Herriko beste bi gazte Madrilera deitu dituzte, deklaratzera

Urola Kostako Hitza 2005ko uzt. 16a, 21:07

Askatasunaren hitzetan, Ertzaintzak zuzenean Espainiako Auzitegira bideratzen duen herriko bigarren auzia da (Urola Kostako Hitza)

Herriko J.U. eta A.A. gazteei, herrian pintadak egitea leporatu eta horregatik "terrorismoa goraipatzea" egotzi diete. Hori dela eta, asteartean, Espainiako Auzitegi Nazionalera deitu dituzte deklaratzera.

Askatasunaren esanetan, "bi gazte Madrilera deklaratzera deitu izana, Azpeitiko udaltzain baten testigantzan oinarrituta Ertzaintzak osatutako txosten baten ondorioa da. Ertzaintzak zuzenean berak egindako txostena Espainiako Auzitegi Nazionalera bideratu du, han epaituak izateko. Orain gazteek kartzela zigor eskariei aurre egin beharko diete".

Askatasunak atzo (ostirala) adierazi zuenez, Azpeitiko bi gazteena ez da Ertzaintzak zuzenean Madrilera zuzendu duen aurreneko auzia: "Lehen kartelak eta pankartak jartzeagatik presio poliziala jasan dute herritarrek. Manifestazioan parte hartzeagatik Eusko Jaurlaritzatik hainbat isun jaso dituzte hainbat gaztek. Eta hori larria zen, baina orain Garzonen tesietan oinarritutako txostenak egin eta Espainiako Auzitegi Nazionalean herritarrak auzipetzeko eskaerak egiten hasi da Ertzaintza. Presoen eskubideen defentsan eginiko manifestazio batean parte hartzeagatik zazpi herritarren aurkako akusazioak Madrilera bideratzea izan zen aurrenekoa".

Askatasuna poliziak herrian duen jarrerarekin "kezkatuta" agertu da. "Hainbat gorputz polizialen jarrera eta errepresioa jasanezinak izatera iritsi dira. Urtea, herritar baten aurkako tiroketarekin hasi genuen. Komisaldegietan torturatzen dela jakinekoa zen, eta herritar bat torturatuz halaxe zela erakutsi ziguten. Boladaka, Guardia Zibilak, kalez jantzitakoen eta errepide kontrolen bidez, gauzatzen duen kontrol soziala itogarria da. Eta Ertzaintzak, Guardia Zibila eta Espainiako Poliziarekin elkarlanean, errepresio estrategiaren azken muturra osatzen du". Azpeitia bakean uzteko eskatu zuten: "Bide polizialak, gatazka politikoa gainditzeko bidean pausoak eman ordez, sufrimendua, konfrontazioa eta tentsioa besterik ez dituelako eragiten. Eta herritarrak kartzelarako bidean ipintzeak gatazkaren luzapena besterik ez dakarrelako".

Herrian ematen ari den "errepresioaren ardura" herriko agintariek ere badutela esan zen Askatasunak: "Herriko agintariak, EAJ eta EAkoak, isilik daude, eta horrek errepresioari babesa ematen dio. Hauei, bada, Ertzaintza gelditzeko eskatzen diegu".