Beñat Lizaso: "Baneukan gogoa Lizardi sarian aurrena edo bigarrena egiteko"

Urola Kostako Hitza 2005ko ira. 7a, 14:09

Beñat Lizasok Bertsolari Gazteen XXIX. Lizardi saria irabazi zuen ostiralean; aurten laugarren urtez izan da finalean (www.urola-kostakohitza.info)

Lanetik jai hartuta, Hitzak mendian harrapatu zuen atzi "Beñat Lizaso":http://www.uztarria.com/albistiek/1125750269, telefonoz. Joan den ostiral gauean Bertsolari Gazteen XXIX. Lizardi sarian txapeldun izan zen, Zarautzen. Txapelketa horretako finalean aritzen zen laugarren aldia zuen. Aurreneko bi postuetakoren bat egiteko amorratzen zegoen; baita egin ere, txapelduna izan baitzen.

Zer moduzko saioa egin zenuen Lizardi sariko finalean?

Ez nuen izugarrizko bertso saiorik egin, baina akatsik ez nuen egin eta horrelakoetan akatsik ez edo gutxi egitea komeni izaten da. Aurten zortzi bertsolari izan beharrean sei izan gara finalean eta lan gehiago egin beharra zegoen, beraz saioa luzeagoa izan zen, baina nahikoa erraz pasatu zitzaidan denbora.

Zer moduzko giroa zegoen?

Lizardi sariko finalean beti giro ona egoten da, eta joan den ostiralean ere giro polita zegoen.

Laugarrengo aldiz finalera, eta laugarrenean txapela lortu duzu...

Baneukan gogoa Lizardi sarian aurrena edo bigarrena egiteko, eta gutxien espero nuenean irabazi dut. Lortu dut nahi nuena.

Gustura orduan?

Bai, bai. Gustura egoteko motiborik ez zaigu falta, Euskal Herriko bertsolari gazte askok parte hartzen du Lizardi bertsolari Txapelketan eta txapelketa garrantzitsua da.

Txapelketarako aurretik prestaketa berezirik egin al duzu?

Zerbait egin dut. Ni beti alfer samarra izan naiz, eta oraingoan errimak-eta errepasatu ditut eta uste dut bere aldea egin duela aurretik egindako lanak. Abuztuaren azkenengo bi asteetan jardun dut prestatzen, abuztu osoa gehitxo izango zen eta.

Uztarria.com-en zure lagun batek dio txapelketetan ere patxadarik ez duzula galtzen...

Kanpotik bai lasai, baina barrutik urduri, barruan zer dagoen ez da antzematen baina... Finalean nahiko urduri egon nintzen.

Orain zer, saiorik ba al daukazu?

Hil honetan Zerainen bi saio ditut eta Erasunen bat. Datorren hilean, urrian, beste bertso saio bat ere badaukat. Orain, gehiago etortzen badira gustura hartuko ditut, baina bestela ere ez da ezer pasatzen.

Beste bertso txapelketarik ba al duzu buruan?

Datorren urtean Erniarraitz Bertso Txapelketa izango da, eta horixe dut buruan.