Saihesbidearen lehen zatia Landeta eta Zapatari artekoa da

Urola Kostako Hitza 2005ko uzt. 19a, 17:07

Aldundiak 700 metro izango dituen errepide horretako proiektua onartu du, eta orain jendaurrean dago erakusgai (www.urola-kostakohitza.info)

Azpeitiko saihesbidea izango denaren lehen zatia Landeta-Zapatari artekoa izango dela erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Egunotan proiektua erakusgai dago Foru Aldundiaren egoitzan, Donostian. Azpeitiko saihesbidearen proiektua ekainerako idatzita edukiko zutela azaldu zuten Foru Aldundikoek Sanjuandegiko biribilgunea inauguratu zutenean. Ekaina pasatuta, lehen erabakien berri jakin da.

Zirkulazioa arintzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuaren ustez, Azpeitiko saihesbidea egiteko orduan, aurrena Landeta-Zapatari arteko errepidea egin behar da, industri gune horretako errepide bidezko zirkulazioa arintzeko: "Azpeitiak industria mailan izan duen garapen handiaren ondorioz, zirkulazio arazoak sortzen dira hainbat lekutan, batez ere Landetako biribilgunean (Tolosa eta Beasaingo errepideen arteko bidegurutzea). Gaur egun, Larre 87 esku hartze area hiritartzeko obrak hasita daude, gune horrek sarbide egokiak izan behar ditu eta sarbide horietaz baliatuz Landetako inguruan zirkulazioa arindu nahi da". Hala dio Aldundiak ekainaren 8ko Foru Aginduaren berri ematean.

Proiektua. Azpeitiko saihesbidearen lehen zatia izango den Landeta-Zapatari arteko errepidearen proiektua Eptisa Cinsa IngenierĂ­a y Calidad SA enpresak egin du. Proiektu hori gaur egun Diputazioan dago jendaurrean erakusgai, eta larunbata arte halaxe egongo da. Proiektua Aldundiko Bide Azpiegituretako departamenduak ontzat eman du, eta orain jendaurrean jarri dute. Aldunditik Azpeitiko Udalera ere bidali dute proiektu hori.

Landeta-Zapatari. Landetako bidegurutzetik Zapatari baserrirainokoa izango da errepide berria. 700 metro luze izango ditu. Gero, horri, Zabaletxen egingo den biribilgunetik Landetako biribilgunera egingo den lau bideko zatia (212 metrokoa) eta GI-2635 errepidean hobetuko den zatia (400 metrokoa) gehitu behar zaizkio.

  • Landeta eta Zabaletxe artean lau bideko errepidea egingo dute, gaur egun Loiolabide eta Sanjuandegiko biribilguneen artean dagoen moduan.
  • Zabaletxen biribilgunea egingo dute, eta Larre industrialdeko bidea aldatuko dute.
  • Zabaletxeko biribilgunetik Atxubiagakora bi bideko errepidea egingo dute.
  • Hasieran eta bukaeran, egungo GI-2635 errepidea "zuzendu, zabaldu eta hobetu" egingo du Aldundiak.
  • Zapatari baserriaren inguruan bukatuko da errepide berria.

Lur mugimendu handia. Aldundiaren esanetan, obrarekin "lur mugimendu handia" egingo dute, eta 189.000 metro kubiko lur soberakin eragingo ditu. Beraz, proiektuan saihesbiderako erabiliko den hondakindegi bat proposatu dute.

Aurrekontua. Obrak kontrata bidez egiteko 7.158.770 euroko (BEZ barne) aurrekontua jarri du Aldundiak.