Beñat Lizaso, Lizardi Sariko finalean gaur, Zarautzen

Uztarria.eus 2005ko ira. 2a, 15:09

Aurten sei bertsolari sailkatu dira finalerako (22:00, Zinema pilotalekua); horrela, "lan gehiago egiteko aukera" izango dute

Azpeitiarra laugarren urtez izango da finalean (www.urola-kostakohitza.info)

Gaur (ostirala) gauean jokatuko da Zarautzen Bertsolari Gazteen XXIX. Lizardi Saria. Aste honetan bertan izan dira kanporaketak eta sei bertsolari iritsi dira finalera. 22:00etatik aurrera, Zarauzko Euskal Astearen baitan, bertsozaleek txapelketa ikusteko aukera izango dute Zinema pilotalekuan.

Gipuzkoako sei gazte sailkatu dira gaurko finalerako, eta horietatik bat Beñat Lizaso azpeitiarra da. Lizaso laugarren urtez da bertso txapelketa honetako finalean, eta "gustura" dago egindako lanarekin.

Parte hartze mugatua

Aurten, aldaketa nabarmena izan du txapelketak. Orain arte, zortzi bertsolari sailkatzen ziren finalerako, aurten, ordea, sei gazte bakarrik ariko dira finalean. Antolatzaileek adierazi dutenez, horrela "bertsolariek lan gehiago egin beharko dute, eta kantatzeko eta gozatzeko aukera gehiago ere izango dute". Beñat Lizasoren ustez nahiz eta aurten finalean lan gehiago egin behar izan, "honek saioaren haseran akatsen bat eginez gero, errekuperatzeko aukera ematen du. Beste urteetan gaizki hasiz gero, buelta ematen zailagoa izaten zen".

Txapelketan izena ematerako garaian, izen-ematea mugatu egin zuten antolatzaileek, eta 16 lagun gonbidatu zituzten Lizardi Sarian parte hartzera. Horrela, kanporaketa bakoitzean zortzi bertsolarik parte hartu dute, eta guztiek, aurreko urteetan baino lan gehiago egin behar izan dute.