Sebastian Altuna: "Hemengoa naiz, baina Venezuelako"

Uztarria 2005ko ira. 5a, 19:09

Jesuita azpeitiarra Venezuelan dago eta Miel Angel Elustondok elkarrizketa egin dio 'Berria'-n

IBILIAN

IBILIAN

Sebastian Altuna Bengoetxea Kanpaxa. (Azpeitia, Gipuzkoa,1932). Urtarrilaren 18an jaioa, San Sebastian egunez San Sebastian de Soreasu parrokian bataiatua. “Gure txikitan Frontoi Txikia besterik ez zen Azpeitian. Frontoi handia itxita egoten zen, Vista Alegre. Euria egiten zuenean edo beteta zegoenean, ezin jokatu Frontoi Txikian. Orduan, seprohibe-ra joaten ginen. Oraindik hantxe jartzen du eliza atarian: ‘Se prohibe jugar a la pelota bajo la multa de dos pesetas’. Hara joaten ginen. Kalean aguazilak ibiltzen ziren, edo sakristaua. Hau zen txarrena. Aguazilak ikusten bagenituen, hanka! Eta sakristaua ikusten genuenean ere bai: hanka! Behin, seprohibe-n ere euria ari zuen eta eliz atari barrura sartu ginen, pilotara. Ari ginen eta han non datorren Don Luzio, erretorea. Ikusi gintuen, hamar bat lagun jokatzen, eta: ‘los mejores y los peores!’. Onenak, apostolikoetakoak ginen eta. Txarrenak, okerkerian ari ginelako”. Bost urterik behin etorri ohi da etxera, baina bi besterik ez dira igaro azkena bisitan etorri zenetik. Anaia Patxiren gaixotasunak ekarri du: “Etxekoek esan zidaten Patxiko oso gaizki zegoela. Berarekin hitz egin nahi banuen, etortzeko, hemendik urte batera hitz egiteko kapaz ez dela izango. Probintzialari baimena eskatu Caracasen eta etorri naiz aurten. Patxiko zer moduz? Ia egunero joaten naiz beragana. Egunean bi aldiz; baina berarekin ezin liteke egon ordu erdia baino gehiago. Behin ere ez dit izena eman, eta inori ez dio ematen. Bi aldiz esan dit. ‘Nik uste nian Xebaxtian etorriko zela’. ‘Xebaxtian ni nauk, hemen natxeok!’. Gelditzen da begira eta…”.

Gabonetan bi urte izango dira: Chavez presidente eta greba handiak izan ziren Caracasen. Gure kolegioa bertako lekurik onenean dago, garestienean, eta inguruko denak Chavezen kontrakoak dira. Eta gure kolegiora bere seme-alabak bidaltzen zituzten asko ere bai: %80, Chavezen kontrakoak. Ni, kolegioko erretore. Maisu-maistra denak grebaren alde zeuden eta gure kolegioan ere greba. Hala eta guztiz ere, handik pixka batera, kontzientzia-objekzioa nuela esan nuen, eskola irekita eduki behar genuela. Baina guraso denak bildu ziren eta ezetz esan zidaten, greban segitu behar genuela. Eta nahiz eta ni kontra egon, greban segitu genuen, botazioa egin genuen eta. 800 guraso baino gehiago ziren grebaren alde; kontra, berriz, 300dik gora. Nik, ez nituela 300 guraso haien umeak kalean edukiko, eskola irekita eduki behar nuela. Eskola-eskubidea zeukatela. Bada, egundokoak esan zizkidaten. Emakume talde handi bat nire bulegora etorri eta egundokoak aditu behar izan nituen. Handienak, emakumeetako batek bota zizkidan... Handik aste batera, edo hamar egunera, bilera berriz. Botazioa, eta eskolan hastea erabaki genuen. Aurrekoan egundokoak esan zizkidan emakume hura, denen aurrean igo, eta barkazioa eskatu zidan. Nik ez nuen ezer esan, beragana joan besterik. Besarkada handi bat eman genion elkarri eta jende guztia biba eta txaloka hasi zen. Harrezkero, prentsa etorri zen, telebista eta, niri elkarrizketa egitera. Nik, ezetz: “Horretarako, zuzendaria dago. Harekin hitz egin. Nik ez dakit zer esan behar den ere!”. Elkarrizketak eta ez zaizkit gustatzen.

Maracaiboko jesuiten kolegioko erretore izan naiz hiru aldi diferentetan. Azken zazpi urteak edo, Caracasen pasa ditut, bertako kolegioko erretore. Hara bidaliko ninduela probintzialak esan zida- nean, nik: “Hi! Orain? Jubilatzeko edadea zeukaat eta! Horra bidaltzen al nauk?”. Eta esan zidan: “Bi egun ematen ditiat pentsatzeko”. “Ez, hik niri bi egun ez. Hik bidaltzen baldin banauk ni joan egingo nauk, baina hik pentsatu behar duk, bi egunean, ni bidali behar nauan hara, ala ez!”. Esan ere egin nion: “Ni Loiolan sartu nintzenean, aittak eraman nindian bertara. Egundoko zaparrada ari zuan. Aittaren azken hitzak izan zituan: ‘Xebaxtian, obedientea izan!’. Eta ni ordutik aurrera, ahal dudana, obeditu egiten diat. Beraz, hik bidaltzen banauk, joango nauk!”. Eta han joan nintzen, Maracaibo utzi eta Caracasko kolegio horretara...

Pobreen artean kolegio berria

Maracaibon kolegio ederra geneukan, baina handik irten behar izan genuen, inguruan obrak egin behar zituztelako. Eta okasioa izan genuen Maracaiboko lekurik onena erdi prezioan erosteko. Hiribide batean geunden. Hotel onenak geure aldamenean. Klub onena, hotel horren hurrengo etxea. Hondartza, bertan… Lekua erosi genuen eta hantxe egon ginen hamar urte. Baina hamar urte horietan, Arrupe, gure jenerala, Latinoamerikako probintzial guztiekin bildu zen eta karta bat eskribitu zuten. Caracasko jesuitak zapaturo biltzen ginen. Karta hura jaso eta esan genuen: “Hara, karta hau hartu diagu. Hemen pobreen alde zeudek. Gu ez gaudek pobreekin. Zer edo zer egin beharko diagu ba!”. Bi urtean zapaturo-zapaturo bilerak egin genituen. Gehienak pobreen alde egitekoak ginen, baina bazeuden nahi ez zutenak ere. Gogo-jardunak egin genituen bi aldiz, geuk bakarrik, zer erabakitzen ote genuen, eta azkenean, nik pentsatu nuen: “Tira, bi urte zeramatzaagu bueltaka, eta ez diagu ezer erabakitzen!”. Orduan, gorago jo nuen, ezagutzen nituenengana; bata, halako kontseilu batean zegoen; beste halako, beste zera batean. Eta bilera, batekin, eta bilera, beste batekin. Neure buruari esaten nion: “Honi ez zaiok inporta hau esaten baldin badiat, baina diru kontua hitz egiten baldin badiot, hau nire alde egongo duk!”. Eta holaxe. Batari gauza bat eta besteari bestea esaten nion, azkenean erabakia hartu genuen arte: leku on hartatik irten egin behar genuela. Erabakia hartu baino lehen denak kontsultatu genituen: bai gurekin zeuden mojak, bai gure abokatuak, ordezkariak, unibertsitateko irakasleak… Kontsultatu genuen horietako bat ministro zen. Honek esan zidan: “Abioi honetan igoko gaituk eta Maracaibon ibiliko gaituk ea non aurkitzen dugun terreno bat kolegio berria pobreen artean egiteko!”. Horrelaxe egin genuen! Eta hantxe dago kolegioa orain: Gonzaga kolegioa. Bertan egon nintzen hamar urte...

Orain ez nago inongo kolegiotan: Caracasen nago. Azken zazpi urteak bertako kolegioan egin nituen, San Inazio du izena. Kolegio ona, oso ona, leku aberatsenean dagoena, zelai handiak dituena... Zazpi urte han egin eta probintzialak —azpeitiarra da, Jesus Orbegozo, Kasto-nekoa—, beste lan bat agindu zidan. Baina jakingo banu zein den nire lan hori! Probintzialak esan zidan: “Xebaxtian, hi aurten kolegio horretatik ateratzeko asmoa diat”. “Ondo iruditzen zaidak!”. “Zera bidaliko haut, CERPEra”. Centro de Reflexion y Planificacion Educativa da CERPE. Gure kolegioari eta maisu-maistrei, gureak izan edo ez, laguntzeko dago. Testu-liburuak, irakurgaiak, aldizkariak… material didaktikoa eta gauza asko egiten ditu. Probintzialak hara joan behar nuela esan zidanean, nik: “Hi, Kasto, ni horra? Zer egin behar diat hor?”. “Gauzak konpondu!”. “Gauzak konpondu? Eta zer da hori?”. “Joan hadi eta ikusiko duk!”. Eta joan nintzen. Bulego bat, hamabost bat lagun lanean. Lehenago, umeentzako eta maisu-maistrentzako liburu ederrak egiten ziren han. Gero, ez dakit nola esan, ez zuten konplitzen egin behar zuten lana. Hango burua unibertsitateko irakaslea zen, inportantzia handia ematen zion unibertsitateari, eta zentroa ez zihoan ondo. Ni, joan, ikusi, eta handik bi hilabetera esan nion neure buruari: «Jende gehiegi gaudek. Hau martxan edukitzeko askoz jende gutxiago behar diagu. Ez zeudek ondo preparatuta. Hobeto preparatutakoak hartu behar ditiat». Erabaki genuen jende hura botatzea: ondo pagatu genien, legeak agintzen zuena baino gehiago, eta orain jende berria bilatzen ari naiz; batzuk badauzkat, geure kolegioetan lan egiten dutenak, eta ikusiko da hemendik aurrera zer egiten dugun.

“Azkeneko musua, igual!”

Hogei urte bete nituen egunean irten nuen Urolan, goizeko zazpiak aldera, Madril aldera: 1953ko ilbeltzaren 18an. Handik bi egunera, San Sebastian egunean, Madriletik Venezuelara irten nuen. Ordutik han nago han. 53tik!, hau da, 52 urte.

Ilbeltz hartan jesuita nengoen Loiolan, hiru hilabete lehenago sartuta bertan. Ordurako destinatuta nengoen Venezuelara, hilabete lehenago esan zidaten eta. Hori jakinda, etxekoek esan zidaten: “Urtearen lehenengo eguna ezin hinteke egon hor, Loiolan!, etorri hadi etxera!”. Baimena eskatu eta joan nintzen. Zer edo zer eman zion aittari eta gaixorik zegoen, ohean. Baina amak, zen bezalakoa zen ama eta, jaikiarazi egin zuen gure aitta, nik inpresio txarra ez izateko. Ni aittarekin hizketan baina aitta minez eta minez… Aittak ospitalera joan nahi zuen. Eta amak: “Baina hemendik hamabost egunera Xebaxtian badoa eta nola joango gara ba ospitalera?”. Eta esan nien: “Joan zaitezte, joan zaitezte!”. Eta, halaxe, joan ziren. Handik hamabost egunera, Venezuelara irten behar nuen bezperan, baimena eskatu nuen Loiolan: “Aitta eta ama Donostian dauzkat, eta despeditzea nahiko nuke”. Eta joan nintzen Donostiara, San Martin klinikara. Gurasoekin egon eta, arratsaldeko 6ak aldera, trena hartu behar nuenean atzera Loiolara etortzeko, aitta despeditu nuen. Aitta, beti ohean. Musu bat eman nion. Banindoan... eta atea irekitzen ari nintzela, irteteko, aittak: “Xebaxtian, buelta hadi, igual azkeneko musua izango dek eta!”. Holaxe joan nintzen!

Baina ez zen azkeneko musua izan. Gero ere egun ederrak pasatu genituen handik hogei urtera Insbruckera etorri nintzenean estudiatzera. Hantxe ordenatu nintzen baina Azpeitian eman nuen meza berria, parrokian. Egun hartan hiru anaiok egon ginen aldarean… Jabier, Patxiko eta hirurok. Ni, orduan, erdian, meza berrian. Abade batek, Don Antoniok, galdetu zion hurrengo egunean gure aittari: “Joakin, atzoko eguna zer?”. “Atzoko eguna? Bizi guztian eman dudan egunik ederrena, hiru semeak aldarean ikusita!”.

Eta berrogeita hamabi urte daramatzat Venezuelan, baina azpeitiarra naiz. Baina berrogeita hamabi urte kanpoan eta harako gara gu. Ni harako naiz. Hemengoa naiz baina Venezuelako. Hor barruan zerbait izaten da beti. Azpeitiak tiratzen du, noizean behin etortzeko moduan. Nahiz eta hangoa izan nahi bihotz-bihotz-bihotz-bihotzez, bihotz horrek zer edo zer itsatsita dauka hemen. Hala eta guztiz ere nik ez dut nire burua emigrante ikusten Venezuelan. Caracasen kontrariorik daukadan ez dakit, baina nik ez dut inor kontrariotzat. Jendeak oso ondo hartzen nau. Esaten didate oraindik, han: “Hi, horrenbeste denbora hemen eta oraindik hango azentua daukak!”. Holakoak esaten dizkidate, baina nire lagunek. Erdaraz hitz egiten dudanean, alegia.

Hamazazpi jesuita ginen, azpeitiarrak, Venezuelan sakabanatuta. Orain zazpi gara. Mojak ere badira, Maracaibon eta Caracasen, noizean behin biltzen gara eta. Asko xamar dira.

Caracasen bada Centro Vasco izeneko bat. Garai bateko zentro bera da, baina jende gutxiago joaten da orain. Oso leku ona da, nahiz eta jendeak ez duen lehen bezainbeste estimatzen. Euskaldun asko bueltan etorri dira eta han geratzen direnak hemendik joan zirenen ilobak dira: euskaraz ez dute egiten; edo gutxik egiten dute eta “egunon”, “arratsaldeon”… eta holakoak esaten dituzte, zer edo zer, baina euskaldunak sentitzen dira.

Berrogeita hamabi urte daramatzat han eta urtean-urtean kezka diferenteak izan ditut. Eboluzionatu egiten dugu. Joan nintzenean, nire kezka zen gure ikasleak ahal zen ondoena formatzea. Orduan ez genuen beste kezka hori: “Pobreekin gatxaudek? Aberatsekin gatxaudek?”. Holakorik ez zen hitz egiten orduan. *Fe y Alegría ni han lanean hasi eta lau-bost urtera sortu zen. Maracaiboko kolegioa itxi genuenean pobreen aldera joateko, Fe y Alegría*-ko fundatzaileari esan nion: “Hi, nahi baldin baduk hau *Fe y Alegría*-ko kolegioa izango duk”. Baina kondizio batzuk jarri zizkidan, onartu ez nituenak. Baina pobreen alde hasi ginen. “Pobreen alde egin behar dugu. Nola egin behar dugu pobreen alde? Eskolan segitu behar dugu? Beste zer edo zer egin behar dugu?”. Eta erabaki genuen: “Eskola duk hemen beharrena. Eskolarekin segituko diagu, baina pobreen artean, eta pobreentzat. Kezka hori izan geneun garai hartan. Gaur egun, beste bat da kezka: politika.

Nahiz eta denak nire iritzikoak ez izan, eta nire lagun batzuk ere ez, Chavezen alde eman nuen botoa nik hiru aldiz. Haren alde eta alderdi politikoen kontra. Baina azkeneko bietan Chavezen kontra eman dut botoa. Uste dut Chavezek gauza batzuk oso onak egin dituela...

Venezuelan, herri denetan, mendiak baldin badaude, mendietan txabolak. Eta mendirik ez baldin badago, han ere txabolak, handitxoagoak, baina txabolak. Hara ez da medikurik sartu izan eta Chavezek sartu egin ditu, nahiz eta kubatarrak! Txaboletan bizi direnek ere medikuak behar dituzte! Bertakoek joan nahi ez badute, etorri daitezela beste leku batetik, Kubatik edo dena delakotik. Beste alde batetik, alfabetatzen ari da jendea. Eskolara joaten diren helduei pagatu egiten die Chavezek, diru-saria ematen die. Eta tranpa asko egiten dira hor. Batzuek ikasiko dute, seguru, baina milioia joaten bada eskola horietara, Chavezen balantzea xinpleegia da: “*Hemos alfabetizado a un millón*”. Hori ez da egia. Baina zer edo zer egiten da. Beste kontu bat: pobreentzat gauza merkatzen ari dira. Auzoetan, bodegak izenekoak daude, denda txiki-txiki-txikiak, burdinez beteta, inork ezer ez harrapatzeko, eta zer edo zer erosten da, bolibar gutxi pagatuta. Horrekin batera,mercal esaten diotena jarri ditu Chavezek, eta zapaturo-zapaturo ejertzitoaren kamioiak auzoetara joaten dira, jeneroa saltzen. Gauza batzuk oso onak egin ditu Chavezek. Baina txarki egin duen gauza bat ere esango dizut: jaun eta jabe da, diktadore demokratikoa da. Igo zenean, %80ren laguntza zeukan, eta oraindik ere badauka laguntza hori. Baina legebiltzarrean bere lagunak jarri zituen. Baten bat bere kontra joaten bazen, kanpora. Botere judiziala, berak dauka: zein juzkatzen duten? Bere kontrakoak. Bere aldekoak behin ere ez. Berak esanda dakigu, jaiero-jaiero-jaiero lau ordu hitz egiten du eta telebistan, ustelkeria behin ere baino handiago dela, zer edo zer egin behar dela… baina inor ez du kartzelara eraman. Botere exekutiboa bere alde dauka, legislatiboa ere bai, eta militarra... alderago: hamabost-hogei bat jeneral eta teniente bota zituen, bere kontra zeudelako. Haien ordez, bere lagunak ditu orain. Oraintxe juizioa egiten ari dira militar horiei.

Esandakoak esanda ere, ezagutzen ditut, bai jesuitak eta bai mojak, Chavezen alde daudenak.