Beste hamar eragilek dute Bai Euskarari Ziurtagiria

Urola Kostako Hitza 2005ko uzt. 4a, 15:07
Bai Euskarari Ziurtagiria jaso zuten herriko bertako eragileak Uztarria Kultur Koordinadora eta Kontseiluko kideekin.

Bai Euskarari Ziurtagirien banaketa ekitaldia egin zen plazan, zapatuan (www.urola-kostakohitza.info)

Gero eta eragile gehiago ari da animatzen euskararen normalizazioaren alde pausoak ematera, zapatuan Azpeitiko ekitaldian ikusi zen bezala. Izan ere, beste hamar eragilek daukate orain Bai Euskarari Ziurtagiria. Denera, herriko bertako 33 eragilek jaso zuten ziurtagiria, Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenen eskutik. Herrian badira beste 11 Bai Euskarari Ziurtagira dutenak, ez direnak herri mailako erakundeak. Denera, beraz, Azpeitian ia 50 eragile daude ziurtagiri hori dutenak.

Atzo Amenabar Denda, Disdira Bitxitegia, Hitzeko, Iarr Irish Pub, Izarraitz Inmobiliaria, Lagun Onak Txirrindulari Elkartea, Landetalan Bat Zerbitzuak S.L., Lazkano Olaizola Aholkularitza Inmobiliarioa, Loiola Sukaldeak eta Otamendi erloju eta bitxi dendak jaso zuten ziurtagiria. Lehendik ziurtagiria zuten eragileetatik lauk maila gainditu egin dute: ELA Urola Kosta, Etxahun, Iturralde Iturgintza S.L. eta Kimu Bat S.L.

Azpeitian euskararen aldeko normalizazioaren aldeko prozesua abiatu zenetik, atzo hirugarren aldiz banatu ziren Bai Euskarari Ziurtagiriak. Kontseiluak ematen du agiri hori, eta Uztarria Kultur Koordinadorak egiten du horren jarraipena Azpeitian.

Ekitaldia, Joxe Luis Gorrotxategiren bertsoekin hasi zen. Ondoren, Jone Urkizu Uztarriako kide eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren jarraipenaz arduratzen denak, urte osoan zehar ziurtagiria duten eragileek hartutako konpromisoak betetzeko egindako ahalegina zoriondu zituen.

Ziurtagiria duten eragileetako baten ordezkariak ere hartu zuen hitza: Aitziber Salegik, Jone eta Maikarrekoak. "Euskararen normalizazioa lortzeko Azpeitian egiten ari garen lana oso positiboa da. Herriko saltoki eta enpresa ugari ari gara lanean euskaraz bizi eta lan egitera iristeko, eta hori oso pozgarria da. Guri ere baitagokigu pausoak ematea, euskaraz bizi nahi dugunak geroz eta gehiago baikara".

Laxaro Azkune Uztarria Kultur Koordinadorako lehendakariak,Azpeitian euskararen presentzia handitzen jarraitzeko aurerrapausoak ematea ezinbestekoa dela eta horretaran jarraitzeko bitartekoa Bai Euskarari Ziurtagiria dela azpimarratu zuen. Azkenik, Xabier Mendiguren Kontseiluko lehendakariak hartu zuen hitza eta agiria jaso zutenak zoriondu zituen, "azkenaldian etengabe ari gara zirutagiriak banatzen eta horrek adierazten du hasieran zaila zirudiena lortzen ari garela. Errekatxoa zena ibai bihurtu da, eta etorkizunean itsaso zabal bihurtuko dugu". Azpeitian "euskararen aldeko giroa" badela aipatu zuen Mendigurenek, "eta hori mamitzen eta zabaltzen" laguntzen jardun direnei eskerrak eman zizkien.

Bai Eukarari Ziurtagiria (Herrikoak bertakoak)

Berriak.
- Amenabar Denda (Bidean maila).
- Disdira Bitxitegia (Bidean).
- Hitzeko (Zerbitzua eta Lana).
- Iarr Irish Pub (Bidean).
- Izarraitz Inmobiliaria (Bidean).
- Lagun Onak Txirrindulari Elkartea (Zerbitzua Euskaraz).
-Landetalan Bat Zerbitzuak S.L. (Zerbitzua eta Lana).
- Lazkano Olaizola Aholkularitza Inmobiliarioa (Zerbitzua Euskaraz).
- Loiola Sukaldeak (Bidean).
- Otamendi erloju eta bitxi denda (Bidean).

Berritu dutenak.
- Agirre Opari Denda (Zerbitzua Euskaraz).
- Arrospide Oinetakoak (Zerbitzua Euskaraz).
- Babesa Gazte Moda (Zerbitzua Euskaraz).
- Eklipse Kultur Denda (Zerbitzua Euskaraz).
- Izarraitz Igeriketa Elkartea (Zerbitzua Euskaraz).
- J.B. San Sebastian Harategia (Zerbitzua Euskaraz).
- Jone eta Maikar S.L. (Zerbitzua Euskaraz).
- Kili-kolor (Zerbitzua Euskaraz).
- Koop. Legarda (Zerbitzua Euskaraz).
-Lagun Onak Mendi Bazkuna (Zerbitzua Euskaraz).
- Landatek Bulego Teknikoa (Zerbitzua Euskaraz).
- Mugi Kirolak (Zerbitzua Euskaraz).
- Ongi Etorri Jatetxea (Bidean).
- Oriyo kioskoa (Zerbitzua Euskaraz).
- Pildain Inmobiliaria (Bidean).
- Sarea Informatika (Zerbitzua Euskaraz).
- Urke Argazkiak (Zerbitzua Euskaraz).
- Urrestilla Jantzi-denda (Bidean).
- Uztarria (Zerbitzua eta Lana).
- ELA Sindikatua Urola Kosta (Zerbitzua eta Lana).
-Etxahun (Zerbitzua eta Lana).
-Iturralde Iturgintza S.L. (Zerbitzua Euskaraz).
- Kimu Bat S.L. (Zerbitzua Euskaraz).