nik neuk ere hori egiten duen gai jartzailea ez dut onartzen, gai jartzailearen funtzioa ez delako protagonista izatea, bitartekoa izatea baizik. Protagonista bertsolaria da. Futbol zelai batean epailea protagonista bihurtzen denean, seinale txarra. Hoberena da inor ez ohartzea epailea handik pasatu den ere. Gai jartzailea da saio hura bideratzen laguntzen duena, saioa ondo atera dadin bitartekoak jarri behar dituena.

Bertsolaritza zer moduz ikusten duzu?

Bertsolariak asko ugaritu dira, bertsolari on asko daude, baina herria, herri bertsozalea, asko aldatu da. Lehen bertsozaleak itsuak ziren asko, bertsoaren miresmenak txunditutakoak. Uste dut txundimen hori desagertu egin dela. Gaur egun daude bertsozale adituak, bertsolariaren lana estimatzen dutenak, asko gustatzen zaienak, baina garai bateko fans mordo hori urritu egin da. Uste dut formatoak ere aldatzen ari direla: bertso afari eta bazkariak asko egiten dira, txapelketa informalak…

Txapelketa ere hortxe dugu. Nola hartuko duzu?

Lehen aldiz betebeharrik gabe jarraituko dut txapelketa: ez gai jartzaile gisa, ez esatari gisa, ez dut lanik izango. Beraz, joango naiz bertso entzule soil gisa. Uste dut aldea dagoela, inolako eginkizunik gabe joateak ematen dizu gozatzeko beste aukera bat.

Faboritorik baduzu?

Espero dut beti ikusi dugun bezain Andoni Egaña ona izatea. Eta nahi nuke norbait hori gainditzeko gai izatea. Badakit ez dela erraza, baina ez zait ezinezkoa iruditzen.

Uztarrian, Azpeitiko euskara elkartean, ari zara lanean, lehendakari gisa. Zer moduz?

Uztarriak hiru ardatz ditu: komunikazioa, euskara eta kultura. Nik batez ere kultura atalean lan egiten dut, eta orain hortxe gabiltza, udalarekin saltsan, akordioak desakordio…

Azpeitia herri eredugarria da askorentzat, euskararen erabilera handiagatik.

Horrek badu alde on bat, baina badu arrisku bat ere. Herria euskalduna da, seguraski ez gure merituz, baizik eta beste herri batzuek baino kutsadura gutxiago izan dugulako. Erabilera handia izanagarik ere, badira datu kezkagarriak ere, ondo aztertzen hasiz gero. Sartu gabe, gainera, lan munduan euskarak duen presentzia eskasa. Euskal produktuen kontsumoan, adibidez, Azpeitia ez da herri eredugarria. Uste dut Uztarria horretan lan dezente egiten ari dela, tentsio hori bizirik mantentzeko, eta fruituak ikusten ari gara.

Eta Azpeititik Euskal Herrira salto eginda, nola ikusten duzu euskara?

Kezkatuta. Apustu batzuk egin dira, baina sektore jakin batzuetan bakarrik. Uste dut klase politikoak ez duela gaia seriotzat hartzen, eta, era horretan, euskarak segituko du arriskuan. Klase politikoak apustu horietan serio jokatu behar du, eta salbuespenik gabe diot, alegia, alderdi politiko guztiak sartuko nituzke hor. Euskarak apustu serioa izaten hasi behar du, bestela arrisku latza duelako.

Euskal Herriko giro politikoa ere jarraituko duzu. Nola ikusten duzu?

Batzuetan itxaropenak sortzen dira, baina ez dakigu zer nolako oinarria duten. Asko aipatzen dira sukaldeko lanak, baina ez dakit horiek zer tamainan dauden. Sukaldeko lanak badaude, kanpoan hitz egiten jardutea ez dut uste mesedegarria denik. Ezkor samar egoten naiz batzuetan, besteetan itxaropena izaten dut, baina erdipurdi nago. Momentu garrantzitsua iruditzen zait, baina lubakiak oso sakonak dira oraindik, eta horietatik mugitzea ez da erraza. Interesak ere asko daude, alderdi politiko instituzionalak ia enpresa bilakatu direlako. Ez dakit, ez dut arrazoi garbirik ikusten baikorregia izateko.

Motzean

Juan Lekuona.

Gure zuzendaria. Lagun bezala estimuan neukan, baina gauza askotan, batez ere euskararen kontuan, ez ginen bat etortzen.

Txema Auzmendi.

Horrekin askoz ere hurbiltasun handiagoa dut, bai gizarte gaietan eta euskarari dagokionez.

Jose Mari Iriondo.

Herritar bezala ezagupidea, baina irratian nik egiten nuen lana ez dakit zenbateraino errespetatu duen, eta alde horretatik ez dut harreman onegia.

Bertsolari bat.

Andoni Egaña .

Herri Irratia.

Esperientzia polit bat.

Azpeitia.

Nire herria, bere alderdi on eta txar guztiekin gustatzen zaidana.

Inazio Loiolakoa.

Pertsona harrigarria, izan duen gaitasuna ondorenean arrasto handia uzteko. Errespetua diot, nahiz eta Loiolako etxeak garai hartan izan zituen aukera politikoak eta nire gaurko ikuspegi ideologikoa kontrajarria izan.

Amets bat.

Hurrengo hauteskundeetan alderdi politiko guztiek aukera izatea parlamentura joateko.