54 auto gidarik hartuko dute parte igandean XXIII. Urrakiko Igoeran

Urola Kostako Hitza 2005ko ira. 2a, 12:09

Gidarietako batzuek mendi lasterketa onak egin dituzte aurten (www.urola-kostakohitza.info)

Astelehen arratsaldean bukatu zen XXIII. Urrakiko Igoera auto lasterketan izena emateko epea. 54 auto gidarik eman dute izena. Tartean gidari ezagunak daude, eta mendiko auto lasterketetan lasterketa onak egiten ari direnak hauetako asko: Ander Vilariño (Formula 3000 Reynard), Gorka Apalantza (Speed Car GT), Josu Ugarte (Formula Nissan), Mitxel Iribarren (Norma BMW), Pedro Urien (Formula Reynard F-3), Angela Vilariño (BCR CM), Iñaki Alberdi (Toyota Celica GT-Four), Ramon Apalantza (Mitsubisi EVO VI), Josetxo Zapiain (Renault Maxi Megane) eta abar.

Igandean, eguerdia bitartean korrituko da Lagun Artea Eskuderiak antolatutako auto lasterketa Gazteko bidegurutzetik Bidanira arteko errepidean (Urrakitik). 6, 5 kilometroko ibilbidea du.

Errepidea itxita

Igandean, goizeko 09:00etatik 14:30era autoentzako Urrakirako errepidea itxita egongo da, 10:00etan, lasterketako autoek entrenamenduak egingo dituztelako, 11:30ean lehen lasterketa eta 13:00etan bigarrena. Beraz, Azpeititik Tolosaldera autoz joan nahi dutenek Errezil aldeko errepidetik ibili beharko dute.

Urrakiko Igoeran parte hartuko duten auto gidarien autoak ikusteko parada ere egongo da. Larunbatean, 16:00etatik 19:00ak bitartean, autoek azterketak pasatu beharko dituzte epaitegi aurreko aparkalekuan, eta auto guztiak hantxe egongo dira aparkatuta. Auto lasterketa bukatu ondoren, sari banaketa Sagasti Zahar jatetxean egingo dute Lagun Artea Eskuderiakoek, 14:30ean.