Jokin Uranga, Bertsolari Txapelketa Nagusiko azpeitiar ordezkari bakarra

Uztarria 2005ko ira. 12a, 22:09

Lehiaketa urriaren 9an hasiko da eta abenduaren 18an bukatu; Azpeitian ez da saiorik izango

Urangak urriaren 22ko azken-laurdenean abestuko du, Uztaritzen

Gaur (astelehena) aurkeztu dute 2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Barakaldon, Bilbao Exhibition Center erakustazokan, eta aurten azpeitiar bakarrak hartuko du parte bertan: Jokin Urangak. Harekin batera, beste 37 bertsolari ariko dira.

Uranga, hasieratik, azken-laurdenetatik lehiatuko da. Hain zuzen, Uztaritzeko saioan abestuko du, Amets Arzallus, Fredi Paia, Iñigo Manzisidor Mantxi, Julen Zelaieta eta Onintza Enbeitarekin batera, urriaren 22an, Kiroleta pilotalekuan (17:00). Txapelketa urriaren 9an hasiko da, Lekunberrin, eta 11 saioren ondoren, Barakaldon jokatuko da finala, abenduaren 18an. Azpeitian ez da saiorik izango.

Orain dela lau urte jokatu zen azkeneko Txapelketa Nagusia, eta orduan azkeneko fasean ez zen azpeitiarrik izan, ohi ez bezala (Azpeitiarrak, ohikoak txapelketan eta finalean. Etenaren ondorioa)

Xebaxtian Lizaso 2001a aurreko finalean izan zen, ondo ibili zen gainera (hirugarren egin zuen). "Txapelketako nire garaia bukatu da, orain ez baitut lehengo ilusio hori", esan zuen, ordea, 2001eko urriko Uztarria aldizkarian, eta ez zuen parte hartu.

Jokin Urangak 25 urte ditu eta lehenengo Txapelketa Nagusia izango du. Irabazi dituen sari nagusien artean, Lizardi Saria aipatu behar (2000). Bertsolaritza erakusten egin du lan.

Txapelketa hiru atal izango ditu: azken-laurdenak hasieran, finalaurrekoak gero bi itzulira (sei bertsolari sailkatuta daude), eta finala (Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña sailkatu daude, azkeneko txapelketan bigarren eta lehenen izateagatik). Azken-laurdenetan 30 bertsolari ariko dira eta 18 sailkatuko dira finalaurrekoetara, hemen 24 lehiatuko dira eta finalaurrekoetatik sei joango dira finalera (Lujanbio eta Egaña izango dituzte zain).

Hona hemen txapelketari buruzko xehetasun gehiago:

Bertsolariak Esan bezala, Jokin Uranga izango da azpeitiar ordezkari bakarra.

Saioak Saiorik ez da izango Azpeitian.

Txapeldunak. Orain arte azpeitiar bat izan da txapeldun: Xebaxtian Lizaso, 1986an.

Gai-jartzaileak Ez da izango azpeitiar gai-jartzailerik. Lehen Laxaro Azkune finalean bertan ere izanda dago.

Txapelketako datu gehiago: www.txapelketanagusia.com Berria Gara