477 haur eta gazte ibili dira Udalaren udaleku irekietan

Urola Kostako Hitza 2005ko uzt. 27a, 14:07

Udaleku irekien balorazio orokorra "oso positiboa" izan dela diote antolatzaileek (www.urola-kostakohitza.info)

Udalak antolatutako udaleku irekietan inoiz baino haur eta gazte gehiagok parte hartu du: hain zuzen 477 izan dira. Ekainaren bukaeran hasi eta joan den ostiralean, hilaren 22an, bukatu zituzten udalekuetako ekitaldiak.

Hiru urtetik 18 urtera artekoak ibili dira udaleku irekietan, bost programa desberdinetan banatuta: Udan Txiki, Udan Jolas, Udan Mugi, Udan Alai eta Udabenturan. "Txikienek era guztietako ekitaldiak egin dituzte: sukaldaritza, ur festa, patinajea... Eta horien gainera egun osoko irteerak ere egin dituzte: Aiako igerilekura, Getariko hondartzara, Santa Clara irlara... Zaharrenek, berriz, kirol berrietan murgiltzeko aukera eduki dute: esgrima, surfa, piraguak, spinninga... Gainera batzuek Askizun gaua ere psatu dute. Udabenturakoak Sierra de la Demandan bost eguneko bizikleta zeharkaldia egin zuten", kontatzen du Nerea OrbaƱanos Gazteriako teknikariak.

Atzo egin zuten udaleku irekien balorazioa antolatzaileek: "Udalekuen balorazio orokorra oso positiboa izan da guztion aldetik. Haurrak, gurasoak eta begiraleak gustura gelditu gara. Eta horrek lanean jarraitzeko indar handia ematen du".

Dagoeneko, irailaren 12tik aurrerako programazioa ere prestatu dute. Urria, azaroa eta abenduan lau ikastaro egongo dira aukeran: Tai Chia (asteartetan), Zuri beltzetik digitalera argazkigintzako hastapeneko ikastaroa (ostegunetan), sukaldaritzako hastapenekoa (astearte eta asteazkenetan) eta Gabonetarako sukaldaritzakoa. Lehen hiru ikastaroak urriaren hasieran hasiko dira eta laugarrena abenduan egingo da. Denak Zapo Txoko Gaztelekuan emango dira eta izen-ematea irailaren hasieratik 20ra egongo da zabalik.